Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/11/27

Jon Insausti Donostiako alkateak aurrekontuak donostiarron bizitza hobetzeko pentsatuta daudela nabarmendu du

Donostiak inoizko aurrekontu sozialena onartu du
Jon Insausti Donostiako alkateak aurrekontuak donostiarron bizitza hobetzeko pentsatuta daudela nabarmendu du

Donostiako Udalbatzak udalaren 2026ko aurrekontua onartu du, erakundeak inoiz izan duen aurrekonturik sozialena hain zuzen ere. Guztira, udalak 494.456.134 milioi euro kudeatuko ditu, eta horietatik 40,5 milioi hiritarren ongizatera bideratuko dira. Izan ere, gizarte zerbitzuek % 8,3ko hazkundea izango dute nahiz eta kontuak % 4,45a murriztu. Hala, arlo sozialera bideratutako dirua aurrekontu orokorraren % 8,20a izango da eta horrek adierazten du udal gobernuaren lehentasuna: donostiarra.

Jon Insausti Donostiako alkatearen arabera “Donostiak merezitako aurrekontua onartu dugu: baliagarria eta gertukoa, gizarte-egiturarekin bat egiten duena eta ekintzaileari laguntzen diona. Azken finean, aurrekontu arduratsua eta donostiarron bizitza hobetzeko pentsatutakoa”

Alkateak nabarmen duenez, “udalaren inoizko aurrekontu sozialena da” eta honekin batera “etxebizitzan jartzen du indarra, baita segurtasunean ere, Egiako polizia-etxea tarteko”. Insaustik aipatu du “aurrekontu honek donostiarron eguneroko bizitzaz hitz egiten duela, lantokira garaiz iristeaz, autobusaren funtzionamendu egokiaz, elkarteetaz, hiria egiten duten erakundeetaz. Gauza txikien aurrekontua da, detaileena, baina baita asmo handiena ere: hiri garbia izateko, zaindua, ondo mantendua, azken xehetasunera begira jarria, baina aldi berean garapenari erreparatzen duena, minbizia sendatzeko protonterapia hartzen duena, ordenagailu kuantikoa ere baduena, Eskuzaitzeta edota Miramongo parke teknologikoari ere adi bizi dena”. Insaustik auzoei ere garrantzia eman die: “41 milioi bideratu ditugu auzoak hobetzeko: promesak zenbakietan gauzatu dira”.

Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok esan du, 2026ko aurrekontuak kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko apustua egiten du eta inor atzean ez uzteko gizarte politikak indartzea du xede. Eta honakoa gaineratu du: “Aurrekontu orekatua diseinatu da, donostiarren eta Donostiako auzoen beharrei erantzuna emateko. Hiri garbia eta zaindua izateko, mugikortasun jasangarria eta eraginkorra izateko , kultur eta kirol instalazio egokiak donostiarren eskura jartzeko”.

Horiek horrela, Orbegozok azpimarratu du, lehentasunezko arloak indartuko direla eta, ondorioz, gastu arrunta 12,3 milioi eurotan handituko dela, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko ezinbestekoa den langileen atala %5,69 handituko dela eta gizarte politiketara inoizko baliabide kopuru handiena bideratuko dela, hain zuzen ere, 40,5 milioi euro.

Era berean, Kerman Orbegozok adierazi du, 2026ko aurrekontuak inbertsio estrategikoak bermatzen dituela, eta Donostiak aurrera egin dezan behar dituen politiken egonkortasuna berresten duela. Hau da, etorkizuneko erronkei erantzuteko oinarriak jartzen dituen aurrekontua da.

Aurrekontu sozialaren adierazle nagusiak honakoak dira:

• Adineko pertsonen harretara 17.072.935 euro, gizarte aurrekontu osoaren %42,09a.

• 65 urte edo gehiago duten donostiar bakoitzeko 343,82 euro.

• Adin txikikoen arreta eta babesari 4.344.742 euro (165,94 euro adin txikiko bakoitzeko).

• Gizarteratze atalera 12.039.558 euro, gizarte aurrekontu osoaren % 29,68a, (432,67 euro bazterkeria egoeran dagoen pertsona bakoitzeko).

• Gizarte zerbitzuguneetara 6.622.104 euro, hirian dauden zortzi zerbitzuguneen jarduetarako.

Arlo sozialarekin lotutako 12 lanpostu berri sortuko dira: 3 psikologo, 5 gizarte langile, 3 administrari eta administrari orokorreko teknikari 1. Lehendabiziko kapitulua, pertsonal gastuari dagokiona alegia, 1.077.190 eurotan handitu da, hau da %12,43a aurreko urtearekiko. Eta inbertsioetara, azkenik, 1.798.556 euro bideratuko dira: 614.556 euro Erdigune–alde zaharreko gizarte zerbitzu gune berria martxan jartzeko, 1.084.000 euro Erdialdeko jubilatuen elkartea eraberritzeko eta 100.000 euro Gizarte Larrialdieterako Udal zerbitzua berritzeko. Halaber Zerbitzu eta kontratuetan esfortzu gehigarri bat egin da, guztira 22.730.000 euroko aurrekontua bideratuz, aurrekontu osoaren %56,03a, aurreko urtean baino %3,24 gehiago.

Honekin guztiarekin, udal zerbitzu publikoak indartzea da helburua, inor atzean ez uzteko eta donostiarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak hobetzeko.

Gaurko egunean, Donostiako udalak behinbetiko kontuak onartu ditu eta lehen aldiz urtarrilaren 1ean indarrean sartuko dira.

Udal gobernuak oposizioko talde guztiei zuzenketak onartu dizkie

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...