Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/20

EAJ-PNVk EH Bilduri eskatu dio behingoz inplika dadila Bazkardoko korapiloaren soluzioa eta errepidearen erabateko integrazioa ekarriko dituen proiektuan

Jeltzaleek salatu dute EH Bilduk herritarrei benetako proiektua ezkutatu diela, errealitatea desitxuratuta, eta espektatiba faltsuak sortu dituela

Andoaingo Udalak enkargatutako azterlan teknikoak ondorioztatu du lazoaren proiektua egokiagoa dela bariantearena baino; eta Goenagak salatu duenez “sozializazio prozesuan hori ezkutatu nahi izan da, baita Aldundiak proposamen berriak mahai gainean ipini dituela ere”
EAJ-PNV Andoain

Andoaingo EAJ-PNVko zinegotziek, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, NI eta A-15 errepidearen inguruan Andoaingo Udalak azken asteetan egin duen prozesuaren balorazioa egiteko. Imanol Goenaga bozeramaileak gogor salatu du EHBilduk erakutsitako jarrera: “larria iruditzen zaigu EHBildu gai honetan egiten ari dena. Denbora galtzen ari da, herritarrei espektatiba faltsuak sortu dizkie eta errepidearen arazoari konponbidea ematea alferrik luzatzen ari da. Alkateak eta EH Bilduk ez dakite gai honekin zer egin, eta beste behin ere, denbora irabazi nahian ari dira, andoaindarrei denbora galaraziz”

Jeltzaleek adierazi dute azken hilabeteetan Udalak diru publikoz sustatu duen prozesua manipulazio ariketa bat izan dela, eta helburu bakarra izan duela: errealitatea desitxuratzea eta herritarrei egia ezkutatzea. Goenagak argi utzi duenez, “prozesu hau ez da gardentasunez egin, eta alkateak bere esku duen informazio guztia ez du andoaindarrekin partekatu.”

EAJ-PNVren arabera, Foru Aldundiak aspalditik elkarbanatu du Andoaingo Udalarekin Bazkardoko korapiloa konpontzeko eta errepidea herrigunearekin integratzeko diseinatzen ari den proiektua. Proposamenak, besteak beste, Mindendi osotasunean estaltzea, Kalonge-Bordaberri-Ondarreta arteko bide berria irekitzea, Karabanasen errotonda eta Tolosaruntz irteera berria, eta Txistokitik sarbide berria ezartzea jasotzen ditu. Gainera, Diputazioak zarata eta kutsaduraren aurkako neurria modu integralean aztertzen ari da, Bazkardotik Sorabilaraino. “Proiektu hau alkateak bere bulegoan dauka, baina oraindik ez du herritarrekin partekatu. Ez dira zintzo jokatzen ari, eta ezkutuan ari dira informazio garrantzitsua gordetzen”, azpimarratu du Goenagak.

Jeltzaleek gogorarazi dute, halaber, Andoaingo Udalak berak enkargatutako azterlan tekniko independente batek argi utzi duela zein aukera den bideragarriena. Azterlanak dio lazoaren proiektua egokiagoa dela kasuen %66an, eta bariantearen aukera soilik %33an baloratu dela hobe. Hori dela eta, EAJ-PNVren arabera, Foru Aldundiaren apustua zuzena da, eta Udalak datu hori nahita ezkutatu egin du. “Udalak berak ordaindutako lan baten ondorioak herritarrei erakutsi beharrean, gezurrezko kontakizun bat eraiki dute,” salatu du Goenagak.

Agerraldian, EAJ-PNVk gogor kritikatu du Udalak partaidetza ariketa gisa aurkeztu duen prozesua. Goenagaren esanetan, “ez da benetako partaidetza izan, gezurrezko premisen gainean eraikitako dinamika baizik. Herritarrei irudi faltsua saldu zaie, non bi proiektu egingarri zeudela eta aukeratzeko ahalmena zutela esanez”. Jeltzaleen iritziz, hori guztia demagogia hutsa izan da, eta prozesuak ez du inolako bermerik eduki. Horrez gain, EAJ-PNVk ohartarazi du Udalak momentuz ez duela Foru Aldundiarekin lankidetza edo partaidetza errealik sustatu, nahiz eta arazoaren konponbidea bi erakundeen arteko elkarlanetik etorri beharko dela defendatzen duten.

EAJ-PNVk gezurtatu egin ditu prozesu honetan zabaldu diren mezu ugari. Ez da egia Andoaingo airea Euskadiko txarrena denik, ez eta barianteak kutsadura eta zaratak betirako desagerraraziko dituenik ere “arazoa puntu batetik bestera mugituta ez da konpontzen”. Era berean, jeltzaleek nabarmendu dute bariantearen proiektuak inpaktu nabarmena izango lukeela Belkoain inguruan, eta nekazal sindikatu nagusiak jada aurka agertu direla. “Herriguneko fotomontaje ederrak erakutsi dizkigute, baina ez dugu ikusi Belkoainen egin beharko diren desmonte eta tunelen irudirik,” kritikatu du Goenagak.

Jeltzaleek bere jarrera argi utzi dute: ez datoz bat Andoaingo Udalak azken hilabeteetan garatu duen prozesuarekin, eta EHBildu interpelatu dute arduraz jokatzera, “ezin ditugu beste hamabost urte galdu.”

Bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du, halaber, krispazioa saihestu eta adostasuna bilatzea beharrezkoa dela. “Badakigu arazo honen konponbidea elkarlanaren, negoziazioaren eta adostasunaren bidetik etorriko dela. Derrigortuak gaude elkar ulertzera, eta hori da gure konpromisoa” amaitu du Goenagak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...