Euzkadi Buru Batzarra
Nor Gara

Maitane Ipiñazar Miranda
Maitane Ipiñazar Miranda naiz, 34 urte ditut eta Arratiatik nator. Eusko Legebiltzarrean bost urte daramatzat EAJ-PNVko legebiltzarkide gisa eta Bizkai Buru Batzarreko kide ere banaiz. Zerbitzu publikoak bete-betean sartu aurretik, sei urte eman nituen Lan harremanen eta Giza Baliabideen esparruan, horretarako ikasketak egin bainituen unibertsitatean.
Abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna etxekoengandik ikasi nuen, familia abertzale batean jaio eta hazi izan naiz. Eurengandik ikasi nuen aurrekoek Euzkadi askea lortzeko egin zuten guztia baloratzen. Etxean ere ikasi dut gizartearen mesedetan lan egiten. Ikasbide horiek dira, ama naizenez geroztik, alabari irakatsi nahi dizkiodanak.
Ibilbide politikoa EGIn hasi nuen. Lehenengo eta behin, Herrialde Kontseiluko kide izan nintzen eta ondoren Igorreko zinegotzi. Eusko Legebiltzarrean arlo sozialean lan egin dut, giza eskubideen babesean. Horri lotuta, enplegua eta lan harremanak dira nire interesa piztu duten gaiak, ikasi dudan guztiarekin zerikusia dutelako.
Hala ere, bizitzan dena ezin da politika izan. Irakurtzea eta zeramika gozatzen ditut, baretzeko aukera eta oreka ematen didaten zaletasunak. Eta, jakina, arratiarra naizenez, denbora-tarteren bat dudanean, Gorbeiako gurutzera igo ohi naiz, bertatik neure etxea ikusten dut eta nagoen lekura ekarri nauen bidea gogoratu ahal dut.