Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/01/13

Elgetako EAJ-PNVk pertsonak, etxebizitza eta udal zerbitzuen hobekuntza ardatz dituen aurrekontua proposatu du.

Jeltzaleek proposamen errealistak eta lehentasunezkoak aurkeztu dituzte gizarte-ongizatean, hiri-berroneratzean eta udal kudeaketa modernoagoan aurrera egiteko
Elgetako EAJ-PNVk pertsonak, etxebizitza eta udal zerbitzuen hobekuntza ardatz dituen aurrekontua proposatu du.

Elgetako EAJ-PNVk udal aurrekonturako proposamenak aurkeztu ditu, udalerriaren benetako beharrei erantzuteko eta epe ertain eta luzera begira dauden proiektu estrategikoen oinarriak ezartzeko. Ekimen zehatz, bideragarri eta herri ikuspegi bizigarriago, irisgarriago eta kohesionatuago batekin lerrokatutako ekimen multzoa.

Proposamen nagusien artean, eguneko zentro berriaren proiektua behin betiko bultzatzea da nabarmenena, herriko pertsona nagusiak artatzeko funtsezko azpiegitura baita. Jeltzaleek berariazko partida bat bideratzea proposatu dute San Roke kaleko eraikinaren erosketarekin aurrera egiteko, ezinbesteko pausoa baita gizarte-proiektu hori datozen urteetan errealitate bihur dadin. Etxebizitza da proposamenen beste ardatz nagusietako bat. Ildo horretan, EAJ-PNVk Torrealdean etxebizitza eraikitzeko aukera aztertzeko baliabideak bideratzea planteatzen du, beste erakunde batzuekin koordinatuta lan eginez. Alderdi jeltzalearen arabera aukera hori da zentzuzkoena, lehendik dagoen eraikuntza-egitura aprobetxatuko litzatekeelako eta, nolabait, herrigunea osatuko lukeelako.

Era berean, udaletxea eraberritzeko aurreproiektua idaztea proposatu dute, energia-eraginkortasun, irisgarritasun, hezetasun eta espazio-faltako arazoak konpontze aldera. Helburua udal langileen lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzea da. Proposamen horiek elgetarren egunerokoa hobetzera bideratutako bestelako neurriekin osatzen dira, hala nola, herritarren adierazpen askerako panelak instalatzea, espazio publikoaren erabilera antolatzen laguntzeko; informazio pantaila digital bat ipintzea, kultura agenda eta udal informazioa zabaltzeko; eta udal artxiboa profesionalizatzea, dokumentazio historikoaren eta administratiboaren kontserbazio eta irisgarritasun egokia bermatzeko.

Talde jeltzaleak Elgetan duen bozeramaile Iker Lakak azpimarratu duenez, “proposamen horiek ez dira burutazioak, ezta promesa hutsak ere; pauso konkretuak dira Elgetako bizi-kalitatea hobetzeko eta etorkizuna erantzukizunez planifikatzeko”. Lakak gaineratu duenez, “gure adinekoak zaintzeaz ari gara, gazteei etxebizitzarako sarbidea errazteaz, udala modernizatzeaz eta espazio publikoaren erabilera ordenatuagoa eta erabilgarriagoa egiteaz, betiere herritarren ongizatean pentsatuz”. EAJ-PNVk aurrekontu-eztabaidan modu eraikitzailean laguntzeko eta proposamen horiek udal kontuetan sart lan egiteko borondatea berretsi du. “Baikorrak gara udal gobernuarekin akordio bat lortzeari begira. Gure konpromisoa argia da: ekarpenak egitea, akordioak lotzea eta zerbitzu gehiago, aukera gehiago eta pertsonentzat pentsatutako udal kudeaketa duen Elgeta defendatzea” amaitu du Lakak.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...