Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/09

Gipuzkoako EAJ-PNVk ziurtatzen du Pasaiako portuaren transferentziak kudeaketa "hurbilagoa, eraginkorragoa eta lehiakortasunarekin konprometituagoa" ahalbidetuko duela

Euskal erakundeek behin eta berriz erakutsi dute Pasaiako portua gertutasunetik eta zuzenean kudeatzeko gaitasuna dutela, haren ahalmenak eta lehiakortasuna areagotuko duena eta Pasaialdearen eraberritze eraginkorra ahalbidetu duena.
Gipuzkoako EAJ-PNVk ziurtatzen du Pasaiako portuaren transferentziak kudeaketa

Eusko Jaurlaritzak Estatu Administrazioari eskatu dio Pasaiako portuaren eskumena eskualdatzeko. Izan ere, Lehendakariak berak adierazi du zuzenean aspaldi hitzartutako konpromiso hori betetzearen beharra, hain zuzen ere, Euskadik eta Gipuzkoak beren portu-azpiegiturak osotasunean kudeatzeko nahia baitute. Gaur egun ez dago oztopo juridiko edo administratiborik eskualdaketa hori gauzatzeko; auziaren irtenbidea borondate politikoaren kontua bakarrik da.

Pasaiak lehiakortasuna galduko lukeela diotenek beldurraren mamua astintzen dute, eta jarrera hori demagogia hutsa da. EAJ-PNVk deszentralizazioan eta lankidetzan oinarritutako kudeaketa-ereduaren alde egiten du; izan ere, kudeaketa gertukoagoa denean, azpiegiturak hobeto funtzionatzen dute.

EAJ-PNVk ez du polemikarik piztu nahi, baina Gipuzkoan lekuko gara Estatuak interes orokorreko hainbat zerbitzuren kudeaketan erakusten duen eraginkortasun eskasaz. Adibide argiak badaude: portua bera, Irun–Brinkola tren-sarea, edo Lezoko plataforma intermodala.

Horrenbestez, EAJ-PNVtik gaitzetsi egiten dugu PSEk portu-eskumenen transferentziari buruz egindako balorazioa, uste baitugu bere jarrera motibazio ideologiko hutsari erantzuten diola: Espainiako portu-sistemaren osotasuna mantendu nahi izatea, eskualdaketa horrek Gipuzkoari eta Euskadiri ekarriko liekeen onuraren gainetik.

Argi utzi nahi dugu portuaren izaera industriala bere horretan mantenduko dela. Helburua da inbertsioak eta operadoreen jarduera babestea, baita indarrean dauden emakidak bermatzea ere. Horrela, Portuak lurraldearen behar ekonomikoen zerbitzura jarraituko du.

Ez da portuaren izaeran aldaketa bat bilatzen, beraz, baizik eta haren kudeaketaren eta titulartasunaren aldeketa. Azken buruan, haren jarduera indartzeko eta dinamizatzeko.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...