Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
16/12/2008

MAMUZ JANTZI BEHAR ZERBAIT IZATEKO
Azkoitiko EAJ-PNVko Batzarra eta zinegotziak

MAMUZ JANTZI BEHAR ZERBAIT IZATEKO<br>
Azkoitiko EAJ-PNVko Batzarra eta zinegotziak

Inaxio Uria erail zuten tiro koldarrak oraindik entzuten direnean ez da erraza beste zerbaitetaz idaztea. Zentzua galtzen du denak. Aski da, zoazte hemendik, utzi bakean… Horixe da bihotz zati bat duen edonori sortzen zaion oihua. Akabo isiltasun konplizeak. Akabo beldurrak. Pentsatzen duguna esan behar dugu. Gehiengoa gara eta ezin gara isildu. Hitz egin behar dugu, lasai eta ozen.

Ondorioz, Juan Mari Andueza, EAJ-PNVko zinegotzia eta Jose Luis Martinez herritarra, ezker erradikalak bere begi bistan jarri dituen honetan, hitz egitea dagokigu. Beraien ahulezia estali nahian, festa guztiak politizatzen dituen talde honek, danborradarekin ere berdin egin du. Denona den festa, beraiena bihurtu nahi izan du. Bere errebindikazio guztiak festara ekartzen dituen talde bakarra da, bere pentsamoldea inposatzen duen bakarra, bere egiteko modua mehatxuz zabaltzen duen bakarra.

Eta gainera horretarako mamu itxura hartu behar dute. Horixe da bai garbia eta errespetuzkoa izatea, aurpegia tapatuta jardutea. Eta besteok, bakeagatik ez gara atrebitzen aurre egiten. Berdin da danborradarekin, kontzertuekin edo txosnekin, gauzak ezker erradikalak nahi dituen modura egiten dira edo ez dira egiten. Eta egiten ausartzen denak badaki zer daukan, jokabide nazi baten ondorio den diana maltzurra.

Hauxe gertatu zaie Juan Mari eta Jose Luisi. Jose Luisi gainera izena galdu arazi diote bidean. Despertsonalizatu egin dute erasoa errazagoa izan dadin. Hauxe da beraien estrategia, izena kendu, zipaio, morroi, diruzale, autonomista, kapitalista… deitu eta danba!, dianan jarri. Eta gu isilik, beti aukerak emanaz, behin eta berriz, behin eta berriz… aldatuko diren itxaropenez.

Denok dakigu zer gertatu zen danborrada egunean. Talde guztietako banderatuek izan zuten erdiko balkoira irteteko aukera. Guztiek. Baina horrekin konforme ez eta kalean pankartak jarri behar, beraienak ez diren alderdi politikoak iraindu behar, udaleko balkoian beraien aldarrikapenak erakutsi behar. Eta guzti hori derrigorrez, beraiek diotelako, beraiek direlako arrazoiaren jabe, beste guztiok saldu batzuk garelako. Eta Juan Mari eta Jose Luis joko horretan sartu ez zirelako, entzun egin behar, gutunak jaso behar, presioa jasan behar. Hauek eta beraien familiek. Baina horrek ez du inporta, arrazoi osoaren jabe baita ezker erradikala eta beste guztia gatazkaren ondorioa da. Gerretako “daños colaterales” tamalgarriak.

Argi esaten dizuegu ordea, ez zaitezte arduratu EAJ-PNVtaz. Utzi gaitzazue bakean. Arduratu zaitezte zeuon buruez. Galdetu ezazue zenbat jendek egiten dituen zuek deitutako greba nazionalak.Galdetu ezazue Barakaldotik Donostiara eta hemendik Tuterara zenbat herri gelditzeko gai zareten zuen aldarrikapenekin. Herri txikietan duzue bakarrik oihartzuna eta beroietan, zuen pikete “konbentzitzaileei” esker. Urruti gelditzen zaizue Euskal Herria. Gainera, herri hau abertzalea dela esatean, gu ere kontatzen gaituzue eta jarraian, herri hau saltzen dugula diozue. Zertan gelditzen gara? Zuen porrotaren isla gara eta hori ezin duzue onartu. Baina ez da gure errua. Urte askotako historia dugu herri honen askatasunaren bidean, baina zuei Aranataz Agirretaz edo Irujotaz hitz egitea, azken batean Euskaditaz hitz egitea, alferrik da; ez baituzue herri honetan sinisten, bestela, aspaldi jarri zineten pistolen aurka.

Baina zaudete lasai, guk gure lanean jarraituko dugu. Hasteko, Juan Mari eta Jose Luis babestuz, gutarrak direlako, indarkeriaren biktima guztien moduan. Eta jarraian, herri honetan, Euskadin, Azkoitian sinisten dugulako; Lauaxeta, Lizardi edo Leteren poemek hunkitzen gaituztelako. Hauek, gauza bat erakusten baitigute: herri bat maitatzeko, bertan bizi direnak maite behar direla. Baina hori zuei esatea, zaharren kontua da. Ez baitzarete konturatzen, bere historia ukatzen duen herriak, ez duela etorkizunik. Eta zuek aspaldi ukatu zenuten.

Hala ere, indarkeri mota guztien aurka altxatzen zareten egunean, hortxe izango gaituzue. Orduan jabetuko baitzarete, beste arrazoi zati asko ere banatuak daudela beste eskuetan eta ez dagoela arrazoirik, hilketa bat edo honen aurreko isiltasun bat merezi duenik. Inazio Uriaren erailketarekin beste aukera bat galdu duzue. Noiz arte?
Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...