Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/30

Zizurkilgo EAJ-PNVk 2026ko ordenantza fiskalen onarpenaren gardentasun eza eta igoeren azterketan egindako lana nabarmendu du

Udal gobernuak %25era bitarteko igoerak proposatzen ditu hondakinen tasan, igoerak behar bezala justifikatu gabe eta %4ko defizita aurreikusita. EAJ-PNVk herritarrei eragiten dien igoera horien kalkuluak eta xehetasunak jaso ditu.
Zizurkilgo EAJ-PNVk 2026ko ordenantza fiskalen onarpenaren gardentasun eza eta igoeren azterketan egindako lana nabarmendu du

EAJ-PNV Zizurkilgo udal taldeak 2026ko ordenantza fiskalen behin-behineko onarpenaren inguruan desadostasuna adierazi du, udal gobernuak ez baitu azalpen argirik eman tasen eta zergen igoerei buruz. Osoko bilkuran, tasa gehienetan %2ko igoera orokorraren eta hondakinen bilketa tasan %25eko igoera izango zela jakinarazi zen. Hala ere, EAJk nabarmendu du gobernuak ez duela gardentasunik eta oposizioarekiko errespetu faltan jardun duela, izan ere, igoerei buruzko informazioa ez zen aldez aurretik helarazi eta saioan ez zen azalpen nahikorik eskaini.

Azken orduan emandako informazioaren arabera, udal tasak %2 igoko dira oro har, eta hondakinen bilketa tasan %25eko igoera berezia izango da. Gobernuak igoera hori zerbitzuaren kostuak estaltzeko beharrezkoa dela justifikatu du, baina EAJk gobernuak ez duela behar bezala azaldu zergatik izan behar duen igoera hain handia salatu du. Halaber, ez du argibiderik eman defizita konpontzeko planak zein izango diren. Gobernuak azaldu du, iaz %48ko igoera izan arren, % 22ko defizita egon zela hondakinen tasan. Gainera, aurten %4ko defizita mantentzea espero da, Europak defizita zero izatera behartzen duen testuinguruan.

EAJ-PNV taldea, oposizioan egon arren, gogor aritu da datuak aztertzen eta aplikatuko diren igoerak kalkulatzen. Igoera garrantzitsuenen artean, hondakinen tasan % 25eko igoera nabarmentzen da, eta taldeak uste dute zifra hori neurriz kanpokoa dela, funts horien helburuei buruzko azalpen ez baitago. Gainera, gobernuak ez duela bestelako igoerak aztertzea erraztu nabarmendu dute , eta horrek osoko bilkuran eztabaida eraikitzailea eta zehatza izatea zaildu egin du.

Era beran, EAJ-PNVk onarpen prozesuaren forma ez zela egokia izan adierazi du, gobernuak ez baitzion oposizioari deialdirik egin osoko bilkura baino 24 ordu lehenago, eta beraz ez zuen denborarik eman zuzenketak aurkezteko eta azalpen nahikorik emateko. Urriaren 21eko bilkuran, hondakinen tasa igotzeko proposamena aurkeztu zen, eta beste tasa batzuei buruzko xehetasun gutxi eman ziren, honen ondorioz oposizioko zinegotziek ezin izan zuten dagokion analisi sakona eta zorrotza egin.

"EAJ-PNVk zorroztasunez eta gardentasunez egin du bere lana, igoerak kalkulatuz eta datuak aztertuz, baina gobernuak oposizioarekiko eta herritarrekiko errespetu falta erakutsi du. Erabaki fiskalak argiak eta bidezkoak izan behar dira, eta kasu honetan, ez dira izan", adierazi dute EAJ-PNVko Zizurkil udal taldetik.

EAJ-PNV Zizurkilek argi utzi du ez duela udal gobernuaren proposamena babestuko. Taldearen ustez, gardentasun eta igoeraren justifikazio ezak eta gobernuak ordenantzak zuzentzeko aukerarik ez izanak arrazoi nahikoak dira Zizurkilgo bizilagunei kalte egiten dien proposamen bat baztertzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...