Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/31

EAJ-PNVk prebentzio komunitarioko zerbitzuari buruzko faltsukeriak argitu nahi ditu eta salatu nahi du ere gobernuak konfrontazioa erabiltzen duela bere eraginkortasun eza estaltzeko

Hondarribiko EAJ-PNV udal taldeak, Udalak prebentzio komunitarioaren zerbitzuari buruz zabaldutako komunikatuaren zenbait alderdi argitu eta faltsukeriak gezurtatu nahi ditu.
EAJ-PNVk prebentzio komunitarioko zerbitzuari buruzko faltsukeriak argitu nahi ditu eta salatu nahi du ere gobernuak konfrontazioa erabiltzen duela bere eraginkortasun eza estaltzeko

Egia da zerbitzu horren kontratuak urteak zeramatzala berritu gabe, eta eguneratu eta Eusko Jaurlaritzaren V. Mendekotasun Planera egokitu behar zela. Horretan ari ginen. Beraz, guztiz faltsua da egungo gobernu-taldeak zerbitzu horren kontratua iraungita zegoela "jakin" zuela Udalera iristean. Egoera hori oso ezaguna zen, eta askotan aztertu izan zen. Beraz, Queiruga zinegotziaren baieztapena gezurra da, eta bidegabeki zalantzan jartzen du udal teknikariaren eta zerbitzu hori urteetan eskeini duten profesionalen lana.

Era berean, ez da egia Udalak zerbitzuari buruzko informaziorik edo kontrolik ez zuenik. Intsinuazio hori bereziki larria da, zalantzan jartzen baitu udaleko teknikarien profesionaltasuna eta konpromisoa. Urte hauetan guztietan etengabeko koordinazioa egon da prebentzio komunitarioko zerbitzuaren eta Gazteria Sailaren artean, astero bilera teknikoak eginez eta lan partekatu eta gardena eginez.

Prebentzio komunitarioko zerbitzuak ez dio inoiz funtzionatzeari utzi. Gazteekin, familiekin eta ikastetxeekin lan egiten jarraitu du, Udaleko Gazteria Sailarekin zuzenean koordinatuta. Familiak, gazteak eta ikastetxeak urte hauetan zehar jaso duten zerbitzuaren lekuko dira.

 Gobernu-taldearen komunikatzeko modu hori, gobernutik bertatik erasotzen eta oposizioa egiten duena, etengabeko formula bihurtu da kudeatzeko eta proiektu berriak sortzeko duen ezintasuna estaltzeko. Ikusten dugu, behin eta berriz, konfrontaziora eta ke-errezeletara jotzen dutela beren gabeziak eta emaitzarik eza ezkutatzeko. Ia 30 hilabete daramatzate agintean eta ez dira ezer aurrera ateratzeko gai izan zatiketa sustatu gabe. EAJk jada bideratuta utzi zituen proiektuak, Saindua Gaztelekua adibidez, ez dira gai amaitzeko. Urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin obra oraindik ez da guztiz bukatu. Horren inguruan, komunikazio gutxi!

Abotsanitzi eskatzen diogu utz diezaiola Udala eta komunikazio instituzionaleko kanalak erabiltzeari EAJren aurka oposizioa egiteko. Komunikazio publikoaren erabilera alderdikoi horrek ez die ezer onik ekartzen erakundeari, ezta herritarrei ere.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...