Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/03/06

Zarauztarren alde elkarlanean jarraitzeko deia egin dio EAJ-PNVk PSE-EEri

Hauteskunde kanpaina alde batera utzi eta zarauztarren beharrei erantzuteko elkarrekin adostutako 2023-2027 Agintaldi Plana betetzeari lehentasuna emateko eskatu diete jeltzaleek sozialistei.
Zarauztarren alde elkarlanean jarraitzeko deia egin dio EAJ-PNVk PSE-EEri

Otsaileko Udalbatzaren Osoko Bilkuran gertatutakoaren harira giroa baretzearen eta elkarlanaren aldeko mezua zabaldu du Zarauzko EAJ-PNVk. “4 urteko konpromisoa hartu genuen zarauztarrekin eta oraindik urtebete pasatxo geratzen zaigu konpromiso hori betetzeko”  azaldu dute jeltzaleek eta adierazi dute bere lehentasuna zarauztarrekin hartutako konpromisoa betetzea dela eta konpromiso hori betetzeko badutela 2 alderdiek adostutako Agintaldi Plan bat. Plan horrek jasotzen ditu, hain zuen ere, Etxebizitzari lotutako ondorengo ekintzak:

      ● Etxebizitza Plana gauzatzea, Salberdin, Iñurritza, Lanpardo eta Irita-Amillubi eremuetan babes mota desberdinetako etxebizitzak herritarren eskura jarriz salmentan nahiz alokairuan.

      ● Udal etxebizitza tasatuen ordenantza eta lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantza aldatzea.

      ● Etxebizitzaren, apartamentu turistikoen eta behe solairuetako lokalen inguruko hausnarketa partekatua egitea eta neurriak martxan jartzea.

      ● ZHAPOren berrikuspen prozesua eta honekin lotutako parte hartzea martxan jartzea.

“Bi alderdi gaude gobernuan eta zilegia da bakoitzak bere lehentasunak izatea” diote jeltzaleek, baina argitu dute Agintaldi Plana dela bi alderdien artean zarauztarrekin hartutako konpromisoa jasotzen duen dokumentua eta horixe dela gobernuaren lehentasunak ezarri behar dituen bide-orria.

Eremu tentsionatu izendapenaren inguruan argitu du EAJ-PNVk, gobernukideen arteko asteroko bileretan landu zela gaia. “Hirigintza departamentuaren lan-karga handiarengatik ez da posible momentu honetan lanketa horri heltzea” adierazi du Garbiñe Oiarbide EAJ-PNVko bozeramaile eta Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetzako zinegotziak, “horregatik, uda bitarte itxoiteko eskatu genion alderdi sozialistari”.

Hain zuzen ere, Agintaldi Planean jasotako hainbat ekintzari eman zaio lehentasuna Oiarbidek zuzentzen duen Hirigintza departamentuan, hala nola, etxebizitza babestuen lehen erabilerako baimenak ematea, Amillubi eremuan etxebizitza tasatuak eta autobus geltokia eraikitzeko lanketa, lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantzaren aldaketa edota etxebizitza eta apartamentu turistikoak arautzeko Plan Orokorraren aldaketa. Gainera, herritarrek eta herriko jarduera ekonomikoek egiten dituzten lizentzia eskaerek ere lehentasuna dute “nahiz eta batzuetan nahiko genukeena baino denbora gehiago behar izaten dugu”.

Bukatzeko, adierazi dute jeltzaleek, Etxebizitza Plana dela Zarautzen emaitzarik nabarmenenak ematen ari den neurria eta horretan jarri dituela indarrak eta lehentasunak EAJ-PNVk eta gogoratu du PSE-EEk gidatzen duen Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin hitzarmena sinatzeko zain daudela oraindik. Oiarbidek otsaileko osoko bilkuran esan bezala, orain urtebeteko osoko bilkuran Zarauzko sozialistek iragarri zuten hitzarmena 2025ean sinatuko zela eta 2026ko martxoan oraindik ez da sinatu hitzarmenik.

“2024ko uztailean onartu zen Irita-Amillubi eremuko Plan Orokorraren aldaketa, nagusiki, bertan etxebizitza babestuak eraikitzeko. Irita garatzeko Jaurlaritzaren zain jarraitzen dugu, oraindik hitzarmena sinatzeko, aldiz, Amillubi garatzeko ardura udalak hartu zuen bere gain eta plangintza prest da dagoeneko autobus geltokia eta etxebizitzak eraikitzeko”.

Jeltzaleak ulerkor azaldu dira, hala ere, Jaurlaritzarekin eta ahal bezain Irita garatzeko borondatea aitortzen diote, eta eskatzen diete sozialistei EAJ-PNVk PSE-EErekiko duen ulerkortasun bera izan dezatela sozialistek EAJrekiko.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...