Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/31

Jon Insaustik bere konpromisoa berretsi du balio donostiarrak dituen Donostiaren alde

Zintzotasuna, Koherentzia, Errespetua, Gertutasuna eta Ardura partekatua izango dira Donostiako alkate berriaren agintaldiaren oinarriak.
Jon Insaustik bere konpromisoa berretsi du balio donostiarrak dituen Donostiaren alde

Donostiako alkate izendatu berri Jon Insaustik Orixe Ikastola bisitatu du gaur arratsaldean. Bertan hasi zuen bere heziketa aroa eta sinbolismo handiko leku horretan bere konpromisoa berretsi du “balio donostiarrak dituen Donostiaren alde”. Hortaz, “donostiarrak hezten, prestatzen laguntzen eta irakasten dutenekin inguratuta, bost konpromiso pertsonal partekatu nahi ditut. Izan ere, zuek prestatzen dituzue etorkizuneko donostiarrak, eta zuen eskuak, hitzak eta erabakiak izango dira aro berri honetarako adibidea eta itsasargia”.

Horiek horrela, Jon Insaustik honakoa azpimarratu du: “Gaurkoa ez da edozein eguna. Gaur aro berri bat irekitzen da, hiri bezala harremanak izateko eta elkar ulertzeko modu berri bat. Izan ere, Donostia hiri ireki eta anitza da, bere nortasunarekin harro dagoen hiria eta bere buruarekiko exijentzia handiko hiria. Errespetuz bizi, lan egin, ikasi eta elkarbizitzen duen hiria da. Emandako hitzak duen balioan eta komunitatearen indarrean sinesten duen hiria.

Bost konpromiso

Horrenbestez, Donostiako alkateak nabarmendu du, “Zintzotasuna, Koherentzia, Errespetua, Gertutasuna eta Ardura partekatua direla donostiarren aurrean hartzen ditudan bost konpromisoak, hain zuzen ere, aro berri hau gidatuko duten bost konpromisoak”.

Jon Insaustik zehaztu du bost konpromiso hauek hartzeko duen esanahia: “Zintzotasuna egia esanda gobernatzea da. Hiri baten konfiantza gardentasunez eta zintzotasunez eraikitzen da. Konfiantzarik gabe, ez dago komunitaterik”. 

Aipatu duen bigarren konpromisoa koherentzia izan da: “Esandakoa egin eta egindakoa esan. Jendeari begietara begiratu ahal izatea”. Eta konpromiso honek lotura oso zuzena du Donostiako alkate berriak hartu duen hirugarren konpromisoarekin: “Errespetua. Erabaki baino lehen entzutea.. Pertsona guztiak, auzo guztiak, kolektibo guztiak duintasunez tratatzea. Donostia plurala, anitza eta askea da. Ahots guztiek lekua duten hiria da”.

Jon Insaustik hartu duen laugarren konpromisoa gertutasuna da: “Gertutik gobernatzea, hiriaren bihotza sentituz. Izan ere, bakarrik hiria barrutik ezagutzen duen norbaitek benetan zaindu dezake”.

Azkenik, Donostia ez dela bulego batetik eraikitzen adierazi du, eta horregatik ardura partekatuaren konpromisoa hartu du: “Ondo gobernatzea elkarrekin egiten delako. Umiltasunez, elkarrizketaren bidez eta zentzuz”.

Hortaz, Jon Insaustik honakoa azpimarratu du: “Bost konpromiso hauek jarrera baten izaera dira, Donostia begiratzeko, egiteko eta sentitzeko modu bat. Eta balio hauek gure nortasunaren oinarria dira eta izaten jarraituko dira. Gure arima hiri gisa”.

Parte hartzaileak:

  • Arantxa Goenaga eta Amaia Martinez: Orixe Ikastolako zuzendaritza.
  • Jon Elzo: Orixe Ikastolako Guraso Elkartearen Presidentea.
  • Maider Ugartemendia: EHU
  • Marijo Aranguren: Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea.
  • Marisa Arriola: Bic- Berrilan zuzendari gerentea
  • Idoia Azaldegi: Polymat-eko zuzendari gerentea.
  • Ricardo Diez: DIPCren zuzendaria.
  • Francis Planes: Tecnun-eko zuzendaria.
  • Amaia Urcelay: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako Ordezkaria.
  • Beatriz Sauce. Donostiako Udaleko Ekintza Komunitarioko zerbitzuburua.
  • Agustin Erkizia: Donostiako Udaleko zientzia eta ezagutza koordinatzailea.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...