Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/30

EAJ-PNVk babestu egin du lurrak tratatzeko instalazioa Jauregin, EH Bildurekin akordioak lortu ostean

Jeltzaleek lur kutsatu ez-arriskutsuen biorremediazio-plantaren alde egiten dute, kokapenari buruzko desadostasunak gorabehera. Hirigintza eta ingurumen arloko akordioak lortu dituzte eta neurri zuzentzaileak gehitu zaizkio proiektuari.
EAJ-PNVk babestu egin du lurrak tratatzeko instalazioa Jauregin, EH Bildurekin akordioak lortu ostean

Aurreikusitako Jauregiko kokapenarekin desadostasunak izan arren, eta industria-guneetako beste kokaleku alternatibarik aurkitu ezean, EAJ-PNVk babesa eman dio lurzoru kutsatuak biorremediazio tratamendu-planta baten proiektuari. Lurzoru ez-arriskutsutzat katalogatutakoak kudeatzeko azpiegitura honek 30.000 m²-ko azalera izango du, eta Hernaniko Udalaren eta EKOTRADE enpresaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da. Proiektu honen berri jeltzaleek 2024ko urrian izan zuten lehen aldiz, eta xehetasun handiagoekin 2025eko martxoan. “Uste dugu ekimen estrategiko eta beharrezkoa dela, bai Hernanirentzat, bai Gipuzkoarentzat eta baita Euskadirentzat ere. Lur degradatuak garbitzeko eta gaur egun erabilera gabe dauden espazioak berreskuratzeko aukera emango du, Euskadiko 2030eko hondakin-kudeaketa planarekin eta ingurumen lege berriarekin bat eginez”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

EAJ-PNVk proposatutako eta EH Bilduk onartutako neurri zuzentzaileak

Jeltzaleek azpimarratu dute erantzukizunez ari direla proiektu hau lantzerakoan, beti ere ingurumenaren babesa eta herritarren bizi-kalitatea lehenetsiz.

          1) Hirigintzaren ikuspegitik, eta Jauregiko ingurua etorkizunean ere babesteko asmoz, hurrengo Arau Subsidiarioen berrikuspenetan eremu hau ez dadila industrialde gisa birkalifikatu proposatu du EAJ-PNVk. Helburu honekin, akordio bat sinatu du EH Bildurekin.

          2) Proiektua aurkeztu zenetik oso garrantzitsutzat jo zuen plantara sartzeko ibilbideak egungo bideak ez izatea, kamioien joan-etorrien eragin handia ekiditzeko. EAJ-PNVren behin eta berriroko eskaerari erantzunez, gobernu taldeak GA-06 sektoretik sartuko den bide berri bat proposatu zuen. Horrez gain, bide hori instalazioaren ekoizpen-jarduera hasi aurretik gauzatzea adostu da.

          3) Kanpora isurketarik ez: filtrazio eta/edo presurizazio sistema aurreratuak ezarriko dira, pabiloitik kanpora aire kutsaturik atera ez dadin.

          4) Paisaiaren integrazioa eta inpaktu bisual zein akustikoa murriztea: urbanizazioaren kota ahalik eta baxuena izatea adostu da, industria-pabiloiaren azken altuerak ikus-eraginik txikiena izan dezan. Horrez gain, tamaina handiko zuhaitzek osatutako gerriko berdea sortuko da instalazioaren eta sarbide berriaren perimetro osoan zehar.

          5) Lurren mugimenduak minimizatzea: Kanpozabal harrobi zahar eta ondorengo autoak desegite-jarduerako lursaileko lurren deskontaminazioa bertan egingo da, ingurumen-legeek ahalbidetzen duten neurrian, beharrezkoak ez diren garraioak saihestuz.

          6) Tokiko enplegua sustatzea: Planta berria abian jartzeko egingo diren kontratazio berrien %60 Hernanin bizi diren herritarrentzat izango da, jarduerak ahalbidetzen duen neurrian.

Bestalde, EAJ-PNVk adierazi duenez, “Deigarria egin zaigu hain garrantzitsua den proiektu hau EH Bilduk ez eramatea bere ‘ekimen izarrera’, Hernani Burujabera, eta, gainera, oso komunikazio eskasa izan dela Jauregiko bizilagunekin. Proiektu hau eta beste batzuk ikusita, adibidez Kulturgune berriaren kokapena, badirudi Hernani Burujabe tresna baliagarria dela EH Bilduri interesatzen zaionean. Beste behin ere, agerian geratu da Hernani Burujabe marketin politikorako erabiltzen dela, eta ez herritarren parte-hartzerako benetako jarduera gisa”.

Beti bezala, EAJ-PNVk hernaniarren interesen alde lan egiten jarraituko du. Ildo horretan, jeltzaleek azpimarratu dute euren jarrera arduratsua, eraikitzailea eta gardena dela: "Hernaniarrei jakinarazi nahi diegu EH Bildurekin izandako elkarrizketetan, Hernanirako proiektuaren aldeko gure hasierako jarrera, baina Jauregiko plantaren kokapenaren aurkakoa; kokapen horren aldeko gehiengo absolutuaren errealitatearekin eta Hernaniko eremu industrial batera kokapena aldatzeko ezintasunarekin egin zuela topo, eta, beraz, erantzukizunez, negoziazio bat ireki behar izan genuen ingurumenaren aldetik proiektua ahalik eta gehien hobetzeko eta, gainera, Jauregiren inguruko hirigintza etorkizuna blindatzeko. Aztertu eta hobekuntza garrantzitsuak proposatu genituen Udalaren eta EKOTRADEren arteko hitzarmenari, eta elkarrizketetan ulertu genuen hitzarmena babesten ez bagenuen, gure ekarpen esanguratsuak ez zirela hitzarmenean sartuko, eta, beraz, azkenean, modu arduratsuan proiektuaren alde egin dugu. Hernanik ekimen honen onura jasoko duela uste dugu, baina adi egongo gara kudeaketa arduratsua izan dadin, ingurunearekiko eta herritarrekiko errespetuz ".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...