Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Usurbilgo irisgarritasun planari egindako ekarpenei esker Udaletxea eta Barrenkale arteko obra 2027ra aurreratuko da
Xabier Otxoa: “gure ekarpenek planaren anbizioa eta errealismoa handitu dute, naiz eta EHBilduk egindako planaren tramitazioa eta prozedura ez den egokia izan”EAJ-PNVk ikuspegi integrala, giza eskala eta kostu-onura irizpideak kontuan hartu ditu ekarpenak egiterako garaian
EAJ-PNV Usurbilek balorazio positiboa egiten du Usurbilgo Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala (IUPI) onartzeko prozesuaren inguruan, izan ere, jeltzaleek egindako ekarpenek plana nabarmen hobetu dute, bai edukiari dagokionez, bai lehentasunen ikuspegitik ere. EAJ-PNVren ekarpenen helburua beti bera izan da: irisgarritasuna erdigunean jartzea, pertsonen eguneroko beharrei erantzunez eta herrigunearen kohesioa indartuz.
Lurralde Batzordean egindako lanketaren ondorioz, Xabier Otxoa zinegotziak aurkeztutako hainbat proposamen planaren azken bertsioan txertatu dira, jarduketen zehaztasuna, lehentasunen berrantolaketa eta irisgarritasun-irizpide zorrotzagoak bermatuz
Besteak beste, Etxealdia auzoko jarduketaren definizioa zehaztu da, Osasun Zentroko oinezkoen ibilbidean malda murrizteko irtenbide eraginkorragoa jaso da, Txikierdi auzoko eta San Inazio–Puntapax inguruko esku-hartzeak birdefinitu dira eta Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduen irisgarritasun baldintzak hobetzeko urtero 20.000 eurokok dirulaguntzak jaso dira EAJ-PNVren ekarpenei esker.
Hala ere, EAJ-PNVk lortutako aurrerapausorik esanguratsuena Udaletxea eta Barrenkale arteko lotura hobetzeko jarduketa 2027. urtera aurreratzea izan da. Jarduketa hori da plan berriak jasotzen duen neurri estrategiko eta eragin handienetakoa, herriguneko erdigunean kokatua dagoelako eta herritar askori zuzeneko onura ekarriko dielako. Hasierako aurreikuspenetan, EH Bilduk ez zuen jarduketa hau epe laburrean gauzatzeko asmorik jaso, eta EAJ-PNVk egindako presio eta proposamenari esker lortu da 350.000 euroko inbertsioa 2027an exekutatzeko konpromezua jasotzea.
Xabier Otxoaren ustez “horrek argi erakusten du gure ekarpenek planaren anbizioa eta errealismoa handitu dutela”. Bozeramailean gogorarazi du “EAJ-PNVk hasieratik azaldu duela irisgarritasun plan anbiziotsua osatzeko konpromisoa, helburua partekatzen dugulako eta irisgarritasunak ezin duelako itxaron”. Horren erakusle dira talde jeltzaleak aurkeztutako emendakin eta proposamen zehatzak, ikuspegi integrala, giza eskala eta kostu-onura irizpideak kontuan hartuta landu direlarik.
Hala eta guztiz ere, ezin da alde batera utzi prozeduraren eta formen inguruko kritika. Planaren tramitazioa ez da egokia izan: dokumentazioa berandu iritsi da, ez da behar bezala landu dagokion batzordean, eta osoko bilkurara presaka ekarri da, dirulaguntza bat galdu daitekeenaren aitzakian.
Otxoaren ustez “lan egiteko modu hau ez dator bat eztabaida politiko serioarekin eta udal prozedura arruntek eskatzen duten errespetuarekin”, hala adierazi zuen udalbatzan egindako hitzartzean.
Usurbilgo EAJ-PNVk erantzukizunez jokatu du, plana ez blokeatzea erabakita, edukian sinesten duelako eta egindako ekarpen nagusiak jasota geratu direlako. Baina era berean, bozeramaileak gobernu-taldeari eskatu dio “etorkizunean Udalaren denborak, organoak eta prozedura egokiak errespetatzeko, horrela bakarrik bermatuko baita erabaki sendoak, partekatuak eta herritarren interes orokorrari benetan erantzungo diotenak hartzea”.
EAJ-PNVk lanean jarraituko du Usurbil irisgarriago, orekatuago eta pertsonengan pentsatutako herria izan dadin, proposamen zehatzak eginez eta kudeaketa arduratsua defendatuz.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


