Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Osakidetzak Zumarragako Ospitaleko bloke kirurgiko berriaren obrak hasi ditu 75 milioi euroko inbertsioarekin
Eraikin berriak 9 kirofano, Minaren Unitate bat (hainbat kontsultarekin), hemodialisirako 18 postu, endoskopietarako 14 postu eta esterilizazio-gela bat izango ditu. Handitze horrekin, Osakidetzak pazienteen arreta indartu eta eskualde horretako zerbitzu kirurgikoak modernizatu ditu Goierriko eta Urola Garaiko 100.000 bizilagun ingururentzat.
Argazkiak...
Osakidetzak Zumarragako Ospitaleko bloke kirurgiko berria eraikitzeko prestaketa-lanei ekin die, Goierri-Urola Garaiko ESIn. Azpiegitura horri esker, arreta asistentziala indartu eta eskualdeko kirurgia-zerbitzuak modernizatu ahal izango dira.
Proiektu estrategiko horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 75 milioi euro inbertituko ditu, 58 milioi obra eta udal-lizentziak gauzatzeko erabiliko dira, eta gainerako 17 milioiak eraikin berriaren hornidura teknologikoan eta ekipamenduan. Obraren amaiera 2028ko abendurako aurreikusita dago.
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak azpiegitura berria aurkeztu dute gaur goizean, Laura Agirre Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari kudeatzailearekin batera. Aurkezpenaren aurretik, eta sailburuak ESIetan profesionalei entzuteko egiten duen prozesuaren barruan —dagoeneko Bidasoa, Debagoiena, Debabarrena, Donostia, Gurutzeta, Basurto, Galdakao, Santa Marina, Gorliz, Txagorritxu, Santiago, Arabako Errioxa... bisitatu ditu— Goierri-Urola Garaiko zuzendaritza-taldearekin eta profesionalekin bildu da, eskualde horretako Lehen Mailako Arretaren zein ospitaleetako arretaren egoera bertatik bertara ezagutzeko, 100.000 biztanle inguru hartzen baititu, eta % 21eko zahartze-tasa du. Jardunaldi horretan, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte Osasun eta Gobernantza eta Jasangarritasun Sanitarioko sailburuordeak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia izan dira, hurrenez hurren, eta ESI (Erakunde Sanitario Integratua) osatzen duten udalerrietako alkateekin ere bildu dira.
Osasun-arreta modernizatzeko aurrerapausoa
Martínez sailburuak adierazi duenez, bloke kirurgiko berria eraikitzeak egungo azpiegiturak nabarmen hobetzea ahalbidetuko du, itxaronaldiak murriztuta eta zirkuitu asistentzialak eta logistikoak optimizatuta. Gainera, osasun-arloko langileen lan-baldintzak hobetzen lagunduko du, eta ospitaleak herritarren eskaera gero eta handiagoei erantzuteko duen gaitasuna indartuko du. “Osasun-arreta etengabe hobetzearen eta ongizatean haztearen aldeko apustu irmoa da, bai hemen lan egiten duten pertsonentzat, bai gure pazienteentzat. Inbertsio handia ospitale moderno, funtzional eta prestatuago baterako, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko”, adierazi du.
Bloke kirurgiko berria egungo ospitalearen fatxada nagusiaren aurrean eraikiko da, eta bertara pasabideen bidez konektatuta egongo da; horrek bi espazioen arteko komunikazio arina bermatuko du.
Eraikinak 17.000 metro karratuko guztizko azalera izango du, zortzi solairutan banatuta. Asistentzia-jarduerara bideratutako bost solairuek 2.000 m² izango dituzte, eraginkortasun energetikoaren, irisgarritasunaren eta funtzionaltasunaren irizpideekin diseinatuta. Gainerako hiru solairuak aparkalekurako eta eraikineko instalazio teknikoetarako erabiliko dira.
Diseinuak espazio zabalak, argitsuak eta malguak aurreikusten ditu, datozen urteetako asistentzia- eta teknologia-beharretara egokituak, igogailuen eta barne-zirkulazioaren sistema moderno batekin, pazienteen, langileen eta materialen fluxuak optimizatzea ahalbidetuko duena.
Kirurgia-bloke berriaren banaketa
-1 eta -2 solairuak: instalazioak eta aparkalekuak
• Eraikinaren instalazio tekniko nagusiak hartzeko.
• 60 aparkaleku izango dituzte irisgarritasuna hobetzeko.
Beheko solairua: hemodialisia, onarpena eta zerbitzu orokorrak
• 18 hemodialisi-postu, horietako bi paziente infekziosoentzat eta beste bi itxiak.
• 3 kontsulta mediko, horietako bat peritoneoko kontsultarako.
• Erizaintzako kontrola, biltegi teknikoak eta ekipoetakoak, urak tratatzeko gela, garbietarako guneak eta zikinetarakoak bereizita, langileentzako eremuak eta administrazioko bulegoak.
• 200 lagunentzako ekitaldi-areto bat eta 150 m²-ko kafetegi bat.
• Erabiltzaileak onartzeko eta arreta emateko gunea: 3 postu, 4 back office eta erabiltzaileei arreta emateko 2 bulego espezifiko.
• Segurtasunerako espazioak, itxarongela eta komunak.
Lehen solairua: Minaren Unitatea eta endoskopia-eremua
• Minaren Unitatea, 2 kontsultarekin eta 6 pazienterentzako tratamendu-gela batekin.
• Eguneko ospitale medikoa, 8 posturekin.
• 4 endoskopia-gela, guztira 14 posturekin, gaur egun baino edukiera handiagokoak.
• Unitateko kontrola, biltegiak, bulegoak, komunak, eta garbietarako guneak eta zikinetarakoak.
Bigarren solairua: kirurgiako eremua eta kirurgia ostekoa
• 4 kirofano (kirurgia txikikoak eta kirurgia handi anbulatoriokoak - CMA).
• 22 postu eguneko ospitale kirurgikoan, horietatik 2 presio negatibokoak izango dira eta beste 2 itxiak.
• Erizaintzako kontrola, aldagelak, txosten-gelak eta bilera-gelak, bulegoak, komunak, officea eta biltegiak.
Hirugarren solairua: esterilizazioa eta instalazio teknikoak
• Esterilizazio-gela berria hartuko du, oraindik zehazteko eta lizitatzeko dagoena, euskarri tekniko eta logistikoko beste instalazio osagarri batzuekin batera.
Laugarren solairua: edukiera handiko kirofanoak eta errekuperaziokoak
• 5 kirofano, aurreko lauei gehituta. Guztira, beraz, 9 kirofano bloke osoan, gaur egun baino hiru gehiago.
• Anestesia osteko sendaketarako 14 postu (URPA), horietatik 4 itxita egongo dira eta 2k presio negatiboa izango dute.
• Pazienteak prestatzeko gunea 5 posturekin, eta aldagelak, txosten-gelak, bulegoak, biltegiak, komunak eta atseden-eremua.
Bosgarren solairua: instalazioak (beroketa-sistema, aire girotua...)
Nabarmentzekoa da Zumarragako Ospitalea dela hemodialisi-unitatea duen Osakidetzako eskualdeko ospitale bakarra, giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa duten pazienteentzako funtsezko zerbitzua Goierriko eta Urola Garaiko eskualdeetan.
Lanen hasiera eta obraren plangintza
Lehen fase honetan, jarduketen ardatza lurra prestatzeko hasierako lanak izango dira: obrako etxolak instalatzea, kanalizazioak aztertu eta desbideratzea, zuhaitzak inaustea eta sarbideko biribilgune berri bat eraikitzea.
Kanpoko obra denez, ospitaleko asistentzia-jarduera normaltasun osoz mantenduko dela bermatzen da eraikuntza-prozesu osoan.
Hala ere, afekzio puntualak gerta daitezke kanpoko eremu batzuetan —aparkalekuetan, bideetan edo autobusen geralekuetan—. Goierri-Urola Garaiko ESIk beharrezko neurri guztiak hartuko ditu gorabehera horiek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ospitalearen, langileen eta erabiltzaileen eguneroko jardunean.
Datozen asteetan, ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean dauden hainbat aparkaleku kenduko dira, eta sarbide nagusiaren eskuinaldean dagoen aparkalekua erabilgarri egongo da. Barruko zirkulazioan ez du eraginik izango, behar bezala seinaleztatu eta aldez aurretik jakinaraziko diren mozketa puntualetan izan ezik.
Goierri-Urola Garaiko ESIk etengabe emango du obren bilakaeraren, proiektuaren aurrerapenen eta eragin posibleen berri, komunikazio-kanal ofizialen bidez.
Helburua da une oro bermatzea gardentasuna, koordinazioa eta segurtasuna osasun-azpiegitura berri hau eraikitzeko prozesuan, jauzi kualitatiboa izango baita Goierriko eta Urola Garaiko biztanleei ematen zaien arreta kirurgiko, mediko eta asistentzialean.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


