Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/11

EAJk Bergara lanbide-heziketaren erreferente izatearen aldeko apustua egin du

Urte betez zinegotzi, parlamentari jeltzale eta EAJ-PNVko zuzendaritzaren etengabeko lanaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Miguel Altuna Institutu berriaren obrak lizitatuko ditu 2015 urte hasieran. EAJren helburua da Bergara lanbide irakaskuntzaren erreferente bilakatzea eta institutu eta euskal enpresarien arteko elkarlan publiko-pribatua sustatzea.
EAJk Bergara lanbide-heziketaren erreferente izatearen aldeko apustua egin du

Aintzane Oiarbide Bergarako udaletxeko bozeramaile jeltzaleak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Gipuzkoako EAJko Hezkuntza arduradun den eta lanbide heziketa ondo ezagutzen duen Karlos Ormazabal burukidearekin batera. Bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, joan den astean 2015ean Miguel Altuna eskolako obrekin hasteko konpromisua ofizial egin zen. Oiarbidek adierazi du administrazio eta zerbitzuen sailburu orde Olatz Garamendi eta lanbide heziketaren sailburu orde Jorge Arevalok, Euskadi mailan lanbide heziketan erreferente den ikastetxea bisitatu zutela zuzendari eta bergararrei eraikin berria Candy enpresa inguruan egingo dela eta 12 milioi inguruko inbertsioa izango duen proiektua 2015 urte hasieran lizitatuko dela azaltzeko. Proiektu honi duela 10 urte eman zitzaion hasiera, Victoriano Gallastegi alkate ohiak etxebizitza sailarekin akordioa sinatu ostean, horri esker aipatu lursailak eskola berria eraikitzeko izango zirela hitzartu zen. 10 urtez EA eta PSEko hezkuntza sailburuekin negoziaketetan eta lanean aritu ostean, jarraitu du bozeramaile jeltzaleak, EAJk hezkuntza sailaren ardura hartzean eman zaio MAI proiektuari benetako bultzada, “egindako apustuari esker errealitate bihurtuko da MAI proiektua” gaineratu du.

GBBko hezkuntza saileko arduradun den Karlos Ormazabal burukideak gogorarazi du 2013ko Eusko legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, Gipuzkoako EAJk ikastetxea bisitatu zuela eusko legebiltzarrerako hautagaiekin, Joseba Egibar buru zelarik. Geroztik, adierazi du Karlos Ormazabalek, argi izan dugu ikastetxe berria eraikitzea erabat beharrezkoa eta lehentasunezkoa zela.

Udal bozeramaileak azaldu du Bergarako EAJk gogoz eta ahaleginez egin duela lan Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzako gidaritza hartu zuenetik, duela jada urte bete baino gehiago. “Urkulluk krisi testuinguru gogor baten pean ekin zion gobernuko lanari, adierazi du Oiarbidek, eta bagenekien aurrekontu guztiek %40-60ko murrizketa izango zutela eta beraz, ez zela erraza izango MAI bezalako eraikin berriak egiteko diru-laguntzak lortzea. Hezkuntza sailetik aurrekontu zailtasunen berri ematen ziguten, baina ez genuen etsi. Urteetako lana izan da”.

Bergarako EAJren ustetan beharrezkoa zen GBBko eta EBBko zuzendaritzaren inplikazioa, azken batez erabaki politikoa zelako, eta proiektuak behin betiko bultzada izan zezan, Lorea Bilbao, EBBko Hezkuntza Arduraduna gonbidatu zuten ikastetxera.

Lehen bisitaz geroztik, lan sakona egin da zuzendaritzen, Garbiñe Mendizabal parlamentari jeltzalearen, hezkuntza sailburuordetzaren eta Bergarako zinegotzi eta alderdiaren artean.

Aintzane Oiarbidek adierazi du lan prozesu luze honetan EAJ etengabeko kontaktuan egon dela Miguel Altuna institutuarekin eta eskerrak eman nahi dizkio zuzendaritzari beren laguntzagatik eta izandako pazientziagatik. Halaber, kolaborazio publiko-pribatuaren ildotik MAIk egindako lana azpimarratu du jeltzaleak, izan ere, EAJk beti babestu izan du eredu publiko-pribatua eta “eredu hori sustatzen jarraituko dugu hezkuntza eta industria optimizatu eta lanpostu sendoagoak sortzeko” gaineratu du.

Bestalde, Oiarbide bozeramaile jeltzaleak MAIko zuzendari guztiei eta baita beren makinak eskaini eta proiektuan lanean ari diren eta Euskadiko industria eta ekonomia sustatzen ari diren enpresariei eskerrak eman dizkie. Aipatu guztiagatik, Bergarako EAJren lana ez da hemen amaitu, duela urte bete ekonomia eta industria sustatzeko sortutako lan taldeak lanean jarraituko du enpresariekin eta ikastetxearekin. EAJk bere proiektua beraiekin partekatuko du Bergara lanbide-hezkuntzaren puntako gune eta Euskal Herriko erreferente izan dadin.

Karlos Ormazabal GBBko burukideak azpimarratu du lanbide heziketak Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan duen garrantzia, lurralde honetan industriaren pisua PIBn handiagoa bai da Euskadiko beste lurraldeetan baino, eta kontutan izan behar da, burukidearen iritziz, Gipuzkoako lanpostuen % 70ak lanbide hezkuntzako titulazioa behar dutela. Ormazabalek adierazi du langintza publiko-pribatua, hau da, lanbide hezkuntzako zentroak eta inguruko enpresen arteko lankidetza dela Gipuzkoako lurraldearen bilakaera ekonomikoaren gakoetako bat, kalitatezko lanpostuen gakoetako bat, eta beraz, EAJko burukideak bai eskola eta baita enpresariak ere bide horretatik jarraitzera animatzen ditu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube