Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiako Udalak Gurera plazaratu du, herritarrak erdigunean kokatzen dituen turismoa kudeatzeko eredu berria
Gurera turismoa kudeatzeko eredu berria da, herritarrak erdigunean ipini eta donostiarren bizi kalitatea babestearen aldeko apustua egiten duena. Parte-hartzea eta transbertsalitatea oinarri hartuta, turismoa estrategia orokorrean txertatzen duen proposamen errealista eta disruptiboa da, neurri zehatzekin eta herritarrekiko gardentasunarekin
Donostiako eguneroko bizitzari zuzenki eragiten dion fenomeno bihurtu da turismoa, munduko hiri askotan gertatzen den bezala. Horren inpaktua zenbait esparrutan nabaritzen da, hala nola espazio publikoan, mugikortasunean, etxebizitzan edo ekonomia jardueran. Donostia aldatzen ari da, eta, harekin batera, baita turismoa ulertzeko modua ere.
Testuinguru horretan jaio da Gurera, Donostiako Udalak -Donostia San Sebastián Turismoaren bidez- aspaldidanik garatzen duen lan-ildoa sendotzen duen eredua, eta jada, Donostiako 2023 – 2027 Turismo Plan Iraunkorrean islatu zena. Planteamendu errealista hartzen duen eredua da, turismoa hiriaren eta bertan bizi direnen ongizatearen mesederako eraldatu nahi duena, turismoari uko egin gabe. Izan ere, turismoa kudeatzeak berekin dakar, batez ere, donostiarren alde egitea.
Gurera Donostiako turismoa planteatzeko era berria da, sustapena erdigunean jartzen zuen eredua atzean utzi eta kudeaketa integralerantz aurrera egiteko. Planteamendu horrek hiriko estrategia orokorrean txertatzen du turismoa, gobernantza partekatuaren bidez, zeharkako moduan hartzen diren erabakien bidez eta tartean diren eragile guztiak integratzeko borondatearen bidez. Hori guztia oreka jasangarri bat lortzeko bertako bizitzaren eta bisitarien artean.
Donostia bizitzeko delako
Ereduaren helburu nagusia argi dago: Donostia, bizitzeko hiria. Gurera ereduak herritarren ongizatea kokatzen du erdigunean, eta turismoaren kudeaketa baliatzen du eguneroko bizitza babesteko, hartara bizikidetza indartuz eta Donostia paregabe eta berezia egiten duen hori zainduz.
Horretarako, turismoaren 360º-ko kudeaketa bultzatzen du ereduak, betiere hiriaren estrategiarekin lerrokatua, eta herritarren entzute aktiboa, turismoaren sektorearekiko lankidetza eta udal departamentuen arteko baterako lana ardatz hartuta.
Kudeaketa aldian behin argitaratuko diren datuetan, adierazleetan eta emaitza neurgarrietan oinarrituko da, gardentasunez jarduteko konpromisoarekin eta ezartzen diren neurriak eta beren inpaktua herritarrei jakinarazteko konpromisoarekin ere.
Hiria zaintzeko neurriak
Gurera ereduak hiriko bizikidetza eta ongizatea hobetzeko neurri zehatzak planteatzen ditu. Besteak beste, etxebizitza turistikoen kopurua murriztea, hotel lizentzia berriak mugatzea, bisita gidatuetako taldeen tamaina mugatzea edo zerga turistikoa ezartzea, azken horren diru sarrerak herritarren mesedetarako bideratzeko.
Ereduak mugikortasun jasangarriko politikak indartzeko balioko du ere, disuasioko aparkalekuak eta garraio publikoaren erabilera sustatuz. Analisia eta aurrea hartzea ere sustatuko ditu, Turismoaren Behatokiari eta karga turistikoaren gaitasunaren azterketari esker.
Gurera ereduak, halaber, gehienbat enpresa txikiez osatuta dagoen tokiko ekonomia ehunaren aldeko apustua egitea dakar, hiriko ekitaldiak hobe banatzeko asmoz (Parte Zaharreko eta Erdiguneko ekitaldiak mugatuz), eta balioa sortzen duten segmentu turistikoen alde eginez, esaterako, berrikuntzari, ezagutzari eta talentuari lotuta doan MICE turismoaren alde.
Parte hartzea eta konpromiso partekatua
Parte hartzea da Gurera ereduaren funtsezko oinarrietako bat. Ereduak entzute aktiborako guneak zabaldu eta benetako inplikazioa sustatuko du, bai herritarrena, bai turismoaren sektorearena eta baita bisitariena ere. Modu horretan, Donostiako turismoaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaida partekatua irekiz.
Esparru horretan, Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak Gurera konpromisoa sinatzera animatzen dituzte herritarrak eta sektorea, eta proposamenak eginez parte hartzera ere, proiektuaren webgune ofizialean erabilgarri dauden inprimakien bitartez:
Gurera: esanahia duen izena
Gurera izenak eredu berriaren izaera laburbiltzen du. Euskaraz, esanahi bikoitza dauka: alde batetik, “gure erara” esan nahi du, Donostiaren eta donostiarren neurrira egin den turismoa kudeatzeko eredua baita; bestalde, “ongi etorri, gurera” ere bada, hots, hiria bisitatzen duten guztiei bertako bizitzan integratzeko luzatzen zaien gonbidapena, betiere errespetutik eta bizikidetzatik.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
PASAIA
2025/12/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


