Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ordenantza fiskal progresiboago batzuetara saltoa emateko proposamena aurkeztu du Elgetako EAJ-PNVk
Jeltzaleek zerga-hobariak eta zabor-tasa ardatz dituen hainbat egokitzapen eta lanketa ere mahaigaineratu dizkiote udal gobernuari
Elgetako EAJ-PNV udal taldeak 2026rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du eta, gaur egungo koiuntura ekonomikoari eta udaleko egoera finantzarioari erreparatuta, KPIaren araberako igoera orokorra aplikatzea egokia ikusiko luke (Gipuzkoako urte arteko batez besteko KPIa % 2,5 urtarrila-abuztua). Horrekin batera, hainbat egokitzapen eta lanketa fiskal mahaigaineratu dizkiote udal gobernuari, “Elgetako bizilagunen egungo beharrei eta egoera sozioekonomikoari erantzuteko helburuarekin”, Mikel Larrea zinegotzi jeltzaleak adierazi duen moduan.
"Datorren urterako egin dugun planteamendua gure herriko errealitate sozial eta ekonomikoari egokituta dago. Gure asmoa elgetarrek beren egoeraren araberako zerga-kargak edukitzea da, eta horregatik gaurkoa fiskalitate sustatzaile, justu eta berde baterantz pauso bat gehiago da", azaldu du Larreak. Alderdi jeltzalearen proposamenak jasotzen dituen hobari-egokitzapenak ondorego hauek dira, besteak beste:
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): Bizitegi-erabileraz bestelako erabilera duten eta eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak instalatzen dituzten higiezinen kasuan, 30 zergalditako hobariaren aplikazioa hamarrera murriztea eskatu dute. Jeltzaleen ustetan, epe hori “hobeto” egokitzen da sistema hauen “bizitza-erabilgarriari eta teknologiaren eboluzioari”.
Bestalde, zerga honetan etxebizitza hutsei aplikatzen zaien % 75eko errekarguari lotuta, Larreak esan du EH Bilduren politika “okerra” dela: “Udalak ezin dio etxebizitzaren arazoari neurri zigortzaile eta diru-biltzaile batekin aurre egin bakarrik. Guk gainerako erakundeen lankidetzarekin eta sustapenarekin uztartu behar dela sinesten dugu”. Horrenbestez, EAJk “gogo handiz” espero ditu udal gobernuarekin adostu zuen etxebizitzaren egoerari buruzko azterlan integralaren emaitzak. “Etxebizitza politika eraginkorra eta koherentea egiten hasteko funtsezko tresna izango da”.
Ibilgailuen Zerga (TMIZ): EAJk motor berri ezberdinen araberako hobari-tarteak garatzeko beste planteamendu bat egin du; udal gobernuarekin duela bi urte egindako akordioa jarraikiz, eta EH Bilduk iazko proposamena baztertu ostean. Ibilgailu mota hauei % 75eko hobari orokorra aplikatzearen ordez, jeltzaleek honako banakatzea eskatzen dute:
• Ibilgailu elektriko eta hidrogenozkoak, % 75
• Ibilgailu hibrido entxufagarri eta gas errekuntzakoak: % 45
Gainera, hobari horiek lau urterako izan daitezela eta Udalak ofizioz aplika ditzala nahi dute.
Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ): Zerga honen hobariei dagokionez, irisgarritasun-baldintzak errazteko obrei aplikatzen zaien % 90eko hobari orokorra ere banakatzea proposatzen du talde jeltzaleak:
• Mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak bizi diren etxebizitza partikularretan egiten diren irisgarritasun-obrak: % 90
• Jabekideen komunitateek egindako irisgarritasun-obrak: % 75
Modu berean, jabekideen komunitateko lanetarako % 90eko hobaria ezabatzearen alde azaldu dira, izan ere “komunitateek egiten dituzten obra gehienak fatxadari, teilatuari edo irisgarritasunari lotutakoak dira, eta horietarako badaude jasota dagoeneko berariazko hobariak”, argitu du Larreak.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ): Larreak gogora ekarri du betetzeke dagoen duela bi urteko beste akordio bat; herriko enpresei ikuskaritza fiskala egitea, hain zuzen ere. EAJk eta EH Bilduk agintaldia amaitu baino lehen egitea adostu zuten orduan, “azkena egin zenetik denbora gehiegi pasa delako. Helburua ez da enpresak estutzea, baizik eta udal zergak eta tasak kalkulatzeko erabiltzen diren zerga-elementuak erregularizatzea eta eguneratzea besterik ez”.
Hondakinak jaso, garraiatu eta tratatzeagatiko tasa
Lanketei dagokienez, zabor-tasarena da EAJ-PNVk aurkeztu du aurrena. “Iaz % 35eko igoera gogorra aplikatu genuen Europar Batasuneko zuzentarauari egokitzeko. Orduan arduraz jokatu genuen, eta orain erantzukizun bera eskatzen diogu EH Bilduri”. Jeltzaleek tasa hau igoeratik salbuetsi dadila nahi dute lehenik, eta gero udal gobernuak Mankomunitateari exijitzea zabor-tasa herri bakoitzaren “kostu errealera” moldatzeko metodoa gara dezala bigarrenik: “Ez dauka zentzurik tasa orain eguneratzeak, zerbitzuaren kontratu berriaren esleipena egin barik dagoelako. Gainera, gure kalkuluen arabera Elgetak % 20rainoko beherapena aplikatu ahalko luke zabor-tasan, kostuen banaketa-sistema justu batekin”, nabarmendu du Larreak.
Aurrerapausoa fiskalitate progresiborantz
Alderdi jeltzalearen bigarren lanketa-proposamena “bidezko zerga-politikarekin” dago lotuta. Funtsean, agintaldia amaitzerako, Elgetak zergadunen ahalmen ekonomikoaren araberako hobari-sistema landuta edukitzea dute helburu: “Herriko ordenantza fiskalen progresibotasunean salto bat emateko momentua da. Datozen bi urteak asmo honi forma eman eta indarrean sartzeko abagune ezin hobea direla deritzogu. Justizia eta kohesio soziala daude gure proposamenaren muinean. Amaitzeko, lehen pauso moduan, Udalak 2026an herritarren egoera sozioekonomikoari buruzko azterlan bat burutu beharko lukeela azpimarratu du Larreak.
Nabarmenak...
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13