Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/11/28

EAJ-PNVk 2026ko Aurrekontuen hutsune estrategikoak salatu ditu eta Udal Gobernuari plangintza sendoagoa eskatu dio

Aurrerapausoak aitortu arren, jeltzaleek ohartarazi dute Lanbarreni eta hondakinen sistemaren finantzaketari buruzko konpromiso zehatzik ez dagoela
EAJ-PNVk 2026ko Aurrekontuen hutsune estrategikoak salatu ditu eta Udal Gobernuari plangintza sendoagoa eskatu dio

EAJ-PNVk bere balorazioa plazaratu du 2026ko Aurrekontuei buruz, ikuspegi eraikitzailea, zorrotza eta interes orokorrean oinarritua mantenduz.Talde jeltzaleak nabarmendu du aurrekontuek badituztela elementu positiboak, baina hutsune larriak ere ageri direla udalerriaren etorkizunerako funtsezko bi arlotan: Lanbarren industrialdearen egoeran eta hondakinen sistemaren finantza-jasangarritasunean.

Negoziazio prozesuan, EAJ-PNVk hiru lehentasun nagusi jarri zituen mahai gainean:

   • Gazteentzako laguntza psikologikorako programa sendoa sortzea,

   • Lanbarrenen diagnosi independentea eta berraktibazio estrategia zehatza garatzea,

   • Adin eta belaunaldi arteko parte-hartzea indartzeko proiektu berriak garatzea.

Hala ere, talde jeltzaleak salatu du aurrekontuek ez dutela oraindik Lanbarreni buruzko konpromiso argirik jasotzen. Industrialdea Oiartzunen motor ekonomiko nagusietakoa izan arren, gaur egungo egoerak —hondatze fisikoa, irisgarritasun arazoak, seinaletika eskasa eta jarduera ekonomikoaren beherakada— esku-hartze azkar eta planifikatua eskatzen du.

Bestalde, hondakinen sistemari dagokionez, EAJ-PNVk berretsi du kostuek eta eredua finantzatzeko zalantzek kezka eragiten dutela oraindik. Gobernuarekin adostutako batzorde tekniko-politikoaren sorrera pauso positiboa bada ere, talde jeltzaleak argi utzi du gai honek ez duela oraindik behar besteko gardentasunik eta jasangarritasun bermerik.

Taldearen mezua argia da: “Ez gaude ezer blokeatzera etorri. Aurrekontuen zenbait atal aurrerapauso interesgarriak dira, baina Lanbarrenen inguruko hutsunea eta hondakinen sistemaren finantzaketaren zalantzak ezin dira ezkutatu. Oiartzunen etorkizun sendoa eraikitzeko, plangintza eta ausardia behar dira”.

Amaitzeko, EAJ-PNVk bere jarrera eraikitzailea berresten du eta prest azaldu da aurrekontuak hobetzen jarraitzeko, herritarren benetako beharrei erantzuteko. Hala ere, ohartarazi du elkarlana ezin dela oinarritu inprobisazioan ezta ikuspegi estrategikorik ezean ere.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...