Euzkadi Buru Batzarra
Nor Gara

Aitor Esteban Bravo
EBBren presidentea
Bilbotarra naiz, Zeberion urteak daramatzadan arren. 16 urte nituenetik EAJko alderdikide izanik, nire ibilbide politikoa Bizkaiko Foru Aldundian hasi zen, Presidentetzako Idazkari Nagusi eta bozeramaile izan bainintzen bertan. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izan ondoren, 2004an diputatu izendatu ninduten. Han eman ditut nire bizitzako azken 21 urteak. Alderdikide naizen aldetik, Alderdiko burua izatea izango da izan ahal dudan ohorerik handiena.
Bilbon jaio nintzen 1962an, nire bizitzaren erdia baino gehiago Zeberion eman dudan arren.
Nerabezaroa, nire belaunaldiko asko eta askorena bezala, politikak baldintzatu zuen. Frankismoaren zulo beltzetik atera berriak ginela, demokraziaren lehen urratsetan geunden eta dena zegoen egiteko. Politika bizi-bizi zegoen une hartan, 16 urte nituela, nire printzipio eta balore berberak zituen alderdiko kide egitea erabaki nuen. Balore horiek dira giza eskubideen defentsa, demokrazia eta Euzkadirenganako maitasuna. Lau urte geroago, EGIren Aberri Kontseiluaren Idazkari egin ninduten.
Ikasketak amaitu nituen 1985ean, Deustun Zuzenbidean lizentziadun egitean, eta enpresa pribatuan lan egin ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusietan hasi nintzen letratu lanetan. Kongresura iritsi aurretik, bertan eman baititut nire ibilbide politikoaren azken 21 urteak, Bizkaiko Foru Aldundian izan nintzen Presidentetzako Idazkari Nagusi eta bozeramaile eta, 1995 eta 2003 urte bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente.
Aldi berean, eta ahal izan dudan neurrian, nire ardura politikoak uztartu ditut beste lan batekin, irakaskuntzarekin. Zuzenbidean Doktore egin nintzen Deustuko Unibertsitatean eta toki berean izan naiz irakasle Zuzenbide Konstituzionalean eta Zuzenbide Administratiboan, besteak beste.
Esan bezala, Kongresuan Euskadi ordezkatzeko ohorea izan dut bi hamarkada luzetan. Hantxe bizi izan ditut era guztietako momentuak: gehiengo nagusiak, geometria aldakorrak eta hainbat zentsura mozio, Kataluniari 155. artikulua aplikatu zitzaionekoa eta pandemiak ekarri zigun salbuespenezko egoera dramatiko hura ahaztu gabe. 2012 urte amaieran, Josu Erkorekaren lekukoa hartu nuen Parlamentuko Taldeko bozeramailetzan. Horretan eman ditut buru belarri azken urteak, Aberria maite duen EAJko alderdikide batek izan dezakeen ohorerik handienari heltzeko egokitu zaidan momentu honetara arte.
Kongresuko garaitik, oso bereziki gogoratzen dut kontroleko bilkura batean euskal pilota eta surf selekzioentzat ofizialtasuna eskatu nuenekoa. 20 urte geroago, lortu egin dugu eta zirkulua borobildu egin dela sentiarazten dit horrek. Beste momentu aipagarri bat 2011ko martxoaren 22koa izan zen, hemizikloan lehen aldiz diputatu bat euskara hutsean mintzatu baitzen, bertan zeuden guztiak harri eta lur utziz. Azalpen guztiak euskaraz eman nituen hitza hartzeko tartea agortu arte. Aintzatetsia sentitu izan naiz, parlamentuko kazetarien aldetik, birritan eman didate saria eta une gogoangarria eskaini zidaten nire agurrean.
Esaten dudan guztian sinesten dut eta uste dudana esaten dut. Herri ordezkari naizen aldetik, ezinbesteko jotzen dut hiritarrei zintzotasunez hitz egitea.
Euskadiko hainbat bezala, euskaldunberria naiz. Aita izan zen, artean hizkuntza oso ondo ez zekien arren, txikitatik irakatsi zidana gure hizkuntza ikasi beharra nuela. Harrotasunez esan dezaket Xabier Arzalluzen bidetik jarraituz, Deustun Zuzenbide eskolak euskaraz eman dituen bigarren irakaslea izan naizela.
Historiazale amorratua naiz, maite dut aniztasuna eta uniformismotik alde egiten saiatzen naiz. Horrek eraman nau nire denbora gutxiengoen ikasketara dedikatzera, eta oso bereziki Ipar Amerikako herri indigenen historiari dagokionez. Zorioneko izan naizela esan dezaket, beren kulturak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dudalako. Lagun handiak egin ditut eta Lakota hizkuntza praktikatu ahal izan dut. Zer esanik ez dago liburutegian ehunka liburu ditudala gai horien inguruan. Mapazalea ere banaiz eta denbora emango nuke antzinako liburuen artean edo gai horietan Interneten ikertzen.
Athletik taldeko bazkide naiz eta Bilbao Basket-en jarraitzailea, baina nire arreta errugbian jartzen dut nagusiki, gazte denboran praktikatu nuen kirola delako.