Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/12/16

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak urrats bateratua egin dute Arbes-Oinaurre lotune osoa egiteko bidean

Bi erakundeek proiektua idazteko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmena datorren urtean zehar garatuko da, eta 2027aren amaieran obren hasiera finkatzea ahalbidetuko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak urrats bateratua egin dute Arbes-Oinaurre lotune osoa egiteko bidean

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak parte hartu du gaur AP-8 autobidean Arbes-Oinaurre lotune osoa eraiki eta hiriarekin konexioa ahalbidetuko duen proiektua idazteko hitzarmenaren sinaduran. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irun eta Hondarribiko Udalekin batera, Bidasoaldean mugikortasuna bultzatu eta hobetzeko sustatutako jarduera plan integralaren mugarri nagusietako bat da proiektua, eta aspalditik planteatutako behar bati erantzungo dio.

Proiektuaren arabera, Arbesen lotune erdi berri bat sortuko da, mugimenduak Behobiatik eta Behobiarantz lotuko dituena, eta Oinaurren dagoen lotune erdiarekin konektatuko da 2,1 kilometroko errepide baten bidez. Horrela, herrigunerako konexio berriak eskainiko dituen lotune oso bat gauzatuko da. Aurreikuspenen arabera, sinatu berri den hitzarmenak ahalbidetzen duen lizitazioaren ondoren, proiektua idazteko lanak 2026an egingo dira, 2027aren amaieran obrak hasi ahal izateko, urte eta erdiko eraikuntza-epearekin.

Mendozak azaldu duenez, lotune oso berriak “hiri-mugikortasunean hobekuntza esanguratsuak egiteko bidea irekiko du, trafikoaren banaketa erraztuko du eta mugara eta Nafarroara egiten diren joan-etorriei erantzun eraginkorragoa ematea ahalbidetuko du”. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, hitzarmena sinatzea "aurrerapauso bateratua da hiriak eskatzen duen eta oso beharrezkoa den soluzio baterantz". “Proiektu hau konexioak eraldatzeko, mugikortasuna hobetzeko eta trafikoa antolatzeko estrategia global baten parte da, Gipuzkoako zirkulazio intentsitate handieneko inguruneetako batean eta gure herrialdeko puntu neuralgikoetako batean”.

Diputatu nagusiak, halaber, balioa eman dio “Bidasoalde osorako egiturazko konponbideetan aurrera egitea ahalbidetzen ari den lankidetza instituzionalari”.

Azken Portun biribilgune berria

Bi erakundeek hitzarmenaren izenpetzea baliatu dute Foru Aldundia idazten bukatzen ari den Azken Portuko biribilgune berriaren proiektuari buruzko informazioa partekatzeko. Mendozak gogorarazi duenez, “proiektu hau eskualdeko mugikortasuna hobetzeko planaren barruan jasotako jardueretako bat da. Plan horrek, oro har, 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta N-638 eta GI-636 errepideetako sarbideetan eta Amute, Mendelu, Plaiaundi eta Azken Portu eremuetan jarduketak barne hartzen ditu”.

Eider Mendozak jakinarazi duenez, “proiektua idatzi ondoren, Aldundiaren asmoa da 2026aren hasieran obrak egiteko lizitazioa egitea. Biribilgune hori eraikitzeak Artiga kalearen eta GI-636 errepidearen arteko mugimendu guztiak ahalbidetuko ditu, eta hori funtsezkoa da Arbes-Oinaurre lotune osoaren funtzionaltasuna eta gaitasuna indartzeko. Azken fasean dagoen eta datorren urtearen hasieran lizitatzea aurreikusten den proiektuak milioi bat euroko aurrekontua du gutxi gorabehera, eta lau hilabeteko egikaritze-epea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...