Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/08

EAJ-PNV Soraluzek Erregetxeko lurpeko aparkalekuaren proiektuari berriro ekitea proposatu du

Talde jeltzaleak bi solairuko aparkaleku bat eraikitzea eta parke publiko gisa azalera berreskuratzea proposatu du, herritarren gozamenerako
EAJ-PNV Soraluzek Erregetxeko lurpeko aparkalekuaren proiektuari berriro ekitea proposatu du

Joan den irailaren 25ean egindako Hirigintza Batzordean, EAJ-PNV Soraluzeko udal taldeak Erregetxeko orubean lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko proiektua aztertzea eta eztabaidatzea proposatu zuen.

Errealitatea argia da: Soraluzek aparkaleku gabezia nabarmena du, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak plaza berriak jartzeko hiru gune aurreikusten ditu: Arroilen eremua, Olaldea eta Erregetxeko orubea. Lehenengo biek hirigintza-garapen luzeagoa behar duten bitartean, Erregetxe epe laburreko benetako alternatiba gisa aurkezten da.

Jeltzaleen proposamenak helburu bikoitzari erantzuten dio. Alde batetik, 120 ibilgailurentzako gutxieneko edukiera duen bi solairuko lurpeko aparkaleku bat prestatzea. Bestalde, egungo azalera berreskuratzea oinezkoentzako espazio publiko bat sortzeko, bizilagun guztien erabilerarako eta gozamenerako, hainbat zerbitzurekin, hala nola parkeekin, berdeguneekin edo bankuekin.

Iker Aldazabal udal bozeramailearen hitzetan, “proiektu honek hirigune historikoaren barruko esparru estrategiko bat berrantolatzea eta biziberritzea ahalbidetuko luke, autoek bakarrik okupatutako azalera elkargune eta aisialdi gune bihurtuko bailuke. Erregetxe aparkaleku soila izateari utzi eta udalerrirako espazio bizia bihurtzea nahi dugu ”.

EAJ-PNV Soraluzeren ustez, ekimen horrek benetako irtenbidea emango lieke udalerriko aparkatze-arazoei, eta, aldi berean, soraluzetarrentzat espazioak berreskuratzeko atea irekiko luke, hirigune historikoko bizi-kalitatea hobetuz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...