Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/02/26

EAJ-PNVk gipuzkoar guztiei dagokien Europako finantziazioa eskatu dio Estatuko Gobernuari, A-15eko tuneletako segurtasun lanengatik

EAJ-PNVk deitoratu du Gipuzkoako PSE-EEk hartutako erabakia zuzenketatik kanpo gelditzeko, eta espero du Alderdi Sozialistak Gipuzkoako herritarren interesekiko konpromisoa agertzea Batzar Nagusietako datorren osoko bilkuran
EAJ-PNVk gipuzkoar guztiei dagokien Europako finantziazioa eskatu dio Estatuko Gobernuari, A-15eko tuneletako segurtasun lanengatik

EAJ-PNVk zuzenketa bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Espainiako Gobernuak berma dezan Europako TEN-T sarean dauden Gipuzkoako tunelak egokitzeko, modernizatzeko eta haien segurtasuna hobetzeko obren finantzaketa osoa, 2004/54/EE Zuzentarauak eskatzen duen bezala.

Alderdi jeltzaleak azpimarratu du Gipuzkoak aparteko ahalegin ekonomikoa egin behar izan duela Europatik datorren betebeharra betetzeko. Zehazki, A-15 autobidearekin lotutako jarduerak 95 milioi eurotik gorakoak izan dira Foru Aldundiarentzat. "Europako araua berdina da guztientzat; beraz, finantza-irizpideak ere berdina izan behar du: Estatuak bere tunelen % 100 finantzatzen baditu, Gipuzkoakoak % 100 finantzatu behar ditu TEN-T sarean daudenean", adierazi dute.

Estatuko Gobernuak obra horiek finantzatzeko Europako Funtsak Foru Aldundiarekin ez banatzeko hartutako erabakia arbitrarioa eta onartezina da, ez baititu kontuan hartzen zalantzan jarri ezin diren bi errealitate: lehena, gipuzkoar herritarrak Estatukoak bezain europarrak direla; bigarrena, Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepideen eskumena Foru Aldundiari bakarrik dagokiola.

Argudio biak aitzakiarik gabekoak dira EAJ-PNVrentzat. Horregatik, PPk Batzar Nagusietan aurkeztutako ekimenaren aurrean, Euzko Abertzaleak batzarkide taldeak Gipuzkoako herritar guztiei logikaz eta eskubidez dagokiena defendatzea beste aukerarik ez du.

Era berean, EAJ-PNVren ustez, bereziki larria da tunelak berregokitzeko lanetarako Europako funtsen banaketatik Gipuzkoa eta gainerako Foru Lurraldeak kanpo utzi ostean, Estatuko Gobernuaren erantzuna berandu eta partzialki eman izana orain arte. Are gehiago, EAJ-PNVk Kongresuan eta Foru Aldundiak behin eta berriz aldarrikatu ondoren, Gipuzkoari 10 milioi euro esleitu dizkio. "Dirulaguntza puntual batek ezin du bidegabekeria estali. Gipuzkoak bere eskumenen arabera Estatuak bere buruari aplikatzen dion konpromisoaren parekoa eskatzen du", azpimarratu dute.

Ildo horretan, EAJ-PNVk deitoratu du, behin eta berriz errepikatu arren, Gipuzkoako PSE-EEk baztertzeko erabakia hartzea eta proposatu zaien zuzenketa ez sinatzea. Nolanahi ere, zuzenketa aurkezterakoan PSE-EEren sinadurarik izan ez duen arren, espero du Alderdi Sozialistak gipuzkoarren interesekiko konpromisoa agertzea Batzar Nagusietan egingo den datorren eztabaidan eta bozketan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...