Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/03/18

EAJ-PNVk etxebizitza eskaintza zabaltzeko irtenbideak aurkeztu ditu eta EH Bilduri Sierben eraikinaren erosketan koherentziarik ez izatea leporatu dio

EAJ-PNVk txalotu egin du EH Bilduk Sierben eraikinaren erosketari buruz izan duen jarrera aldaketa, Udal Gobernuak aurretik ukatu zuena. “Norabide horrek erakusten du koherentzia falta dagoela EH Bilduren kudeaketan”.
EAJ-PNVk etxebizitza eskaintza zabaltzeko irtenbideak aurkeztu ditu eta EH Bilduri Sierben eraikinaren erosketan koherentziarik ez izatea leporatu dio

Azpeitiko EAJ-PNVren udal taldeak gogor kritikatu du EH Bilduren Udal Gobernuaren koherentzia eta kudeaketa gaitasun falta etxebizitzaren arazoari dagokionez, herritarren kezka nagusietako bat konpontzeko estrategia global, koordinatu eta epe luzerako baten beharra azpimarratuz.

EAJ-PNVren ustez, etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez dago neurri isolatuetan edo inprobisatuetan, baizik eta hainbat arlo hartzen dituen plan egituratu batean. “Ezin dugu jarraitu norabiderik gabe. Modu integralean eta etorkizunerako ikuspegiarekin jardutea beharrezkoa da”, adierazi du Javier Altuna talde jeltzaleko bozeramaileak. Alderdiak funtsezko hiru jarduera ildo proposatzen ditu: eskaintza handitzeko eta prezioak kontrolatzeko etxebizitza berriak eraikitzea, alokairua sustatzeko politikak gazte eta familiei sarbidea errazteko, eta hutsik dauden lokalak etxebizitza gisa gaitzea, lurzoru gehiago kontsumitu gabe eskaintza handitzeko aukera emango lukeena.

Altunak argi adierazi du “etxebizitzaren arazoa ez dela neurri isolatu bakar batekin konpontzen, baizik eta hainbat irtenbide osagarri kontuan hartzen dituen ikuspegi integral batekin”. EAJ-PNVren ustez, onartezina da denbora galtzen jarraitzea neurri konkreturik eta planifikaziorik gabe, herritarrak nahasten dituztelako.

Norabide argirik gabe

Talde jeltzaleak, gainera, bere harridura adierazi du Udalak duela gutxi Sierben eraikina erosi duelako, EH Bilduk proposamen honen inguruan hartutako erabakia ez datorrelako bat sei hilabete eskas eduki zuen jarrerarekin. Bere garaian, EAJ-PNVk jada planteatu zuen eraikina eta lurrak erostea, udalerriaren interes orokorrerako erabiltzeko. EH Bilduren Udal Gobernuak atzera bota zuen proposamen hori, eta ekimena “populista eta zentzurik gabea” zela esan zuen.

EH Bilduk egin duen 180 graduko bira honek agerian uzten du bere koherentzia falta  plangintzan eta kudeaketan. EAJ-PNVrentzat, horrelako erabakiek, estrategia argirik eta azterketa sakonik gabe hartutakoak, herritarrengan nahasmena eta mesfidantza besterik ez dute sortzen. Altunak azpimarratu duenez, “garrantzi handiko proiektuei buruzko erabakiak interes orokorrean oinarritu behar dira, ez unean uneko interes politikoetan. EH Bilduk gai honetan duen koherentzia eza agerikoa da, eta etxebizitzaren arloan bere agintaldiaren ezaugarri izan den inprobisazioa islatzen du”.

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du Udalak arduraz eta epe luzerako ikuspegiarekin jokatu behar duela, Azpeitiaren etorkizun egonkor eta oparoa bermatzeko. “Funtsezkoa da epe laburreko interes politikoak alde batera uztea eta azpeitiarren bizi kalitatea hobetzean zentratzea, etxebizitzaren arazoari irtenbide erreal eta iraunkorrak eskainiz”, amaitu du Altunak.

“EAJ-PNVk proposamen eraikitzaile eta errealistak egiten ditu, eta azpeitiar guztientzat irisgarriagoa izango den etxebizitza eredu baterantz aurrera egiteko lan egingo dugu”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...