Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/02/02

Lazkaoko EAJ-PNVk haurrak eta nerabeak babesteko eredu berri bat bultzatu du kirol eta aisialdi arloan

Udal talde jeltzaleak adingabeen ongizatea tokiko ekintza politikoaren erdigunean jartzeko egindako lan serio eta konprometitua balioetsi du
Lazkaoko EAJ-PNVk haurrak eta nerabeak babesteko eredu berri bat bultzatu du kirol eta aisialdi arloan

Lazkaoko EAJ-PNV udal taldeak balioan jarri du udalerrian adingabeak babesteko garatu den proiektua, lan sakon eta zorrotza, prebentzioa, detekzio goiztiarra eta haurrei eta nerabeei kirolaren, aisialdiaren eta denbora librearen eremuetan eragin diezaiekeen edozein indarkeria motaren aurrean jardutea indartzen duena.

Talde jeltzaleak proiektu hau erabaki politiko kontziente baten emaitza dela azpimarratu du, gobernatzeak aurrea hartzea eta babestea ere badakarrelakoaren uste sendotik sortua. “Haurren ongizatea ezin da adierazpen orokorretan geratu: konpromisoa, plangintza eta benetako borondate politikoa eskatzen ditu”, adierazi dute Lazkaoko EAJ-PNVtik, eta udalerriari tresna argi eta eraginkorrak emateko egindako etengabeko lana nabarmendu dute.

Protokoloa araudia betetze hutsetik harago doa. Ingurune seguruak sortzearen, tratu onaren kultura sustatzearen eta helduek eta adingabeekin lan egiten duten erakundeek jarduteko irizpide argiak izatea bermatzearen aldeko apustua da. Udal taldearen hitzetan, “kontua ez da soilik arazo bat sortzen denean erreakzionatzea, baizik eta prebenitzea, prestatzea eta konfiantza sortzea, bai familiengan, bai haurrengan beraiengan”.

Lazkaoko EAJ-PNVk proiektu honek udal politika ulertzeko modu zehatz bat islatzen duela nabarmendu du: erantzukizun instituzionalarekin eta gizarte sentsibilitatearekin. “Haurtzaroaz ari garenean, ez dago inprobisaziorako eta taktizismorako tarterik. Seriotasunez jokatu behar da, gehien behar dutenak babesteko lehentasun argiarekin”, azpimarratu dute.

Talde jeltzalearen ustez, Lazkaok urrats garrantzitsua eman du haur eta nerabeen eskubideekin konprometituta dagoen udalerri gisa. “Gure adingabeak babesteko denbora eta baliabideak inbertitzea Lazkaoko etorkizunean inbertitzea da. Lazkaoko EAJ-PNVk pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak bultzatzen jarraituko du, zaintza eta babes handiagoa behar dutenengandik hasita”, amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...