Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/01/14

EAJ-PNVk Eskoriatzan ehun bat etxebizitza publiko sustatzea proposatu du, gazteenei sarbidea errazteko

EAJ-PNVk Santa Marina eta San Juan kaleetan lurzorua erostea proposatu du, alokairu babestuko etxebizitzak arrazoizko prezioetan eraikitzeko
EAJ-PNVk Eskoriatzan ehun bat etxebizitza publiko sustatzea proposatu du, gazteenei sarbidea errazteko

Eskoriatzako EAJ-PNVk proposamen bat aurkeztu du udalerrian etxebizitza publikoa bultzatzeko. Honekin, herritarren kezka nagusietako bati erantzuna eman nahi zaio: etxebizitza duina eta eskuragarria lortzea. Ekimenak Santa Marina eta San Juan kaleko eremuetan lurzorua erostea eta tokiko hirigintza-antolamendua aldatzea planteatzen du, alokairuko etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko.

Jeltzaleen ustez, orain jarduteko aukera paregabea dago, datozen urteetan Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek etxebizitza-politiketara baliabide ekonomiko garrantzitsuak bideratuko dituztela aurreikusten baita. “Eskoriatzan proiektu zehatz eta egingarriak planteatzen ez baditugu, trena galtzeko eta diru hori guztia beste herri batzuetan inbertitzeko arriskua dugu”, ohartarazi dute.

Proposamenak Santa Marina eta San Juan kaleko eremuetako eraikigarritasuna aldatzea aurreikusten du, egungo berdegunea mantentzeko, eta hasieran aurreikusitako etxebizitzen tamaina txikitzeko, eskuragarriagoak izan daitezen. Obrak lur azpiko aparkaleku publiko bat eraikitzeko baliatuko lirateke.

Onartu berri den Euskadiko Etxebizitza Legearekin eta erakundeen arteko lankidetzarekin, ehun bat etxebizitza publiko eraiki litezke alokairu erregimenean.

Josu Ezkurdia Eskoriatzako EAJ-PNVko bozeramaileak azpimarratu duenez, “etxebizitza benetako arazo bihurtu da bizilagun askorentzat, bereziki gure gazteentzat, beren herrian bizitzen jarraitu nahi dutelako, baina ezin dutelako independentzia lortu”. Ildo horretan, defendatu duenez, “udalaren ardura da gure udalerriaren etorkizuna baldintzatzen duten arloetan proiektu estrategikoak bultzatzea”.

Ezkurdiak EAJ-PNVren proposamena berretsi du “kalitatezko etxebizitza publiko baten aldeko apustu garbia dela, eskoriatzarrek beren gain har ditzaketen prezioetan, eta udalerriaren orainean eta etorkizunean pentsatua”.

Ekimen honekin, Eskoriatzako EAJ-PNVk herritarren eguneroko bizitza hobetzera bideratutako politika erabilgarri eta errealistekin duen konpromisoa berresten du, eta eskua luzatzen die udal arduradunei horrelako jarduerak babesteko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...