Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/17

Eskoriatzako EAJk Puri Regidor aurkeztu du udaletxeko zinegotzi berri gisa

Aitor Urrutiak bere dimisioaren arrazoiak azaldu eta Eskoriatzako EAJ-PNVk zinegotzi berriarengan konfiantza, itxaropen eta ilusio guztia duela adierazi du. Puri, zinegotzi berriak, ilusioz eta gogoz ekingo dio lanari eskoriatzar guztien ordezkari izaten eta gauzak hobetzen saiatzeko
Eskoriatzako EAJk Puri Regidor aurkeztu du udaletxeko zinegotzi berri gisa

Aitor Urrutia zinegotzi jeltzaleak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Puri Regidor zinegotzi berria aurkezteko eta bere dimisioaren nondik norakoak azaltzeko. Urrutiak adierazi du bizitzan gauza oro hasi eta bukatzen dela eta erantzukizunak hartzen direnean, erantzukizun horiek zentzu berezia hartzen duten uneak ere badirela. “Nik uste dut duintasun osoz hartu ditudala ardura horiek azken zazpi urteetan, baita batzuetan sortu diren egoera zailetan ere” gaineratu du.

“Hartutako konpromisoetatik dimititzea ez da erabaki erraza izan, jarraitu du Urrutiak, ez baitoa nire izaerarekin, baina izaten dira une batzuk non gutariko bakoitzak gure buruari galdetu behar izaten dion zerbitzu hobea ematen duen orain arteko postuan mantenduz edo horri uko eginez”. Zinegotziaren esanetan, batzuk politikara zerbitzatzera etorri gara, ez politikaz zerbitzatzera nabarmentasun publiko edo posturen bat lortzeko asmoz. Zerbitzu bokazio horretatik sorturiko egoera orotan ahal izan duen onena ematen saiatu dela azpimarratu du Urrutiak. Halaber, gehitu du alderdiaren esanetara gelditzen dela, Eskoriatzako Uri Buru Batzarreko Presidente bezala, batetik, eta alderdikideen zerbitzura, bestetik. “Ez noa nekatuta edota erreta nagoelako, duela hiru urte hartutako konpromisoak betetzea eragozten dituzten zirkunstantzia pertsonalengatik eta Eskoriatzako Eusko Alderdi Jeltzaleak abian jarritako berrikuntza prozesuagatik baizik” azaldu du.

“Etorkizuna gaur hasten da, geroak, Puri udaletxean dugula ekiten dio” adierazi du Urrutiak. Aipatu berrikuntza prozesuaren ildotik, gaur Puri Regidor aurkeztu dute EAJ-PNVko zinegotzi berri gisa eta Urrutiak Eskoriatzako jeltzaleen konfiantza, itxaropen eta ilusioa guztia duela adierazi du. Eskerrak eman nahi izan dizkio bere prestasunagatik eta sortua duten lan taldearen sostengu guztia izango duela gaineratu du, “sinisten dugun taldeko lan horren aldetik”.

Bukatzeko, eskerrak eman dizkie Urrutiak, lehendabizi birritan Eskoriatzako EAJ-PNVko zerrendaburu izan zedin euren konfiantza eskaini zioten alderdikideei, zerrenda-kide izan dituen guztiei, lehen legegintzaldian taldekide izan zuen Begoña Erañari eta guzti hori posible egin zuten botu-emaileei, “plazer bat izan da zuen konfiantzaz gozatu eta zuen eta eskoriatzar guztien zerbitzura egon izana, umiltasun osoz esaten dizuet: gaizki egindakoak barkatu eta ongi egindakoak kontutan hartu” amaitu du.

Purik bere aldetik, erronka berri honi ilusio eta gogoz ekingo diola adierazi du. “Egungo errealitatean oinarrituta eta herritarrekin lan eginez, gertutasunez, egingo dut lan” hitz eman du Purik. Herritarrekin harreman estua izan nahi duela gaineratu du zinegotzi jeltzale berriak, elkarrekin lan eginez gauza asko lor daitezkeelako. “Elkarlan hori gauzatzeko astean behin udaletxean izango nauzue zuen kezkak, iradokizunak, beharrak etab. entzuteko, ondoren kasuak aztertu eta erantzuna emateko” azaldu du

Regidorrek. Horregatik, herritarren parte hartzea sustatu nahi izan du, hemendik gutxira proposamenak jasotzeko.

Amaitua aurretik eskerrak eman dizkio Aitorri egindako lanagatik eta eskainitako laguntzagatik. “Ziur naiz beti laguntzeko prest izango zaitudala, zure izaeraren parte baita erakutsi duzun borroka grina hori, badakit hor izango zarela behar dudan guztietan” adierazi du. Amaitzeko, EAJ-PNVren ideiak partekatu eta alderdiaren parte izan arren, Purik bere independente baldintza azpimarratu nahi izan du. “Botoa eman ziguten guztientzat eta nigan alternatiba ikusten duten guztientzat egingo dut lan, eta guztien ordezkari izan nahi dut; gauzak beste modu batera egin daitezke beti eta beti hobetu daiteke ondo dagoena eta zuzendu gaizki egindakoa, hori da nik gaur hartu nahi dudan konpromisoa” amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...