Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2006/09/14

INDEPENDENTZIAREN BANDERA
Inaki Zuloaga

INDEPENDENTZIAREN BANDERA<BR>
Inaki Zuloaga



Duela egun batzuk Kataluniara joan nintzen. Lleidako Plana de Urgelleko herri txiki batera hain zuzen, Kataluniako bere familiarekin egun batzuk pasa ondoren nire emazte eta seme alabak jasotzeko.
 
Dena normal. Eguraldi ona, karakolak eta “pan tomaca”.
 


Aldiz, zerbait paisaiarekin bat ez zetorren. Eraikitzen ari ziren etxe baten teilatu jarri berrian haizeak eraginez ikurrina bat nabaritzen zen.
 


Bukatutako etxe bat izango balitz eta norbait  bizi izango balitz berehala pentsatuko nukeen gure herritarren batek bertan etxea zuela. Baina, zer egiten zuen ikurrinak eraikitzen ari ziren etxe batean?
 


Senyera bat bai, baina ikurrina.
 


Ezin nuen gehiago jasan eta matrixen akats txiki haren zergatia jakiteari ekin nion.
 


Familiari galdetu nion eta beraiek ere ni bezain harrituta zeuden. Ikurrinak egun bat zeraman teilatu gailurrean teilatuaren lanen amaierarekin bat etorriz. Haiek ere jakin-minez zeuden.
 


Berenguer jaunak komunitate txikiaren barrentasunetaz jakitun “hemen ez dago euskaldunik” esan zidan. “Etxe hori, nik dakidanez, Fuster familiarena da” gaineratu zuen harriduraz. Hurrengo egunean Berenguer jaunaren laguntzaz herriaren gailurreraino joan ginen guztiotaz jabetu zen ezbaitasun hari amaiera jartzeko asmoz.
 


Etxabean eraikuntzaren martxa aztertzen ari zen Fuster familiaren patriarkarekin topo egin genuen.
 


Elkarrizketa Lleidako Katalan itxian izan zen arren, transkribatu egin dut:
 
  • Egunon Ricard, zer moduz doa?
  • Ongi Antoni , forjatua eta teilatua amaitu ditugu
  • Begira Ricard, nire ilobaren senarrarekin nago. Egun batzuk pasa dituzte gurekin. Bera euskalduna da eta teilatuan ipini duzuen ikurrinak harritu du. Zergatik jarri duzue ikurrina eta ez Senyera?
  • Oraindik independentzia adierazten duen bandera bakarra Ikurrina delako. Senyera bandera autonomiko bat besterik ez da.  Arturrek ( Mas ) berriro Katalunia madrildarrei saldu die eta oraingoan betirako da Antoni.
 
Solasaldiak gozoki beste ordu erdiz jarraitu zuen arren zati honekin bakarrik geratzen naiz.
 


Kataluniako Estatutu berria, katalandarren %90 babesaz Parlament-etik atera zen hura, guztiontzat eredugarri zen hura, Zapaterok eta PSOEk errespetatuko zuten hura, hainbeste hilabetez euskaldunoi muturretik pasa ziguten hura CiU eta Masen jokaera lotsagarriaren  hankapean akabatuta datza. Hauek, aldiz, pozik Carod-etaz mendekatu direlako eta lehen PPrekin akordioak egiteko erabili zuten boterea berreskuratzeaz.
 


Kataluniako Abertzaletasunaren militante zaharrek oso ondo dakite Zapaterok datozen 25 urteetako uzia guztiak ehortzi dituela eta badakite gainera, Kataluniako belaunaldi berriek ez dutela politika frankoren errepresioa bizi izan zuten belaunaldiek bezala bizi. 15 urte barru gure herrien tragedia gertutik bizi izan zuen azken belaunaldia  desagertuko da eta atzetik datorrena ez da oso esperantzagarria.
 


Madril, botere aristokratiko, politiko, militar eta judizialdun nahaste horrek azkenean nahi zuena lortu du eta Katalunia betirako Espainia Monarkikoaren eskualde bat izanen da. Baina Ricard Fuster bezalako jendea gehien mindu duena, Kataluniak Estatutu pantomima hori arbuiatzen ez jakitea eta otzan-otzan bozkatzera joatea eta Mas eta Zapateroren arteko zurikeriak berrestea izan da.
 


Eta gu. Nora goaz? Noiz arte izango da ikurrina independentziaren irudi? Zapaterok katalan erara aurkezten digun tranpan inozoak bezala eroriko al gara? PSOEk aurkezten digun eta Madrilgo nahaste horren interesetara besterik eramaten gaituela badakigun bideari jarraituko al diogu?
 


Gure onerako, espero dut, gure Euskal Herriaren eskubideen alde borrokatzeko bidea aukeratzen eta gure herriaren askatasunaren bidean hil zirenen oroitzapena onesten jakingo dugula. Nik, behintzat, egingo dut, oraindik eta bizitzaren bigarren zatian egon arren nire gaztaroko amets politikoei ez diet uko egiten eta hauek, euskal lur, burujabe eta errepublikarrean lurperatua izatea besterik ez dira. 
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...