Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/21

EAJ-PNVk legealdiaren lehen bi urteei buruzko balantze gazi-gozoa egin du: “Hernani hobetzen erabakigarriak izan gara, baina EH Bilduren norabideak oraindik ere kezka eragiten digu”.

Talde jeltzaleak benetako hobekuntzak bultzatu ditu; besteak beste, Goiz-Eguzkiko erabilera anitzeko espazio estalia, Puerto-Elizatxo–Kaxko igogailuaren irtenbide optimizatuari lotuta, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berria eta hondakinen alde biko mahaia. Aldi berean, gobernu-taldeari eraginkortasun handiagoa eta anbizio gehiago eskatu dizkio beste eremu estrategikoetan.
EAJ-PNVk legealdiaren lehen bi urteei buruzko balantze gazi-gozoa egin du: “Hernani hobetzen erabakigarriak izan gara, baina EH Bilduren norabideak oraindik ere kezka eragiten digu”.

Hernaniko EAJ-PNVren udal taldeak legealdiko lehen bi urteen balantzea egin du, garai hau gazi-gozotzat joz. Jeltzaleek nabarmendu dute beren lana funtsezkoa izan dela herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko.

EAJ-PNVren inplikazioari esker lortutako aurrerapenak

Legealdi honetan, EAJ-PNV erabakigarria izan da gaur egun hernaniarren bizitza hobetzen duten proiektuak aurrera ateratzeko:

• Goiz-Eguzkiko erabilera anitzeko espazio estalia: 2025eko aurrekontu-akordioaren ondorioz, jeltzaleek erabilera anitzeko pabiloi bat sortzea bultzatu dute adinekoen etxearen inguruan, adinekoentzat zein kirol-jardueretarako pentsatua. Garapen horri lotuta, EAJ-PNV erabakigarria izan da Puerto-Elizatxo eta Kaxkoa lotuko dituen igogailuaren ingurunearen diseinua optimizatzeko, inguruko mugikortasun bertikaleko urte luzeko arazoa konponduz eta Goiz-Eguzki hernaniar guztiengana hurbilduz.

• Hondakinen alde biko mahaia eratzea: lorpen jeltzalea, murrizketa, berrerabilera eta birziklapen sistemen hobekuntzei ikuspegi teknikotik heltzeko. Helburua hondakinen kudeaketa udalerriko benetako beharretara egokitzea da, EH Bilduk inposatutako Atez-Ateko bilketa-sistema ezabatu edo aldatu gabe.

• Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza malgutzea: EAJ-PNVk urteetan bultzatu eta defendatutako neurriak orain argia ikusi du, eta udalerrian etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko aukera berriak irekiko ditu.

• Neurri zuzentzaileak Ekotraderen Jauregiko proiektuan: Jeltzaleek eskatu eta lortu dute etorkizuneko lur-kudeaketa plantari lotutako hirigintza-, ingurumen- eta segurtasun-bermeak ezartzea, inguruneari eta auzokideei eragingo dien inpaktua ahalik eta gehien murrizteko.

EAJ-PNVri zalantzak sortzen jarraitzen dioten gaiak

Dena ez da albiste ona, ordea. EAJ-PNVk ohartarazi du gobernu-taldeak ez duela aurrerapausorik eman funtsezko hainbat proiektutan:

• Zinkoenea oinezkoentzat egitea: 2025ean proba pilotua egiteko aurrekontu-konpromisoa hartu arren, ez da aurrerapausorik eman.

• Kulturgune berria: EAJ-PNV ez dator bat EH Bilduk aukeratu duen kokapen berriarekin; izan ere, EH Bilduk Kaxkoaren erdi-erdian kokatu du kultur ekipamendua, eta jeltzaleen proposamena lurpeko aparkalekuaren gainean oinezkoentzako plaza estalia eraikitzea zen. Aldaketa EH Bilduren baitan gertatu da, 2011n Urbieta kalearen amaieran kokatzea onartu baitzuten. “Zergatik ez duzue urte hauetan guztietan gauzatu?”, galdera egiten dute.

• Kaxkoko lurpeko aparkalekua: EH Bilduk 2022ra arte ez zuen beharrezkotzat jo aparkaleku hori eraikitzea, baina 2011n beraiek onartu zuten. EAJ-PNVk beti mantendu du aparkaleku hori egin behar zela auzokideei zerbitzua emateko eta tokiko merkataritza sustatzeko. “14 urteko atzerapena daramagu”, adierazi dute.

• Udalerriko mugikortasuna: Jeltzaleek gogorarazi dute EH Bilduk duela urte batzuk aldebakartasunez bultzatutako aldaketek ez zutela zorroztasun teknikorik ezta adostasun sozialik ere, eta herritarrak ez daude konforme. Egiteke dagoen berregituraketari ezin zaio ekin Hernani osoan aparkaleku-arazoa konpondu gabe, funtsezkoa baita udalerri osoko trafikoa eta fluxuak antolatzeko.

EAJ-PNV ez dator bat EH Bilduren kudeaketa-ereduarekin

EAJ-PNVren arabera, hainbat arlotan nabaria da atzerapena eta EH Bildurekin duten desadostasuna. Etxebizitza lehentasunez tratatzen bada ere, gobernu-taldearen geldotasunak erakusten du ez dagoela hirigintza-kudeaketa azkar eta eraginkorra egiteko gaitasunik. Gainera, kezka dute Udaletik kanpo, administrazioaren parean, funtzioak bikoizten dituzten egitura eta dinamiken hazkundea dela eta.

• Etxebizitza: Florida 08 (AMR) eremuaren garapenak 12 urteko atzerapena darama. “EH Bilduren burugogorkeriak eta aurreikuspen faltak ekarri dute, azkenean, EAJ-PNVk zenbait legegintzaldiz defendatu dugun bidea hartzea”, adierazi dute. Jeltzaleek anbizio handiagoa eta politika aktiboak eskatu dituzte etxebizitza-eskaintza berria sortzeko: “Ez da nahikoa Hernani tentsionatutako udalerria izendatzea; eskaintza berria sortu behar dugu, adibidez, lurzoru eraikigarria erosiz eta eraikiz”.

• Hernani Burujabe eredua: EAJ-PNVren iritziz, Udalaren parean sortutako egiturek funtzioak bikoizten dituzte, kudeaketa garestitzen dute eta instituzioetan hartu beharko liratekeen erabakiak Udaletik kanpo hartzen direla salatu dute. “Hernaniar guztien parte-hartzea beharrezkoa da, baina lan instituzionala  ez du ordezkatu behar. Elkartegintza eta auzolan eredua esparru askotan egon da eta arrakastatsua izan da Hernani hobetzen; erabat babestu eta bultzatzen dugu. Baina Udalaren eskumenak ordezkatzen dituzten egituren aurka gaude”, azpimarratu dute.

«Oposizio baliagarria eta eraikitzailea izaten jarraituko dugu»

Mikel Gurutzeaga Zubillaga, bozeramaile jeltzaleak, gogorarazi du legegintzaldi honetan EAJ-PNVk jarrera eraikitzailea, arduratsua eta erabilgarria” erakutsi duela, eta horri esker 2025eko aurrekontuak onartu ahal izan direla. “Elkarrizketatik lan egiten jarraituko dugu; baina, aldi berean, Hernaniren garapena atzeratzen duten kudeaketa-gabeziak ere seinalatuko ditugu”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...