Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/02/25

Gobernu taldeak hiru hilabete baino gehiago daramatza Ogasun Batzorde bat sortzeko proposamenari erantzun gabe

Talde jeltzaleak gardentasun eta errespetu instituzional falta salatu du, azaroaren 19an erregistratu zen ekimena, orain arte erantzunik jaso gabe baitago.
Gobernu taldeak hiru hilabete baino gehiago daramatza Ogasun Batzorde bat sortzeko proposamenari erantzun gabe

Zizurkilgo EAJ-PNVk publikoki salatu du udal gobernu taldeak ez diola erantzunik ematen azaroaren 19an Ogasuneko Informazio Batzorde Iraunkorra sortzeko erregistratu zen proposamenari. Ekimena azaroaren 25eko osoko bilkuran aurkeztu zen eztabaidatzeko, eta, hiru hilabete geroago, oraindik ez da erantzun.

Osoko bilkura hartan, udal gobernuak proposamena aztertuko eta erantzungo zuela adieraztera mugatu zen. Gaur-gaurkoz, ez da erantzun formalik egon.

Talde jeltzalearen ustez, jarduteko modu horrek agerian uzten du gardentasun eta errespetu falta kezkagarria dagoela oposizioaren lanari dagokionez. “Oposizioko taldeei 48 ordutan osoko bilkurara doazen gaiei buruzko iritzia emateko eskatzen zaigun bitartean, gobernu taldeak ofizialki erregistratutako proposamenei hilabeteetan ez erantzuteko joera du”, adierazi dute.

Proposamenak Ogasun Batzorde bat sortzea planteatzen zuen, zorroztasunez eta denbora nahikoarekin funtsezko gai hauek aztertzeko:

      • Auzotarrek ordaintzen dituzten zergak eta tasak zehazten dituzten Ordenantza Fiskalak.

      • Gastu eta inbertsioak definitzen dituen Udal Aurrekontua.

      • Kontratazioarekin eta ondarearekin zerikusia duten gaiak.

Helburua argia zen: kalitate demokratikoa hobetzea, talde guztien parte-hartzea indartzea eta erabaki ekonomikoak informazioarekin, aurretiko eztabaidarekin eta gardentasunarekin hartzen direla bermatzea.

Gainera, azaroaren 19an bertan, talde jeltzaleak galdera bat erregistratu zuen, Udalak Israelekin zuzeneko edo zeharkako harremanik duen jakiteko. Gai horri ere ez zaio erantzunik eman.

EAJ-PNVren ustez, gobernatzea ezin da izan ekimenak blokeatzea edo erantzunak atzeratzea. “Kontua ez da formala, baizik eta errespetu instituzionala eta kudeaketa irekiagoa eta gardenagoa izateko konpromisoa. Zizurkilek proposamenak eztabaidatu eta galderak erantzungo diren udal bat merezi du ”.

Talde jeltzaleak berehalako erantzuna eskatu du, eta gogorarazi du Udalaren kalitate demokratikoa hobetzeak ez lukeela aukera bat izan behar, betebeharra baizik.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...