Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk gogorarazi du etxez etxeko laguntza Usurbilgo Udalaren eskumena dela eta ez Foru Aldundiarena
Ivan Iriondo: “Zaintzaren arloko erronkak guztion artean jorratu behar ditugu, baina erakunde bakoitzak bere ardura bere gain hartu behar du”
EAJ-PNVk irmo erantzun dio Udalbatzan alkateak egindako adierazpenei, zeinetan zalantzan jarri duen Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (SAD) finantzaketan egiten duen ekarpena. Jeltzaleek gogorarazi dute zerbitzu hori udalaren eskumena dela, eta, ondorioz, udalaren ardura dela behar diren baliabideak lehenestea eta bermatzea.
“Foru Aldundiak ezin du udal konpetentziak bere gain hartu”, adierazi dute EAJ-PNVtik. Argitu dute Gipuzkoako erakunde nagusiak lankidetza eta elkarlanaren bidez ekonomikoki laguntzen duela Usurbilgo Udala, baina ezin duela asumitu udalari dagokion ardura.
Udalaren lidergoa eta erantzukizuna ezinbestekoak dira
EAJ-PNVren ustez, zaintzaren arloan bizi dugun aldaketa sozial eta demografikoaren testuinguruan, ezinbestekoa da administrazio bakoitzak bere eskumenak eta betebeharrak argi izatea. Usurbilgo Udalak, bere gaitasunaren eta baliabideen baitan, erabaki behar du zein mailatan eta nola indartu nahi duen etxez etxeko laguntza, eta horrek bere isla izan behar du udal aurrekontuetan.
“Usurbilgo Udala adinez nagusia da: FOFINA kobratzen duenean, bere aurrekontuak egiten dituenean eta bere lehentasunak ezartzen dituenean.
Beraz, zintzotasunez jokatzeko garaia da: zaintza erdigunean jartzen bada, hori aurrekontuetan islatu beharko da” azpimarratu du Iriondok.
Foru Aldundiaren konpromisoa: datuak mahai gainean
Jeltzaleek gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte politiketan egiten duen ahalegin ekonomikoa “nabarmena eta egiturazkoa” dela. Aldundiaren aurrekontuaren %50 arlo sozialetara bideratzen da, eta 2026rako aurrekontu-proiektuan %12ko igoera aurreikusten da gizarte politiketan.
Honenbestez, nekez ipini daiteke zalantzan, zaintza eta ongizateari dagokionean, Foru Aldundiaren apustu sendoa. “Konpromisoa egiaztagarria da, eta zenbakiek berretsi egiten dute.”
“Zaintzaren herria” bai, baina aurrekontu konpromiso propioekin
EAJ-PNVk bat egiten du alkateak “Usurbil, zaintzaren herria” lemapean egindako diagnostikoarekin. Aldiz, alderdi jeltzalearen iritziz, ematen den irudia eta errealitatea ez datoz bat, eta zaintza arloko eraldaketaren zama ekonomikoa ezin da beste erakunde baten gain utzi. Iriondok azaldu du zaintzaren herria izateak konpromiso propioak eskatzen dituela. Salatu dute ezin dela etengabe ‘besteek ordaindu dezatela’ logikan oinarritu. Foru Aldundiak bere ekarpena egiten du, baina “erakunde bakoitzari berea egitea dagokio”.
Amaitzeko, EAJ-PNVk adierazi du elkarlanerako eta elkarrizketarako prest dagoela, baina betiere instituzio bakoitzaren eskumenen eta erantzukizunen mugak errespetatuz. Herritarren ongizatea eta zaintza duina bermatzeko lanean jarraituko dute.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


