Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Antzuolan 2026ko aurrekontu eta ordenantza fiskaletarako proposamenak aurkeztu ditu, herritarren ongizatea eta bizigarritasuna ardatz hartuta
Josu Aranguren: “Herritarren bizitza errazteko eta herria biziberritzeko garaia da, ez diru gehiago biltzekoa”
Antzuolako EAJ-PNVk aurkeztu ditu 2026ko udal aurrekontu eta ordenantza fiskalen inguruko proposamenak, helburu argi batekin: udal politika fiskala bidezkoagoa, sozialagoa eta herritarren ongizaterako eraginkorragoa izatea. Oposiziotik, talde jeltzaleak “zuhurtasun ekonomikoa eta ekitatea uztartzen dituzten neurriak” proposatu ditu, herritarrei laguntzeko eta herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko.
Josu Aranguren Antzuolako EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu duenez, “udalaren eginkizuna ez da dirua pilatzea, herritarren bizitza erraztea baizik. Udalak badu gaitasuna neurri zuzen eta eraginkorrak hartzeko, batez ere etxebizitzan, energiaren erabileran eta tokiko ekonomian. Horixe proposatzen dugu: Antzuola herri bizigarriagoa eta solidarioagoa izatea”.
Proposamenen artean, etxebizitza hutsen zentsu erreal bat egitea nabarmentzen da, gaur egun benetan erabilera duten eta hutsik dauden etxeak bereizteko. EAJ-PNVk proposatu du urteetan hutsik eta erabilerarik gabe dauden etxebizitzek %150eko zerga igoera izan dezatela, erabilerarik ez duten etxeak merkatura ateratzeko pizgarri gisa. Aldiz, legez alokatuta dauden etxeei lau urtez %50eko hobaria ezartzea eskatzen du, alokairu legala sustatzeko eta herrian etxebizitza eskuragarri gehiago egon daitezen.
Arangurenek adierazi duenez, “etxebizitza ez da luxua, oinarrizko eskubidea da. Udalak neurriak hartu behar ditu herrian bizitzeko aukera izan nahi duten gazteei eta familiei bidea errazteko. Hori da gure lehentasuna.”
Energia arloan, EAJ-PNVk proposatu du autokontsumo eta efizientzia energetikoko inbertsioak egiten dituzten herritarrek %10eko dirulaguntza jasotzea. “Energia aurrezteko edo energia berriztagarrien alde egiten duen herritarrak udalaren babesa izan behar du”, azaldu du bozeramaileak.
Horrez gain, ibilgailu garbien erabilera sustatzeko neurriak planteatu dituzte: %95eko hobaria ibilgailu elektrikoentzat edo hidrogenoz dabiltzanentzat, eta %75ekoa hibrido entxufagarrientzat.
Tokiko ekonomia eta komertzioa biziberritzeko, talde jeltzaleak proposatu du %90eko hobaria lokal komertzialetan egiten diren egokitzapen eta hobekuntza obretan, baita lokalak etxebizitza bihurtzeko lanetan ere. “Merkataritza txikia Antzuolako bizitzaren bihotza da. Udalak ez du zailtasunak jarri behar, aukera eman behar du berrikuntzarako eta jarduera ekonomikoa biziberritzeko”, nabarmendu du Arangurenek.
Gizarte-politikan, EAJ-PNVk eskatu du ur eta zabor zerbitzuetan %50eko beherapena ezartzea RGI jasotzen duten familientzat, “udal tasen bidezko ikuspegi solidario baten barruan”. “Inor ez dadila atzean geratu. Zerbitzu publikoak behar diren guztien eskura egon behar dute, eta hori ez da gastua, inbertsioa da”, gaineratu du bozeramaile jeltzaleak.
Azkenik, talde jeltzaleak adierazi du bere proposamenak eraikitzaileak eta elkarrizketarako irekiak direla. “Ez dugu gobernuari aurka egiteko egiten; herriaren alde egiten dugu. Udalaren ardura da herritarren ahotsa entzutea eta zentzuzko akordioetara heltzea. Gure proposamenak horretarako tresna dira”, amaitu du Arangurenek.
Nabarmenak...
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13