Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/12/10

EAJ-PNVk salatu du EH Bilduren “harrokeria” eta “akordiorako ezintasuna”, aurrekontuei emandako hamaikagarren “ez”aren ondoren

Ianko Gamboa: “Bilduk beti dio prest dagoela akordiorako, baina beti ezezkoan amaitzen du; hamaika aldiz jarraian ezezkoa ematea errekorra da, marka propioa”
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduren “harrokeria” eta “akordiorako ezintasuna”, aurrekontuei emandako hamaikagarren “ez”aren ondoren

EAJ-PNVk salatu du EH Bildu berriro saiatu dela Gipuzkoako Aurrekontuak blokeatzen. Hala egin du gaurko osoko bilkura monografikoan, 2026ko aurrekontu-proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuta. Jeltzaleen arabera, “ez” berri hau jada hamaika aurrekontu foralen segidari gehitzen zaio EH Bilduren babesik gabe, eta “herritarren aurrean azaltzen zaila den marka politiko” bihurtu da.

EAJ-PNVko batzarkide Ianko Gamboak salatu du EH Bildu “harrokeriatik eta ez interes orokorretik” jokatzen ari dela, eta adierazi du “EH Bilduren arazo handietako bat harrokeria dela; hortik datorrela negoziazio guztietara jotzen duten nagusikeria-jarrera”. Gamboaren hitzetan, jarrera horrek azaltzen du zergatik ez den gai “akordioak lortzeko PNV gobernatzen duen tokietan”.

Gamboak gogorarazi du 2026rako aurrekontuek 1.200 milioi euro baino gehiago hartzen dituztela barne, eta horietatik 600 milioi inguru gizarte-babeseko politiketara bideratu direla. Halere, “orientazio sozial honek ere ez du balio izan EH Bilduk bere osoko zuzenketa kentzeko”. EAJ-PNVren ustez, koalizioaren ezezkoa ez dator kontuen benetako edukiagatik, baizik eta aurretik erabakitako estrategia batengatik: “EH Bildu ez da errealitatetik abiatzen, baizik eta PNVk egindakoa bada edozein aurrerapen onartzea eragozten dion kontakizun batetik”.

Batzarkideak adierazi du, halaber, kontraesankorra dela EH Bilduren jarrera akordioerako. Azaldu du Nafarroan koalizioak azken urteetan aurrekontuen % 0,25 eta % 0,26ren baliokide diren proposamenak onartu dituela, eta Gipuzkoan, berriz, % 0,73 eta % 2,9ren baliokide diren hobekuntzak ukatu dituela, baita 35 milioi euroko eskaintza ere. “Nafarroan bai, Gipuzkoan beti ez; nahiz eta hemen han baino hamaika aldiz gehiago eskaini zaien”. “Konparazio horrek berak esaten du dena”, nabarmendu du Gamboak, eta gaineratu du: “Bilduk beti dio prest dagoela, baina beti bukatzen du ezetz esaten; hamaika aldiz jarraian izatea marka bat da, marka propioa”.

EAJ-PNVren ustez, akordioa baztertzeko joera hori polarizazio-estrategia baten parte da, koalizioak “Espainiako politikatik zuzenean ekarri duena”, PNVren ibilbidearekin bat ez datorren leku batean kokatzeko. Gamboaren esanetan, “EH Bilduk ez ditu akordiorik nahi PNVrekin, alderdi abertzale egonkor, adostasun zabal eta herri-proiektu ordezkatzen duen alderdiarekin agertzeko beldur delako”; eta ziurtatu du PNV “ordezkatzeko obsesioak” azaltzen duela euren ezezko iraunkorra: “hamaikagarren ezezkoaren atzean ez dago soilik taktika politikoa, baizik eta obsesio sakona”.

Alderdi jeltzaleak kontuen norabidea eta Foru Gobernuak erakutsitako irekiera defendatu ditu. “Eider Mendoza buru duen gobernuak prest egon da EH Bildurekin, PPrekin eta Podemosekin negoziatzeko”, adierazi du Gamboak, eta azpimarratu du “EH Bilduk jarrera aldatzen badu, PNV eta diputatu nagusia prest izango dituela adosteko, beti bezala”.

EAJ-PNVk berretsi du aurrerapen ekonomikoaren, justizia sozialaren eta zerbitzu publiko sendoen aldeko bere eredua; eta adierazi du lanean jarraituko duela “Gipuzkoak bere kabuz erabaki dezan, erantzukizunez, lasaitasunez eta egiaz, prepotentzia, blokeoa eta kanpotik ekarritako zatiketa nahiago dutenen aurrean”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...