Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
02/10/2014

Kataluniak aurrera egin dezan ezinbestekoa da CIUk eta ERCk Batasuna mantentzea

Egibarrek aurreratu du Euskal Herrian Ere emango dela abertzaleen arteko adostasuna, baina denbora behar dela.
Kataluniak aurrera egin dezan ezinbestekoa da CIUk eta ERCk Batasuna mantentzea

Elkarrizketaren bideoa hemen

GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, ezinbestekotzat jo du Kataluniako alderdi abertzaleek erabakitzeko eskubidearen eta honen ariketaren defentsan lortu duten batasuna. “CIUk eta ERCk indarrean daukaten batasuna ezin da apurtu, bestela, Estatuak edozein pitzadura erabiliko du prozesua oztopatzeko”, ohartarazi du ETB1eko Azpimarra saioan.

Egibar itxaropentsu agertu da Kataluniarekiko, ziur baita alderdi abertzaleek itzartuta daukatela “pausoz-pauso, denak elkarrekin joatea”. Eta hori da, hain zuzen ere, bere aburuz arrakastaren giltzarria. Madrilen eta Auzitegi Konstituzionalen debekuen gainetik, bozeramaile jeltzaleak uste du azaroaren 9ko kontsulta egingo dela eta kataluniarrek beraien etorkizuna erabakitzeko aukera izango dutela. Horren aurrean, “EAJ ondoan izango dutela” berretsi du eta alderdiak Euskal Herriko burujabetzaren alde lan egiten jarraituko duela helburu berarekin.

Etxera bueltatuta, abertzaleen batasuna posible ikusten ote duen galdetuta, baietz erantzun du. Behar beharrezkoa dela EAJ eta Sortu erabakitzeko eskubidearen inguruan ados jartzea, baina “erabakia bezain garrantzitsua dela denbora”. EAJ herri eraikuntzaren alde hamarkada luzeak lanean aritu den bitartean ezker abertzalea “beste zereginetan” aritu dela, eta erabaki guztiak ETAren esku uzten zituela, erakundeak zuzenean Espainiako Gobernuarekin negoziatu zitzan. “Bat-batean presa handia sartu zaie gurekin adostasunetara ailegatzeko eta egingo dugu, baina lasai”, adierazi du.

Egibarrek beste behin ere nabarmendu du edozein akordio errespetuan oinarritu behar dela eta ezker abertzaleak “etxerako lan mordoa” daukala egiteko zentzu horretan. Hasteko, azken hamarkadetan gertatu denaren inguruko irakurketa kritikoa egin behar duela. Ez dela nahikoa iragana pasa dela esan eta korrika eta prisaka abertzaleen batasunerako deia luzatzea.

Bestalde, ezker abertzaleak Herri honi zer eskaintzen dion ere zehaztu behar duela esan du. Independentzia bai, baina nola? Noiz? Eta zeinekin? Ildo horretan, gogoratu du EAJK baduela ibilbide horri zehatza, 2004. urtean onartutako Estatus Berrian agertzen dena. Gainera, gogoratu du alderdiko programaren 251.orrian ere eskubide historiko eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena zehatz-mehatz jasotzen dela. “Landuko dugu adostasunaren bidea eta bide hori gizartearen parte hartzearekin egin nahiko genuke. Guztion artean erabaki behar dugu nolako osasungintza nahi dugu, nolako hezkuntza, nolako ekonomia. Herri proiektuari guztion artean diseinatu beharko genuke, baina piano piano. Hori da urrutira iristeko modu bakarra”, azaldu du.

Kutxari buruz ere mintzatu da Egibar ezker abertzaleak “ikaragarrizko hanka sartzea” egin duela salatzeko. Jakinarazi duen bezala, ezker abertzaleak bost aulki eskatzen zituen fundazio berrian eta, lau zituztela ikusita, ardurak alde batera utzi eta pankartaren atzean gelditzea erabaki dute Joseba Permachen agindupean.

Gogoratu du fundazio berriak izango dituen 15 patronotatik sei izendatzeko aukera daukala ezker abertzaleak, baina ez dituela izendatu nahi, nahiz eta jakitun den erabaki asko beraien esku geldituko liratekeela hori eginez gero. Izan ere, akordio asko aurrera ateratzeko patronoen bi herenen babesa behar dute. “Baina ezker abertzalea ez du erabakirik hartu nahi. Nahiago du pankartan gelditu”, deitoratu du.

Burukide jeltzaleak ziurtatu du konfiantza osoa daukala Kutxaren prozesuarekin. “Gipuzkoak 1.500 milioiko patrimonioa dauka eta etekina atera behar dio. Orain, 90 patrono beharrean 15 izango dira, baina guztiak ordezkaritzaren arabera aukeratuak. Gure aldetik, Xabier Iturbe, Carlos Tamayo, Ikastolen Elkarteko Antonio Campos eta Gipuzkoako Alzheimerraren elkarteko ordezkaria egongo dira. Herri ordezkariak dira guztiak eta Eusko Jaurlaritza patronoen erabakien gainean izango da”, aurreratu du.

Prozesua ondo egiten ari dela ondorioztatu du eta denborak erakutsiko duela ezker abertzaleak bultzatu duen eztabaida honek “ez daukala inolako zentzurik”.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...