Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/26

EAJk herri galdeketa bat eskatu du, jaiak zezenekin ospatzea herriak erabaki dezan

Azken urteetan ezarritako zentsura salatu du eta herritarren ahotsa entzutea eskatu du
EAJk herri galdeketa bat eskatu du, jaiak zezenekin ospatzea herriak erabaki dezan

Elgetako EAJ-PNVren udal taldeak, udal gobernuari herri galdeketa bat egitea eskatu dio, elgetarrak izan daitezen, bigantxekin herri ekitaldiak egiteari buruz erabakiko dutenak. Jeltzaleek salatu dute, Udalaren bermearekin, udalerriko gazte talde bati galarazi egin zaiola horrelako jarduerak bere kabuz antolatzea, eta hori “alde bakarreko erabakitzat eta oso larritzat” jo dute.

Talde jeltzalearen ustez, alde nabarmena dago Udalak horrelako ekitaldietan parte hartu nahi ez izatearen eta beste kolektibo batzuek haien kabuz horiek antolatzea debekatzearen artean. Horregatik, gazte talde horren aldarrikapena babestu dute, elkartasuna helarazi eta “eskaera honetan ondoan izango gaituztela” ziurtatu dute.

EAJ-PNVren ustez, jarrera sektarioak atzean lagatzeko eta herrian benetako eztabaida zabaltzeko momentua heldu da, inposizio eta aurreiritzi barik. “Talde animalista batzuek eta ezker muturreko taldeek sustatutako betoaren kulturari uko egin behar diogu”, adierazi dute. Zentzu horretan, azpimarratu dute ezin direla modu interesatuan sokamuturra edo zezen-jokoak zezenketa batekin berdindu, eta ñabardura barik kriminalizatzeko arriskuaz ohartarazi dute. “Are gehiago, herritarrei galdetzen ez zaienean eta haien iritzia ezagutzen ez denean.”

Gainera, talde jeltzaleak EH Bilduren inkoherentzia agerian laga du, izan ere, uda honetan gai horiek “presarik gabe” jorratu behar direla adierazi baitu gobernatzen duten beste udalerri batzuetan. “Zer dela eta presaka ibiltzea Elgetan?”, galdetu dute. EAJ-PNVren iritziz, ez da bidezkoa, Udalaren inplikazioarekin edo barik, edozein ospakizun alde bakartasunetik eragoztea. “Autoritarismoa da, eta gazteek entzunak izateko eskubidea dute.”

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk biderik onena herri galdeketa bat egitea dela uste du, herriak iritzia eman dezan eta erabaki dezan “zer jai-eredu gura duen; askotariko jaiak eta pertsona guztientzat bermatzeko”. Gogorarazi dute ezker abertzaleak etengabe aldarrikatzen duela bere burua 'herriaren' ordezkari gisa, eta ondorioztatu dute: “Froga dezala. Herriari benetan entzun diezaiola eta herri galdeketa bat antola dezala.”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...