Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aldundiak eta Zarauzko Udalak ‘Zarautz Oinarrian’ ekosistema abiatu dute, gizarte-inklusiorako arreta komunitario eta integratuaren eredu berritzailea
Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Xabier Txurruka alkateak hiru baliabideak bisitatu dituzte, gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta pertsonalizatua eta komunitarioa emateko martxan jarri direnak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak ‘Zarautz Oinarrían’ proiektuaren aurrerapenak aurkeztu dituzte gaur. Proiektu hori gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta komunitario eta integratua emateko esperientzia berritzailea da. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak baliabide berria eta bertako zerbitzuak bisitatu dituzte Zarautzen, eta lankidetza-eredu horren garrantzia azpimarratu dute, erakundeen arteko lankidetza eta komunitatearen inplikazioa indartzen baititu gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan.
Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “persona guztien ongizate integrala” sustatzea da Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia”. “Eta ‘guztiak’ esaten dugunean da ‘guztiak’. Gure herrietan eta auzoetan ere baditugu beren bizitzetan egoera konplikatuak eta gogorrak bizi dituztenak, bazterkeria egoera larria bizi dutenak. Gizarte gisa ezin ditugu ahaztu eta ez dugu haietaz ahaztu nahi. Justu alderantziz, Zarautz Oinarrian bezalako egitasmo berritzaileekin, nahi diegu eskaini babesa eta zaintza pertsonalizatua, beren autonomia indartuz, urratsez urrats beren bizitza proiektua berreraiki dezaten”, gehitu du.
Ahalegin horretan, baliabide “eredugarria” abiarazi izana aitortu dio Zarautzi Mendozak, ez bakarrik “erabat pertsonalizatua” den “inklusiorako espazio integrala” aktibatzen asmatzeagatik, baizik eta bertako lanketa “erabateko lankidetzan” gauzatzen ari delako. “Gaur eta biharko zaintza eta gizarteratze beharrei erantzuteko, funtsezko balioa da lankidetza, Gipuzkoako gizarte politiken oinarrian dagoena. Erakundeak eta gizarte eragileak bat eginik beharrizan sozialei erantzutea, modu berritzailean eta komunitatearen partaidetza bilatuz, beti”, balioa eman dio.
Bestalde, Xabier Txurruka alkateak adierazi du “ekimen berritzaile honek pertsonen gizarteratze-beharrak jartzen dituela erdigunean, eta Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetzari esker, harreman-loturak —prozesu hauetan hain garrantzitsuak direnak— mantendu egiten direla gizarteratze-prozesu osoan zehar. Garrantzitsua da erakunde guztien baliabideak sortu ziren helburu nagusiaren zerbitzura jartzea: pertsonen zaintza integrala, edozein dela ere haien egoera.”
Hausnarketa- eta diagnostiko-prozesu bateratua
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Elkar-EKIN Gizarteratzeko II. Planaren barruan sartzen da. Plan horrek prebentzioa, aktibazio komunitarioa, parte-hartze soziala eta arretaren pertsonalizazioa azpimarratzen ditu, bai eta gizarte-zerbitzuen artikulazio, berrikuntza eta gobernantza partekatua ere.
"Zarautz Oinarrían" Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zarauzko Udalak eta udalerriko gizarte-erakundeek kalteberatasun-, arrisku- edo bazterketa-egoeran dauden pertsonen arretari buruz egindako baterako hausnarketa- eta diagnostiko-prozesu batetik sortu da. Lan partekatu horretatik abiatuta, eredu bat diseinatu da, arreta eta laguntzen hornidura hobetzeko, eskura dauden baliabide publikoak optimizatzeko eta pertsona bakoitzarentzat pertsonalizatuak, jasangarriak eta zentzudunak diren inklusio-ibilbideak garatzen laguntzeko.
Hiru baliabide: eguneko zentroa, etxebizitzak eta gaueko harrera
2023ko otsailean jarri zen martxan Etxetik programa, eta hurrengo hilabeteetan, modu mailakatuan, gainerako zerbitzuak aktibatu ziren: SEFAC, gizarteratze-beharrak artatzeko Eguneko Zentroa eta Oinarrian Habitat etxebizitza lagunduak.
Horrela, proiektuak hainbat baliabide osagarri sortzea eta abian jartzea ahalbidetu du:
Zortzi eta hamar plaza arteko eguneko zentro bat. Baliabide horrek eguneko arreta eta akonpainamendu komunitarioa eskaintzen dizkie bazterketa-egoeran dauden pertsonei, haien autonomia, parte-hartzea eta lotura soziala sustatzeko.
Laguntzadun bi etxebizitza, bost plazarekin, gizarte-bazterketako egoeran dauden eta laguntza pertsonala eta harreman-laguntza egonkorra behar duten pertsonentzat. Espazio horiek aukera ematen dute bizikidetzan, hurbileko laguntzan eta loturak berreskuratzean oinarritutako inklusio-prozesuak garatzeko.
Bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzako gaueko harrera-zerbitzua den "Etxetik" udal-programa sendotzea, hamar plazarekin, bost plazako tutoretzapeko bi udal-etxebizitzatan banatuta. Programa horrek laguntza-sare hori osatzen du eta kalteberatasun-egoerei modu integralean heltzea errazten du.
Horrela, 2023tik, 60 pertsona baino gehiago artatu dira baliabide eta zerbitzu desberdinetan. Une honetan, 23 pertsona ari dira baliabide ezberdinetan arreta jasotzen. Hiru baliabide horiek arreta-sistema koordinatu bat osatzen dute. Sistema horrek laguntza espezializatua eta hurbiltasun komunitarioa konbinatzen ditu, eta laguntzen tokiko ekosistema bat sortzea sustatzen du. Ekosistema horretan, udal-zerbitzuek, foru-baliabideek eta herritarren sareek modu osagarrian jarduten dute. Ereduak laguntzen jarraitutasuna, ibilbide pertsonalizatuen koordinazioa eta erabiltzaileen parte-hartze aktiboa bultzatzen ditu beren gizarteratze-prozesuan.
Lankidetzazko gobernantza
"Zarautz Oinarrían" proiektuak foru- eta udal-mailen arteko lankidetza-gobernantzaren ikuspegia ere jasotzen du, Zarauzko Udaleko eta Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko ordezkariek osatutako batzorde politiko-tekniko bat sortuz. Organo hori arduratuko da proiektuaren jarraipenaz eta garapen funtzionalaz, inklusiorako lurralde-estrategiekiko koherentzia eta indarreko arau-esparruarekiko egokitzapena bermatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabide ekonomikoak bideratu ditu beharrezkoak diren ekipamenduak egokitzeko eta aurreikusitako zerbitzuak abian jartzeko, barne hartuta gizarte-zerbitzuetako zentroetan inbertitzeko eta akonpainamendu eta laguntza-talde profesionalak kontratatzeko dirulaguntza-lerroak.
Ikuspegi operatibotik, modeloa pertsona ardatz duen arretan, kudeaketa-prozesuen desburokratizazioan, hurbiltasunean eta erantzunen malgutasunean oinarritzen da. Helburua da intentsitate aldakorreko laguntzak eskaintzea, pertsona bakoitzaren premien arabera, zerbitzuen zatiketa saihestuz eta esku-hartzeen koherentzia eta jarraitutasuna bermatuz.
"Zarautz Oinarrían", azken batean, esperientzia pilotu bat da, Urola Kostako eskualde osorako eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetarako erreferente izan nahi duena. Ikuspegi integral eta komunitarioak gizarte-zerbitzuen eredu berri baten oinarriak ezartzen ditu, arinagoa, kolaboratiboagoa eta jasangarriagoa, pertsonen benetako inklusiora eta komunitate solidario, berdinzale eta inklusiboak indartzera bideratua.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


