Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/12/16

EAJ-PNVk parte-hartze herritarra benetakoa izan dadila aldarrikatzen du

EAJ-PNVren ustez, une hau giltzarria da: Udal Gobernuak jasotako ekarpenei emango dizkien erantzunek erakutsiko dute diskurtsoan aldarrikatzen den parte- hartzea benetan praktikan gauzatzen den ala ez.
EAJ-PNVk parte-hartze herritarra benetakoa izan dadila aldarrikatzen du

Hondarribiko EAJ-PNV Udal Taldeak berriro aurkeztu ditu Udaleko II. Berdintasun Planari egindako ekarpenak, oraingoan Udal Gobernuak irekitako iradokizunen epearen barruan, diagnostikoa egiteko prozesuan parte-hartze faltagatik jasotako kritikak tarteko.

Aurkeztutako iradokizunek aurreko prozesuan egindako alegazio berberak jasotzen dituzte, eta orduan ez zen bakar bat ere onartu. EAJ-PNVren iritziz, horrek agerian uzten du Planaren oinarrizko arazoak oraindik ere konpondu gabe jarraitzen dutela.

Udal Taldeak azpimarratzen du plan estrategikoak herritarrak kontuan hartuta eta ikuspegi anitzak entzunez eraiki behar direla. Hala ere, orain arte, ikuspegi desberdinak plazaratu dituztenen ekarpenek ez dute islarik izan azken dokumentuan.

EAJ-PNVk ohartarazten du epeak irekitzea edo parte-hartze prozesuak iragartzea ez dela nahikoa, ondoren jasotako ekarpenei benetako erantzunik ematen ez bazaie. Parte-hartzea ezin da itxurazko ariketa bihurtu, ezta komunikazio edo irudi kontu hutsera mugatu ere; herritarren ekarpenak benetan kontuan hartzeko tresna izan behar du.

Udal Taldeak ohartarazten du komunikazio-kanpainen bidez parte-hartze prozesuen inguruan itxaropen faltsuak sortzeak kontrako eragina izan dezakeela, eta horrek herritarrak Udaletik urruntzea ekar dezakeela, erakundeekiko konfiantza indartu beharrean.

Udal Taldearen ustez, hemendik aurrera Udal Gobernuak herritarren eta talde politikoen ekarpenei emango dizkien erantzunek erakutsiko dute prozesu honek benetakoa izateko borondatea duen, ala, kontrara, diskurtso eta irudi mailan geratzeko diseinatutako prozesua izan den.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...