Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Usurbilen autokarabanen presentzia eta aparkalekua arautzeko eskatzen du
Jeltzaleek “espazio publikoaren defentsa eta bizilagunen elkarbizitza uztartuko dituen proposamena” erregistratu dute Udalbatzan eztabaidatu dadin.
-
Usurbil. Mozioa autokarabanak
Mozioa - 2026/01/14
Azken urteotan nabarmen handitu da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen presentzia Usurbilen. Mugikortasun-eredu berri horrek eta turismo ibiltariaren gorakadak erronka berriak ekarri dizkio udalerriari, bereziki espazio publikoaren erabilerari, ingurumen-kudeaketari eta bizilagunen arteko elkarbizitzari dagokienez.
Usurbilgo EAJ-PNVk behin eta berriz jaso ditu herritarren kezkak egoera honen inguruan. Arazoa bereziki Olarriondo inguruan agerian geratzen ari bada ere, ez da gune isolatua: aurretik ere antzeko egoerak gertatu dira Errekatxikin, Arititxoko aparkalekuan edo Alperroburu aldean, ikastolaren ondoan. Erregulazio argirik ezean, denbora luzez irauten duten aparkaldiak, espazio publikoaren okupazio desegokiak, hondakinen edo isurien arazoak eta udaltzaingoaren jardunerako zailtasunak errepikatu dira.
Egoera honen aurrean, eta hiri-bideetako ibilgailuen aparkalekua udalaren eskumena dela kontuan hartuta, EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du hurrengo osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Helburua argia da: autokarabanen fenomenoari modu errealista, orekatu eta juridikoki sendoan heltzea, bizikidetza bermatuz eta herritarren bizi-kalitatea lehenetsiz.
Mozioak hainbat konpromiso zehatz jasotzen ditu. Lehenik eta behin, Usurbilgo Udalak autokarabanen aparkaleku errealitateari erantzuteko borondate politikoa adieraztea proposatzen da, espazio publikoaren erabilerarako eskubidea, hiri-ingurunearen babesa eta bizilagunen ongizatea bateragarri eginez.
Bigarrenik, udal-ordenantza espezifiko bat idaztea edo indarrean dagoen araua egokitzea planteatzen da, autokarabanen aparkalekua modu argian arautzeko. Ordenantza horrek gutxienez honako irizpide hauek jaso beharko lituzke: gune jakinetan aparkatzeko denbora-mugak ezartzea txandakatzea edo errotazioa sustatzeko; arau-hausteen eta santzioen erregimen zehatza definitzea, espazio publikoaren okupazio desegokiari mugak jartzeko; eta hartzen diren neurriek segurtasun juridikoa bermatzea, bai herritarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat.
Hirugarrenik, mozioak azterketa tekniko bat egitea proposatzen du, autokarabanentzako aparkaleku arautu bat prestatzea bideragarria izan daitekeen baloratzeko. Neurri horren helburua da ibilgailu horien presentzia antolatzea, eragin negatiboak minimizatzea eta auzokideekiko bizikidetza hobetzea.
Azkenik, seinalizazio egokia ezartzea eta informazio-ekintzak indartzea planteatzen da, bai egoiliarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat, eta Udaltzaingoarekin koordinazioa sendotzea, araudia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko.
EAJ-PNV Usurbilek azpimarratu nahi du mozio honek ez duela inor seinalatzen, baizik eta gero eta presenteago dagoen errealitate bati irtenbide ordenatuak ematea duela helburu, beste udalerri askok jada egin duten bezala. Alderdi jeltzalearen ustez, araudi argia izatea da gatazkak saihesteko eta Usurbilen elkarbizitza eta espazio publikoaren erabilera egokia bermatzeko tresnarik onena.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/01/02
PASAIA
2025/12/30
Gipuzkoa
2025/12/19
Berria
2025/12/16
Donostia
2025/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


