Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/22

“EH BILDU bi urtez gobernatu ondoren, Bergara Debagoienaren azken ilaran geratzen ari da eta kutsu autoritarioa hartzen ari da”, ohartarazi du EAJ-PNVk

“Ekintza eza, proiektu garrantzitsuak aurrera eramateko gaitasunik eza eta zerbitzu publikoaren anbizio falta izan dira gobernu honen joera nagusiak”, adierazi du Mikel Lete bozeramaleak
“EH BILDU bi urtez  gobernatu ondoren, Bergara Debagoienaren azken ilaran geratzen ari da eta kutsu autoritarioa hartzen ari da”, ohartarazi du EAJ-PNVk

Legegintzaldiaren erdialdean, EAJ-PNV udal taldeak EH Bilduren udal gobernuaren kudeaketaren balantzea egin du. Emaitza kezka handia da udal-arlo guztietan, baina  batez ere adinekoak eta pertsona zaurgarrien zaintzan, etxebizitzari edo kultura- eta kirol-zerbitzuei dagokienez. EAJren ustez ere larria da herritarren parte-hartzearekin gertatzen ari dena: “Kontrako iritziak entzuten dituztenean, parte-hartzea amaitzen da eta beraien ingurukoekin hartzen dituzte erabakiak; jai batzordean eta Arrizuriagaren kasuan gertatu da, besteak beste". Jarrera horiek ikusita, jeltzaleek gobernu taldearen “kutsu autoritarioa” salatu dute.

Etxez etxeko zaintza zerbitzua eta eguneko Arin zentroari dagokienez, udal taldeak gogor kritikatu du bi urteko gobernuaren ostean, hobekuntzarik gabe atera izana etxez etxeko zerbitzuaren esleipena. “Zerbitzu hori hobetzeko hainbat proposamen egin ditugu, baina EH BILDUk nahiago izan du ezer ez egitea eta dagoenetan uztea, utzikeriagatik eta kudeatzeko ezintasunagatik”, adierazi dute. Jeltzaleek alor honetan egindako proposamenen artean, gaueko zerbitzua, etxez etxeko zerbitzuan otordu-zerbitzua eta ARIN eguneko zentroko zerbitzuak egun osora zabaltzea.                                                                                    

Bergarako arazo nagusietako bat etxebizitza eskuragarrien falta dela gogorarazi ondoren, batez ere gazteentzat, EAJk etxebizitza-eredu publiko bat bultzatzeko beharra azpimarratu du. “Une honetan, Bergaran sustapen pribatuko etxebizitzak eraikitzen ari dira, baina sustapen publikokoak ere behar dira, ez bakarrik erdigunean, baita auzoetan ere; eta udalek jarri behar dituzte Eusko Jaurlaritzaren esku arazoari aurre egiteko lurrak”, azaldu dute. “EH BILDU Euskadiko foro guztietan gai honi buruzko salaketak egiten ari da, baina badirudi arazoa Bergaran ez dagoela edota ez dela beren ardura”, gaineratu dute.

Ipintzako aldagela berriak eta harmailak konpondu gabe jarraitzen duten arazoak dira. “Hirugarren aurrekontuaren atarian, instalazio horiek egiten edo amaitzen egon beharko lirateke, baina, egia esan, oraindik ez dugu inolako hornidurarik udal-kontuetan obra hori egiteko (harmaila eta aldagela berriak, bilera-gelak, gimnasioa...)”, adierazi dute.

Bestalde, “EH Bilduk gobernatzen du beretarrei “mesedezko tratuak emanez”, Elikaenea proiektuaren esleipenarekin eta Azokaren dinamizazioarekin -400.000 eurorengatik- Ereindajani, beste enpresa batek aurkezteko aukerarik izan gabe. “Horrelako ekintzek zalantzan jartzen dute gardentasun politikoa eta konkurrentzia publikoa”, ohartarazi dute.

Horrez gain, jolas-parkeak zaharkituta eta abandonatuta daudela kritikatu dute jeltzaleek; eta “jolas-parke bat estaltzeko proiektua kaxoian sartu dute, ordaindu ostean”. Martokuaren eraberritzeak, Simon Arrieta plazaren konponbideak, Bergarako mugikortasun planak edo aparkaleku arazoak ere egiteke jarraitzen dute.

Azkenik, “gauzak nola ez diren egin beha”" erakusten duten adibideak daudela esan du EAJko taldeak: Arrizuriaga eraikina. “Eraikinak zer proiektu har ditzakeen jakin gabe egin dira obrak, eta ez die inolako irtenbiderik emango Bergaran dauden kultur taldeen beharrei, batez ere musikalei”, amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...