Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/11/22

GBBko presidenteak azpimarratu duenez, "migrazioari erantzun arduratsua emateko, bere dimentsio etikoa, pragmatikoa eta problematikoa bateratuko dituen politika publikoa behar da"

Gogorarazi duenez, "Migraziorako Euskal Itun Sozialak dimentsio hirukoitz hori garatzeko tresnak eskaintzen ditu"
GBBko presidenteak azpimarratu duenez,

"Migratzaileak: Txuri-Berde-Gorriaren Herrian" izenburuazmigrazioari buruzko prestakuntza jardunaldia egin du gaur Gipuzkoako EAJ-PNVk Gipuzko Buru Batzarreko egoitzan. Bilera horretan Euge Arrizabalaga GBBko presidenteak adierazi duenez, alderdia "bat dator Nazio Batuen Migrazio Seguru, Ordenatu eta Erregularrari buruzko Munduko Itunarekin". "EAJ-PNVk euskal harrera- eta integrazio-eredua sustatzen du, eskubide- eta betebehar-berdintasunean" azpimarratu du. 

Arrizabalagaren iritziz, migrazioaren gaia "errealitate globala eta egiturazkoa da, desberdintasunak, miseriak, gerrek, krisi klimatikoek... migrazioak eragiten baitituzte mundu osoan". Egitate faktiko horretatik abiatuta, "migrazioak ikuspegi desberdineko begirada eskatzen du, hau da, migrazioari erantzun arduratsu eta demokratiko bat emateko, migrazioaren dimentsio etiko, pragmatiko eta problematikoak hartzen dituen politika publiko bat behar da".

Dimentsio etikoa

Lehenik eta behin, etika demokratikoaren, elkartasunaren eta gizatasunaren dimentsioa aipatu du. "Erantzun egokia ematea ez da aukera bat bakarrik, barne zuzenbidean eta nazioarteko zuzenbidean jasotako betebeharra ere bada", azaldu du, "eta harrerako eta integrazioko politika publikoak hedatzeko erabaki politiko eta instituzionala eskatzen du".

"Migrazioa hainbat arrazoik eragindako beharra da", azpimarratu du Arrizabalagak, "gure arbasoei gertatu zitzaien, eta guri edo gure seme-alabei ere gerta lekiguke". Horregatik, sentsibilitatea eta enpatia eskatu ditu.

Dimentsio pragmatikoa

Dimentsio pragmatikoari dagokionez —"Euskadik aurrera egiten jarrai dezan, geure migrazio-beharra dugu"—, azpimarratu du "immigrazioa behar dugu, gure defizit demografikoari eta lan-merkatuko eskulan premiari erantzuteko". "Gipuzkoan dagoeneko 35.000 pertsona atzerritar ditugu Gizarte Segurantzan afiliatuta, eta erabakigarriak dira zenbait sektoretan, adibidez,merkataritzan, ostalaritzan, zaintzan edo eraikuntzan", gaineratu du GBBko buruak.

Euge Arrizabalagak zehaztu duenez, gure herrialdean jaiotza gutxiago dago urtetik urtera, eta, hala eta guztiz ere, Gipuzkoako biztanleria pixka bat hazten ari da migrazioari esker, 729.000tik 732.000ra 2024an. Nolanahi ere, "migrazioak erregularizazioa eta lurralde arteko eta erakunde arteko lankidetza behar ditu", nabarmendu du.

Dimentsio problematikoa

Bere hitzaldian burukide jeltzaleak ez du alde batera utzi nahi izan dimentsio problematikoa. "Jakin badakigu diskurtso populista, xenofobo eta arrazistek, munduan barrena atzerritarraribeldurra eta arbuioa sortzen dutela, hobeto esanda, ‘atzerritar pobreari’; eta demagogia arrazista hori gero eta atxikimendu sozial handiagoa eta kezkagarriagoa lortzen ari dela gure ingurune europarrean", ohartarazi du.

Hori horrela, ohartarazi du inkesten arabera, Euskadin diskurtso horien babesa ez dela % 4ra iristen, eta "zorionez % 80k migratzaileen ekarpena defendatzen eta onartzen dute, eta, paperik ez badute, haien erregularizazioa babesten dute". "Hala ere, gauden erne", gaineratu du.

Proposamenak

Hori dela eta, GBBko presidenteak "Migraziorako Euskal Itun Sozialaren espiritua eta letra ez ahaztea" eskatu du. 2019ko azaroaren 30ean onartutako Ituna euskal gizarte-erakunde eta herri-erakunde guztiek sinatu zuten, eta bere oinarria funtsezko printzipio etiko hau da: "guk jaso nahiko genukeena eskaintzea".

"Itun horren edukiak diskurtso partekatua eta batasun konpromisoa garatzeko tresnak ematen dizkigu. Xenofobiaren erabilera populista ororen aurrean, demagogiaren aurrean, gehiengo demokratikoaren pisua eragingarri egingo duen batasuna mantentzeko konpromisoa ezartzen du” adierazi du.

Alderdi jeltzaleak alor honetarako eskaintzen dituen proposamenen artean, EAJ-PNVko burukideak  Europar Batasuneko herrialde eta eskualdeen artean partekatutako politiken alde egin du Nazio Batuen Migrazio Seguru, Ordenatu eta Erregularrari buruzko Munduko Ituna garatzeko. Era berean, "asilo-eskatzaileen harreran eta integrazioan kudeaketa erantzukidea eta aldebiko politika" garatzeko beharra planteatu du, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan.

Arrizabalagak azpimarratu duenez, pertsona migratzaileak "hartzeko eta integratzeko modurik onena gizarteratzea eta laneratzea da; horregatik, bizileku- eta lan-baimenen arloan Euskadirentzako eskumenak handitzea lortu nahi dugu". Azken batean, "harrera eta integraziorako euskal ereduan eta horren tresna nagusietan sakontzearen alde gaude: harrerarako euskal zerbitzua, migrazio eta asilorako foroa eta Migraziorako Euskal Itun Soziala", gaineratu du.

Amaitzeko, argi esan die EAJ-PNVko militanteei eta jarraitzaileei euskal nazioaren kausa migratzaileekin partekatzeko. “Gure kausa politikora erakarri behar ditugu Gipuzkoa eta Euskadira datozenak; abertzaleak gara eta pertsona migratzaileak, gazteak eta helduak, gure elkarte politikoan sar daitezen eragin behar dugu; denei, emakume nahiz gizon, migratzaile guztiei, dei egiten diegu esku har dezatela euskal nazioren egitasmoan.”

Jardunaldian Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Xabier Aierdi, Begirune Fundazioko presidenteak parte hartu dute beste zenbait aditurekin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...