Euzkadi Buru Batzarra

Nor Gara

Ezagutzera eman
Miren Martiarena Barkaiztegi

Miren Martiarena Barkaiztegi

Gaur egun Amorebieta-Etxanon bizi naizen arren, Urnietan (Gipuzkoa) jaio nintzen. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna naiz, eta nire ibilbide profesionala enpresa pribatuan zein administrazio publikoan garatu dut, baina betiere hartu ditudan erantzukizun politiko desberdinekin uztartuz.

Jaio nintzenetik, politikarekin egiten dut binomio banaezina. Aita, José Manuel Martiarena Lizarazu, beti egon da alde publikoan; Urnietako lehen alkatea izan zen demokrazian, legebiltzarkidea Gasteizen, sailburuordea eta Herrizaingo sailburua Eusko Jaurlaritzan, eta senataria Madrilen. Ama, Marian Barkaiztegi Miner, batzokiko bizitzarekin oso konprometitua egon zen beti; beste hainbat emakumek bezala, aktibismo politikoa familiarekin, lanarekin eta etxearekin uztartuz. Zalantzarik gabe, nire erreferenteak dira; haiek irakatsi zidaten zer den EAJ-PNVn militatzea eta herrigintzak zer esan nahi duen.

Inguru honetan inspiratuta eta modu naturalean, 18 urterekin alderdikidetzera eraman ninduen. Garai hartan, gure inguruan, ez ginen EGIkide asko, baina konpromiso handia genuen euskal kausa nazionalarekin eta hura defendatzeko moduarekin. Konpromiso horrek beharrezko guztian laguntzera eraman gintuen, beharra zegoen tokian egotera, alegia. Orduko lagunartean bizi izandakoak adiskidetasun sendoa utzi digu gaur egunera arte.

Beti izan dut tokiko politikarekiko zaletasun berezia. Hartzen ditugun erabakiek gure ingurukoen egunerokoan nola eragiten duten ikusteko modurik zuzenena da hori. Horregatik, ez nuen zalantzarik izan 26 urte nituela Urnietako Udalean zinegotzi izatea proposatu zidatenean, eta ardura hori Amorebieta-Etxanon betetzen dut orain. Ziur nago hori dela gure Herria eraikitzeko oinarria: nazio kohesionatu, euskaldun, justu eta mundura irekia. Eta EAJ-PNV da hori lortzeko tresna. Ideiak argi ditugu, eta noski ametsak ditugula! Baina ez dugu utopiarik segitzen. Hiritargoaren beharrizan aldakorretara egokitzeko gai izan behar dugu, populismorik gabe; inguruari entzun eta elkarlanaren bidetik jarraitu, EAJ-PNV Herri honen interesak ondoen defendatzen dituen aukera dela argi izanik.

Ezagutzera eman