Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
03/12/2014

Eibarko Udal Gobernuak ez du euskararen erabilera sustatzeko borondaterik

Jeltzaleen ustetan Udala Euskarari buruzko ordenantzan motz geratu da konpromisoei dagokienean, euskararen erabilera sustatzeko benetako urratsak eman behar baitira urte osoan zehar. Halaber, EAJ-PNVko udal taldearen aburuz korrika eta presaka egindako ordenantza da, negoziazio politikorako tarterik ere izan ez duena.
Eibarko Udal Gobernuak ez du euskararen erabilera sustatzeko borondaterik

EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaile Eva Juez kritiko agertu da udal gobernuak aurkeztutako Eibarren euskararen erabilera arautzeko udal ordenantzaren inguruan. Izan ere, udal gobernuak ez du euskararen erabilera sustatzeko borondaterik erakutsi eta jeltzaleen ustetan udalak benetako konpromisoak hartu beharko lituzke, legediaren barruan, euskararen erabileraren aldeko urratsak emateko urte osoan zehar.

Hori horrela, EAJ-PNVk salatu du Euskarari buruzko ordenantza motz geratu dela konpromisoei dagokienean, "euskarari dagokion lekua emateko ordenantza ausartagoa nahi genuen" gehitu du Juezek.

Halaber, talde jeltzaleak adierazi du PSOEk ez duela ordenantza adosteko borondaterik izan, ez baitigute negoziazio politikorako paradarik ere eman. "Zuzenketa eta proposamenak aurkezteko ia ez dugu astirik izan eta Euskararen Eguna iristear zela jarri dira gurekin harremanetan" azaldu du bozeramaileak. Euskararen aldeko konpromisoa "saltzearren" aurkeztu nahi izan du gobernuak ordenantza, jarraitu du Juezek, baina nabaria da euskararen erabilera sustatzeko PSOEren borondate eza, nola uler daiteke bestela Euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza akats juridiko, formalismo akats eta estilo akatsez josita egotea? Argi eta garbi, korrika eta presaka egindako dokumentua da" aitortu du Juezek.

Horren harira, EAJ-PNVko udal taldeak jakinarazi du estilo zuzenketak egiteko proposamena ukatu zuela udal gobernuak; "hizkuntza berrikusketa ez onartzeak bistan uzten du gobernuaren euskararekiko konpromiso falta" azaldu du Juezek. Jeltzaleek hizkuntza akatsak zuzentzeaz gain, beste zenbait eskaera ere egin zituzten, hala nola, edozein kasutan euskara hizkuntza gisa lehenestea, udal langile guztiei bidalitako barneko komunikazio orokorra euskaraz edota bi hizkuntzetan izatea eta zinegotzien betebeharrak guztientzat berdinak izatea. Izan ere, ordenantzak jasotzen du: "Eibarko Udaleko kargu politikoek, euskaraz jarduteko gaitasuna dutenek, euskaraz eta gazteleraz hitz egingo dute ekitaldi publikoetan udalaren ordezkari gisa parte hartzen dutenean". "Beraz, udal gobernuak dioena da elebidunak bi hizkuntzetan egin eta gazteleraz dakienak berriz, gazteleraz soilik egingo duela eta hori erabat diskriminatzailea da" adierazi du Juezek. Horregatik talde jeltzaleak ondorengoa proposatu du: elebidunek zein hizkuntzetan egin nahi duten aukeratu ahal izatea edota euskaraz ez dakiten kargu politikoak euskalduntzea, hizkuntza gaitasuna lortzeko erraztasunak emanaz eta trebakuntza eskainiz.

Aipatu guztiagatik, EAJ-PNVko udal taldeak alegazioak aurkeztuko dizkio euskarari buruzko udal ordenantzari. "Ez dugu etsiko euskara dagokion lekuan jarriko duen ordenantza izan arte" amaitu dute

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...