Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
16/12/2025

GBBk euskararen kudeaketa eredugarria aitortzen duen BIKAIN ziurtagiriaren urrezko maila eskuratu du

Eusko Alderdi Jeltzalea da aitorpen hau jaso duen lehen alderdia
GBBk euskararen kudeaketa eredugarria aitortzen duen BIKAIN ziurtagiriaren urrezko maila eskuratu du

Eusko Jaurlaritzak luzatzen duen BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren goi mailako aitorpena jaso du EAJ-PNVko Gipuzko Buru Batzarrak: Bikain urrea, aitortza maila gorena. Eusko Alderdi Jeltzalea da Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria aitortu dioten lehen alderdi politikoa. Euge Arrizabalaga, GBBko presidenteak jaso du ziurtagiria Gasteizen ospatu den ekitaldian.

GBBk urrats sendoa egin du euskararen normalizazioan eta erabileran duen konpromisoa sendotzeko bidean. Aitortza honek erakundearen jardun osoan euskararen presentzia, kudeaketa estrategikoa eta etengabeko hobekuntza balioesten ditu, kalitate-estandar gorenekin bat eginez.

Euskararen erakunde erabilera sustatzeko ezarritako neurriak, barne-antolamendua, komunikazioa eta herritarrekiko harremanak aztertzen dituen ebaluazio zorrotzaren ondoren iritsi da aitortza. Urrezko mailak adierazten du erakundeak ez duela soilik lege-esparrua betetzen, baizik eta hizkuntza-politika aurreratu eta eraginkorra garatzen duela, emaitzetan eta eguneroko praktikan islatzen dena.

GBBk azken urteotan egindako lanak —langileen prestakuntza, prozeduren euskalduntzea, dokumentazioaren kalitatea eta zerbitzuen erabilgarritasuna— agerian uzten du euskararen aldeko apustu estrategikoa. Bide horretan, berrikuntza eta ebaluazio jarraitua izan dira ardatz, eta lortutako emaitzek erakusten dute norabide zuzena dela.

Aitortza honek, gainera, gizarteari bidaltzen dio mezua: erakundeek funtsezko zeregina dute hizkuntza-biziberritzean, eta kalitatezko kudeaketak eragin zuzena du euskararen erabilera erreal eta eraginkorrean. Urrezko mailak bikaintasunerako konpromisoa berresten du, etorkizunari begira erronka berriei heltzeko oinarri sendoak ezarriz.

GBBk eskerrak eman nahi dizkie prozesu honetan parte hartu duten langile eta eragile guztiei, baita euskararen normalizazioaren aldeko eguneroko lanean laguntzen duten guztiei ere. Lortutako aitortza pizgarri da bide berean sakontzen jarraitzeko, euskararen presentzia eta kalitatea are gehiago indartuz.

Hemen GBBko presidenteak adierazitakoa: 

Bihur dezagun nahitaezko euskara arazo handiez zein txikiez jarduteko geure gizarte-arlo guztietan, (…) eta aldi berean, gauza bilaka dezagun hizkuntza biziaraziko duten beharrizan horiek guztiak asetzeko, geografiaz eta historiaz hitz egin, irakurri eta idazteko, nahiz soziologiaz edo politikaz, moralaz edo zuzenbideaz, filosofiaz eta arte ederrez, industriaz eta merkataritzaz, ekonomiaz eta ogasunaz, eta beste hainbat arlo euskaraz jorratu ahal izateko, azken batean, euskaraz gogoa landu, bizimodua atera eta gizartean aurrera egin ahal izateko”.

Euskara gaurko gizartearen beharrizanetara moldaturik eta bizitza modernorako ezinbesteko hizkuntza bihurturik daukagunean, orduan euskal testuak idatzi ahal izango dira eta ikastolak sortu, umeek denetariko gauzak geure hizkuntzan ikas ditzaten. Gainera, ikastolen sorkuntzak ondorio gisa ekarriko du testuen argitalpena.”

Hitz horiek esan zituena jabetu zen euskara ezinbestekoa dela Euskadi eraikitzeko aro modernoan. Sabino Aranaren hitzak dira. Gu haren ezpalekoak, Eusko Alderdi Jeltzalekoak. Eta “Bikain Zurtagiria” jasotzean Sabino Aranaren hitzak nahi ditugu hona ekarri, eta aitortu eta eskertu hark eta beste makina bat euskaldunen eta euskaltzaleren lana, Aranaren ondoren eta aurretik. Azken batean herri bat bere hizkuntzarekin aberriari bultzaka daukagulako gaude hemen, ospakizun honetan: euskal herriko Euskadi eta euskara.

Abertzale izanik euskara gure jarduera politikoaren erdian jartzen ahalegintzen gara gu. Gipuzko Buru Batzarreko bilerak euskaraz egiten ditugu, eta batzoki, erakunde nahiz jendaurrean lehenik eta nagusiki gure hizkuntzan. Izan ere, duela 100 urte baino gehiago Sabino Aranak ikusi zuena garatzea da gure xedea: euskaraz bizitzea, gure hizkuntza zahar bezain berri eta biziarekin euskaldun izaten jarraitu nahi dugulako, XXI. mendean euskaran iraunez. Gure eskubidea da eta betebeharra, eta hori bultzatzea gure Alderdiko arduradun gisa.

Hori da EAJ-PNVko Gipuzkoako buruzagitzan ari garenok gure alderdikide eta zaleei eta herriari eskaintzen diegun konpromiso politikoa: euskara, beste ezerk ez bezala euskalduntzen gaituena, eragiten eta defenditzen jarraituko dugu, Euskadi euskal herriaren nazio duin izan dadin.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...