Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk ez duela benetako negoziaziorik aurrera eraman Usurbilgo 2026ko aurrekontuen inguruan eta “itxurakerietan” geratu direla
Jeltzaleen ustez, gobernuak ez du bere hitza bete eta ez da gai izan azalpen sinesgarririk emateko hainbat inbertsio baztertzeko garaian.
Usurbilgo 2026ko aurrekontuen eztabaidak agerian utzi ditu Gobernu taldearen eta oposizioaren arteko desadostasunak. EAJ-PNVren iritziz, aurrekontuak lantzeko prozesua aukera galdua izan da, EH Bildu buru duen udal gobernuak ez duelako erakutsi “benetako negoziazio borondaterik”, ez eta oposizioaren ekarpenak seriotasunez kontuan hartzeko prestutasunik ere. Alderdi jeltzalearen ustez, EH Bilduren jarrera “itxia eta azalekoa” izan da, eta beste behin ere gehiengo absolutuaren erabilera mekanikoa nagusitu da.
Udalbatza saioan emandako azalpenen arabera, EAJ-PNVk ohartarazi du negoziaziorik ez dela existitu, eta EH Bilduk aurkeztutako proposamen bakarrak izan direla “itxura egiteko neurriak”, oposizioa asetzeko helburuarekin, baina inolako logika orokor edo koherenterik gabe antolatuta. Horregatik, besteak beste, talde jeltzaleak ez du babestu aurkeztutako aurrekontu proiektua.
EAJ-PNVren arabera, oposizioaren lana “serio eta zorrotz” landu da, eta horren erakusgarri dira aurkeztutako zortzi emendakin zehatzak. Emendakin guztiak udal gobernuak berak partekatutako datu ekonomikoetan eta udalerriko egoera errealean oinarritzen dira, jeltzaleen esanetan. Proposamenak “teknikoki zein ekonomikoki egingarriak” direla azpimarratu dute, eta “herritarren egunerokoan eragin zuzena” duten inbertsioetan oinarritu direla.
EH Bilduren ukazioa: “itxurakeriaz estalitako ezezkoa”
Talde jeltzaleak salatu du EH Bilduk oposizioaren proposamenen aurrean aitzakia ugari eman dituela. EAJ-PNVren arabera, udal gobernuak “gurea edo ezer ez” logikaren bidez jokatu du berriz ere, eta “negoziatzeko borondaterik ez duen jarrera” erakutsi du. EH Bilduk emandako azalpenak jeltzaleen ustez “ez dira sinesgarriak ezta serioak ere”. EAJ-PNVk kontrako arrazoi ugari gogorarazi ditu: Spinning ekipamenduaren egoeraz adierazitako bertsioa ez datorrela bat erabiltzaileen iritziarekin; Komun publiko berri bat ipintzearen aukera beste proiektu baten aitzakipean deskartatu dutela; edota bide-bazterren eta herri-bideen mantenuari bideratutako hasierako proposamenetan ez zela igoerarik planteatzen, naiz eta plenoak aurrez mozio batetan horretarako konpromezua hartuta zuen.
Jeltzaleen kezkak nabarmenak izan dira kanpo auditoriaren auzian. Proposatutako 13.000 euroko partidarekin, EAJ-PNVren esanetan, “ezinezkoa da” azken 3-4 urteetako kontu ikuskaritza independente bat egitea. Kopuru horiek “oso urrun” daude beharrezko diru partidatik. EAJ-PNVko kideen ustez, horrek galdera argia planteatzen du: Ez al du udal gobernuak nahi azken urteetako kudeaketa ekonomikoa ikuskatzea? Zer dute ezkutatzeko? EH Bildu ez da argitzeko gai izan zergaitik ez den behar adinako kopururik bideratu honetara.
Santuenea–San Esteban bidearen birgaitzea izan da desadostasun aipagarrienetako bat. 2024an EH Bildu eta EAJ-PNVren artean sinatutako akordioak jasotzen zuen proiektuaren eguneraketa, baina jeltzaleen arabera, ez da gauzatu eta udal gobernuak berak ez du jakin azaltzen zein den proiektuaren egungo egoera. Gainera, EH Bilduk adierazi zuen “proiekturik ez dagoela”, baina jeltzaleen arabera proiektua Udalean 2018tik existitzen da eta eguneratua egon beharko luke. Hala esan omen zen pasa den astean izandako batzordean, baina errealitatea oso bestelakoa da, EAJ-PNVren ustez “Maltzurkeriaz jokatu da, herritarrak eta oposizioa nahasteko saiakera egin da”.
Gainera, EAJ-PNVk ohartarazi du 2026an igerilekua hilabete gehienetan itxita egongo dela, eta horrek gastuen egokitzapen nabarmena ekarriko duela: argindarra, erregaia, mantenua eta zerbitzu osagarriak. Udal gobernuak aurrekontuan egindako aurreikuspenak, ordea, jeltzaleen ustez “ez datoz bat errealitatearekin”, eta hori kudeaketa ekonomiko eskasaren seinale dela nabarmendu dute. Sorosleen soldatak aurreikusi izana, adibidez, “pistina itxita egongo denean” jeltzaleen esanetan, “aurrekontuen zorroztasun falta nabarmenaren adibidea” da. Hau ez da soilik EAJ-PNVren pertzepzioa, hala jasotzen da baita ere Usurbilgo Kontrol Iraunkorreko Fiskalizazio Txostenean ere, “Gastuaren plangintzan ahulezia bat antzeman da, aurrekontu-aurreikuspen zuzena eta ondorengo finantza-kontrola zailtzen dituena”.
Oposizioarekiko errespetu falta nabarmena
Emendakinei emandako erantzunari ez ezik, EAJ-PNVk formaren inguruan ere kritikak azaldu ditu. Jeltzaleen arabera, udal gobernuak oposizioaren ekarpenak “ataketzat” hartu ditu, eta ez du “errespetu instituzionalik” erakutsi. Aurrekontuak aberasteko helburuz egindako ekarpenak ez dira behar bezala baloratu, eta EH Bilduren jarrera “urrun dago gehiengo absolutua duen talde batek erakutsi beharko lukeen arduratik”.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, EAJ-PNVren ustez Usurbilek aukera galdu du 2026rako aurrekontu sendo, partekatu eta herritarren beharrei egokitutako bat izateko. Talde jeltzaleak salatu du EH Bilduren jarrera ez dela izan lankidetzakoa, ez gardena, ez parte-hartzailea, eta ondorioz, aurrekontu-proiektuak ez duela bere babesa izan.
EAJ-PNVren esanetan, Usurbilek “seriotasuna, gardentasuna eta elkarrizketan oinarritutako gobernantza eredua” behar ditu, eta ez “inposizioan, itxikerian eta itxurakerian oinarritutako aurrekontuak”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/11/12
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


