Euzkadi Buru Batzarra

Nor Gara

Ezagutzera eman
Markel Olano Arrese

Markel Olano Arrese

Beasainen hazi eta Hondarribian bizi den abertzalea naiz. Etxetik jaso dudan abertzaletasuna nire irakurzaletasunarekin elikatu dut, baina sekula ez ditut ahaztuko ikastolen udalekuetan Jesus Mari Arrietak suaren inguruan biltzen ginen haur guztiei kontatzen zizkigun ipuinak. Herri baten partaide izatea ez baita soilik arrazoiz hartzen den erabakia, baizik txiki txikitatik bihotzean txertatzen den sentimendua. 

Gazte-gaztetatik hasi nintzen EGIn militatzen. 1980ko hamarkadan gure alderdiaren defentsa egitea ez zen erosoa, noski, baina Goierriko EGI indartsu bat antolatzeko gaitasuna izan genuen, eta horrek hamarkadetan elikatu du gure antolakuntza. 

Euskal kulturarekin eta elizarekin harremana izan nuen aldi berean, eta horrek nire abertzaletasuna aberastu egin zuen, alde batetik euskararen zentraltasuna finkatuz eta, bestetik, gure izaera humanistari edukia emanaz. 

Filosofia ikasketak burutu nituen EHUn eta doktorego tesia idazten hasi nintzen Joxe Azurmendiren zuzendaritzapean, baina Tesia ez nuen bukatzerik izan Joseba Egibarren eskutik GBBn sartu nintzelako buru-belarri 1996tik aurrera. Gogoan dut garai hartan zein gogorra egin zitzaidan Euskadi Irratiko tertulia politikoetan parte hartzea ostiral goizetan. Izaera lotsatia dut eta zaila egiten zitzaidan komunikazio publikoa. Neure burua zaildu egin behar izan nuen. 

2000. urtean Xabier Arzalluz buru zuen EBBn sartu nintzen burukide moduan, eta horretan jardun nuen 2007an Diputatu Nagusi  hautatu ninduten arte. Alderdi barruko bizitzatik erakunde publiko baten ardura hartzera jauzi egiteak estu hartu ninduen eta egokitzapen eta ikasketa handiko garaiak izan ziren. 

2011an hauteskundeak galdu genituen eta oposizio buru izatea tokatu zitzaidan Gipuzkoako batzar Nagusietan. Garai hartan ezagutu nuen nire emaztea eta erabat irauli zen nire bizitza pertsonala, zer esanik ez 2017an gure semea jaio zenean. 

Lau urtez gizarte eragile eta hiritarrekin harremana estutzeko parada probestu genuen, eta indar berriz sartu ginen berriro Foru Aldundian 2015etik aurrera. Bi legealditan zehar lan-talde sendo baten eskutik eredu politiko berritzaile bat egituratu genuen, mundu guztiko herrialde demokratikoetan antzematen zen krisi sakonari gure txikitasunetik erantzun nahian. Urrats honetaz nago bereziki harro. 

2023an amaitu zen nire ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundian, eta hurrengo urtean Eusko Legebiltzarrera jauzia egitea egokitu zitzaidan. Horrek ere egokitzapena eskatu dit, herrialde ikuspegia nazio ikuspegiarekin inolaz ere kontrajarria ez badago ere, begirada aldatzea eskatzen duelako.

Ezagutzera eman