Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/12/11

EAJ-PNVk 2026ko aurrekonturako proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduren jardun ezaren aurrean, “urtea amaitu aurretik zirriborro bat partekatzeko gai ez dira izan”

EAJ-PNVren udal taldeak kritikatu du, urtea amaitzear dela eta azken informazio batzordeak bukatuta, EH Bilduren Gobernu taldea ez dela gai izan 2026ko aurrekontuen zirriborroa garaiz aurkezteko.
EAJ-PNVk 2026ko aurrekonturako proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduren jardun ezaren aurrean, “urtea amaitu aurretik zirriborro bat partekatzeko gai ez dira izan”

Jeltzaleen ustez, udal aurrekontua da udalek beren politikak garatzeko duten tresna nagusietako bat. Imanol Goenaga bozeramailearen hitzetan, “aurrekontua aurkezteko, ondorengo negoziazioetarako eta izapidetze administratiborako beharrezko epeek, egoerarik onenean ere, otsailean kokatzen gaituzte”.

EAJk uste du erakutsitako ekimen faltak alde nabarmena duela EH Bilduk adierazpen publikoetan erakusten duen jarrera adiskidetsuagoarekin. Halaber, jeltzaleek gogorarazi dute edozein erakunderi eskatu behar zaiola urte berria aurrekontua bideratuta hasteko ahalegina egitea, eta Andoaingo kasuan ez da horrela izango, Gobernu Taldeak gehiengo osoa bermatuta duen arren.

Egoera horren aurrean, jeltzaleek neurri sorta bat erregistratu dute Udalean, euren negoziazio-oinarria markatuko duena. Goenagak nabarmendu duenez, “aurreko ekitaldietako aurrekontu-akordioen betetze maila altua bada ere, erne jarraituko dugu konpromiso guztiak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko”.

EAJren lehentasunak 2026ko aurrekonturako:

Andoaingo aparkaleku-arazoari irtenbidea ematea. Leitzaran institutuko atzealdean aparkaleku bat eraikitzea bultzatzea proposatzen da; gune berriak 100 plaza inguruko edukiera izango luke, eta Udalak jada badu 376.598 euroko aurrekontua duen proiektu idatzia. Horrez gain, Galardin beste aparkaleku-proiektu bat amaitzear dago, 20 plaza gehigarriekin.

Trantsizio energetikoa eta auto-hornidura bultzatzea. 100.000 euroko partida sartzea eskatuko da eguzki-plakak instalatzeko: 70.000 euro OPUA eraikinean eta 30.000 euro Bastero Kulturgunean edo hilerriko sapaian.

Leizaur lokalaren eta plazaren egokitzapena burutzea. Laster amaituko dira Leizaur parkeko komun berriak martxan jartzeko lanak, 2025eko aurrekontu-akordioaren emaitza. EAJk 60.000 euro gordetzea proposatzen du ondoko lokala egokitzeko eta kanpoko plaza antolatzeko.

Bertxingo zentralaren eguneratzea jarraitzea. 2025ean hasitako lanekin lerrokatuta, gutxienez 50.000 euroko partida bermatzea eskatuko da modernizazio eta mantentze lanetarako.

Udal liburutegi berria bultzatzea. EAJren ustez, premiazko denbora galtzen ari da zinema zaharren lurzatia erosteko prozesuan, liburutegi berria izateko aurreikusita baitago. 60.000 euro eskatuko dira Hirigintza arloan proiektua idazteko, eta beste 60.000 euro Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO/PGOU) aldatzeko lanak hasteko.

Ondarretako irisgarritasun eta urbanizazio hobekuntzako proiektuaren 1. FASEA abiaraztea. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesutik sortutako proiektuak 2,2 milioi euroko aurrekontu globala du. Proiektua 3 fasetan banatu zen, eta EAJ-PNVk lehen fasea gauzatzea planteatzen du 749.936 euroko aurrekontuarekin, Ondarreta atzealdeari dagokiona (notariotza ingurua), etxebizitzetara sartzeko oztopo nagusiak pilatzen diren eremuan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...