Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2008/09/27

LEHENDAKARIAK PATXI LOPEZEK ESPAINIAKO GOBERNUAREN EUSKADIKO ORDEZKARI BATEN HITZALDIA ESKAINI DUELA ETA FIDATZEKOA EZ DELA ESAN DU

LEHENDAKARIAK PATXI LOPEZEK ESPAINIAKO GOBERNUAREN EUSKADIKO ORDEZKARI BATEN HITZALDIA ESKAINI DUELA ETA FIDATZEKOA EZ DELA ESAN DU

Bere erantzuteko txandan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Patxi Lopez euskal sozialisten bozeramaileak bere mintzaldian iragarritako gehiengo politiko berriari buruz aritu zen. “Zein gehiengo politiko berriaz ari zara eta nola lortuko duzue?” galdegin zuen Ibarretxek. “Nicolas Redondok Mayor Orejarekin ordezkatzen zuenari edo Jauregi jaunaren zerrenda zurienari buruz” ari baldin bazen galdetu zion jarraian. “Izan ere, zurekin, Gobernua osatzen dugun alderdiekin, esan dizkiguzunak esan eta gero ez duzue deus ere nahi izango” adierazi zuen Ibarretxek.

“Gehiengo berrien aukera asko aurretik pasatzen ikusi ditut... Mayor Oreja, Iturgaiz, Nicolas Redondo eta Maria San Gil... Eta guztiek zuk esandako gauza bera esan zidaten Lopez jauna”, azpimarratu zuen Lehendakariak. Bere mintzaldia “ideologiaren” aurrean “fraseologia” nagusitzen zen garaikoa zela ere adierazi zion Ibarretxek. Jarraian sozialisten bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean eskainitako mintzaldia “Gobernuaren Ordezkari baten hitzaldia” izan zela adierazi zuen Lehendakariak. “Espainiako Gobernua Euskadin defendatzera soilik etorri zara hona”. “Garmendia ministroak Zientzia eta Teknologia eskuduntza transferitu behar duela entzutea espero nuen, Estatutuan esklusiboa den eskuduntza baita. Baina ez duzu esan”.

Ondoren, Eusko Legebiltzarrean onartutako Transferentzien Lehentasunei buruzko Txostena defendatzen duela noizbehinka esan dezala eskatu zion Ibarretxek. “30 urte ondoren Estatutua bete gabe egotea ez dela onargarria esan dezazula. Noizbait ministroren bati Estatutuaren eskuduntzak transferitu behar direla gogorarazi diezaiozula”, gaineratu zuen.

Lehendakariak Cristina Garmendia ministroa ere aipatu zuen Zapateroren Gobernuko ministroen eta Presidentearen beraren arteko desadostasunak gogorarazteko. Ildo honetatik, orain gutxi energia nuklearraren alde azaldu zela eta jarraian Jose Luis Rodriguez Zapaterok berak zuzendu behar izan ziola gogoratu zuen Ibarretxek.

Espainiako Gobernuko Presidenteari “euskalherria” hitza eramateagatik kirol Selekzioak erregulatzen dituzten arauen aurka jarri duen errekurtsoa kentzea eskatu ziezaion adierazi zion Ibarretxek Lopezi. “Estatutuan jasotzen denari errespetu falta bat delako eskatzen dizut, herrialde hau `País Vasco´ edo `Euskal Herria´ gisa definitzen baitu”, aipatu zuen.

Legealdian zehar Alderdi Sozialistarekin lortutako akordioak onartu zituen Lehendakariak. Horietaz eta Legealdian oposizioko beste alderdi batzuekin adostutako gainerako akordioez ere harro sentitzen zela jakinarazi zion bozeramaile sozialistari. PSOE eta PP alderdiei, behin Auzitegi Konstituzionalak Kontsultaren Legea baliogabetu zuela, “Gernikako Estatutua estalita”, Estrasburgora jotzeak zergatik gogaitzen dituen hainbeste galdetu zien Ibarretxek. “Iritzia emateko - kontsulta demokratiko batean- daukadan eskubidea urratu egin dute. Eta behar den toki guztietan apelatuko dut nire iritzi demokratikoa emateko eskubidea onartuta ikusi arte. Eta gizarteari alderdiek Europan eta Munduan aurkeztuko dituzten eskaerak babes ditzala eskatuko diot”, gaineratu zuen.

Lehendakariak Estatuaren ordezkaria bera dela gogorarazi zion Patxi Lopezi eta Estatua Madrilgo Gobernuarekin ez nahasteko, “Estatuaren ordezkaria izateak ez duelako esan nahi Espainiako Gobernuak esaten duen guztiari baiezkoa eman behar zaionik”, adierazi zuen Ibarretxek Estrasburgon helegitea aurkeztuz gero Lehendakariak bere burua ere auzitara eramaten ariko zela defendatzen duen hipotesiari erantzunez.

Modu berean, sozialisten bozeramaileari esan zion Euskadin pertsona gutxiagorekin hazkunde ekonomiko handiagoa lortu izan badugu “zertarako kritikatzen duzu herrialdearen lan gaitasuna?. Hau ez da politika, matematikak dira. Pertsona gutxiagoren artean gehiago egiten badugu produktibitatea handitzen dugula da”. Ibarretxek Patxi Lopezi gogorarazi zionez, bere hitzaldian krisiaren ondorioei aurre egiteko berrogeita hamar bat neurri aurkeztu zituen eta Zapatero Presidenteak ez zuen bakar bat ere aurkeztu Kongresuan egin zuen mintzaldian. “Ez da harritzekoa, izan ere, Zapaterok baieztatu digu dagoeneko bere lehenbiziko helburua zu Lehendakari izatea lortzea dela eta, hortaz, ez du bere denbora berebiziko garrantzia
duten auzietan emango”.

Lehendakariak bozeramaile sozialistari aurpegiratu zion bere alderdiak Legealdi osoa guztiari EZETZ esaten eman duela. “Baietza soilik Batasunari eta ETAri eman diezue”. Galdeketa demokratiko bat eta alderdien mahai bat egitearen alde zeundetela esan zenieten, baina gauza horiek planteatzen dituena Lehendakaria baldin bada erantzuna ezezkoa da, Gernikako Estatutuari emandako ezetza bezala, baina hori bai talante oneko irribarre batekin”.

Ibarretxek gogoratu zuen PSOEk Nafarroan UPNk gobernatu dezala onartu zuela. Lehendakariak adierazi zuen, gainera, Zapaterok Katalunian bertako Legebiltzarrak Estatutu erreformaren inguruan hartutako erabakia errespetatuko zuela adierazi ondoren, ez zuela hitza bete. “Nafarroan eta Katalunian egin duzuena ikusita ez zarete fidatzekoak. Ez nuke utziko nire dirua kudeatu zenezaten”, esan zuen.

PPko bozeramaileari, Lepoldo Barredari, Lehendakariak bere alderdia Europako alderdi kontserbadore bat izatea eskatu zion.”PPn garai berri bati ekitea erabaki zenutela uste nuen. Zeratarako aldatu duzue Maria San Gil gauza bera esatera etortzen bazarete. Ez ezazue lortu haren falta senti dezagun. Diskurtso berri egiteko gai izan zaiteztela espero dut”, eskatu zion Barredari.

Ildo honetatik, Ipar Irlandako bake prozesuan ere erabat aurka zeudenak izan zirela eta gaur egun batera agintzen dutela jakinarazi zuen Ibarretxek, Martin McGuinness Sinn Feineko liderrari eta Ian Paisley-ri, unionisten buruari erreferentzia eginez. “Imajinatzen al duzu zure burua Lehendakari gisa eta Nekane Erauskin zure Lehendakariorde bezala?”. Han posible izan bazen, zergatik ezin da izan hemen, Euskadin?”

PPri euskara jaurtitzeko arma gisa ez erabiltzeko eskatu zion eta euskal Osasun Zerbitzua hiritarrek ondoen baloratzen duten sektoretako bat dela gogoratu zuen. Euskadiko hezkuntza ereduaren inguruan egindako kritikei buruz, Espainiako gobernuak berak Euskadiko hezkuntza eredua bere bikaintasuna dela-eta saritu duela gogoratu zion Lehendakariak.

EHAK-ko bozeramaileari, Nekane Erauskini, Ibarretxek adierazi zion Eusko Jaurlaritza talde horrekin elkarrizketan aritzearen alde egon dela beti eta gogoratu zion talde hori izan zela aurrekontuen eztabaidan parte hartzeari uko egin ziona.

Eusko Jaurlaritza Auzitegi Konstituzionalaren erabakiei men egitera mugatzen zela adierazten zuten EHAKren salaketei buruz, Ibarretxek jakinarazi zuen “Alderdien Legeak legez kanpo utzi zuenean Ezker Abertzaleak egindako gauza bera egingo duela bere Gobernuak. Estrasburgora jo zenuten eta hori da, hain zuzen, guk egingo duguna. Eta zuen proiektu politikoa defendatzeko aukera izan behar duzuela uste dut”.

Amaitzeko, ETAri eta ETAk burutzen duen indarkeriari ez dietela ezer esan gogorarazi zien. “ETAren bonba eta atentatu bakoitza elkarrizketaren aurkako atentatu bat da. Uste hori duen jende asko dago Ezker Abertzalearen baitan. Ezin da politika egin eta ETAk atentatzen duen bakoitzean beste aldera begiratu”, esan zuen Ibarretxek.

Aralarreko bozeramaileari, Aintzane Ezenarrori, berdintasunaren alde gizonezkoen lana garrantzitsua dela onartu zion eta bere alderdiak akordioak lortzeko erakutsi duen borondate ona eskertu zion.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...