Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNVk kale-garbiketako langileak babestu ditu
EAJ-PNVk Udal Gobernuari eskatu dio irtenbide bideragarri eta adostu bat bilatzeko ahalegina egin dezala grebaren aurrean
EAJ-PNVko Udal taldea Oñatin babesa adierazi die kale garbiketako udal langileei, irailaren 27tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri baitute, herriko jaien hasierarekin batera. Egoera horren aurrean, jeltzaleek bilera egin dute kale-garbiketako udal-langileen ordezkariekin.
Amaia Erostarbe bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, “langileek denbora daramate haien ezinegona eta Oñatin kalitatezko zerbitzua emateko zailtasunak helarazten. Langile nahikorik ez izateak, hainbat makinetarako lanpostu kualifikaturik ez izateak, baja etengabeek… beren egoera jasangaitza sortzen dute, eta ezin dugu alde batera begiratu”.
EAJ-PNVko udal taldeak gogorarazi duenez, gaur egun, kaleak garbitzeko zerbitzuak “ez dio erantzuten oñatiarrek merezi dutenari”. Esaterako, kaleak oso gutxitan garbitzen dira urarekin, barredora eta zisterna-kamioia erabiltzeko langile gehiago behar baitira. Horri guztiari gabezia materialak gehitzen zaizkio, hala nola zakarrontziak hobetzeko beharra, arazo ergonomikoak baitituzte. Jeltzaleek herriko garbitasunaren utzikeria salatu dute berriki.
Arrazoizko aldarrikapenak
Langileek, zerbitzu duina bermatzeko, EAJ-PNVko udal taldeak “kontuan hartzekoak” jotzen dituen eskari batzuk planteatu dituzte: plantillaren egitura indartzea bi langile gehigarrirekin, 7:25 orduko eguneko lanaldi egonkorra finkatzea eta txandak hobeto antolatzea. “Zerbitzuaren hobekuntza bilatzen duten neurriez ari gara”, adierazi du Amaia Erostarbek.
Udal Gobernuak pauso bat aurrera eman behar du
Oñatiko EAJ-PNVren ustez, ezinbestekoa da Udal Gobernua gatazka honetan modu errealean inplikatzea. “Bide garbiketa funtsezko zerbitzua da, osasun publikoarekin eta gure bizilagunen bizi kalitatearekin zuzenean lotuta dagoena. Ez da onargarria langileriaren ezinegona eta zerbitzuaren prekarietatea hazten jarraitzea Udala pasibo agertzen den bitartean”, salatu du bozeramaile jeltzaleak.
Amaia Erostarbek, amaitzeko, eskua luzatu die, bai langileei, bai EH Bilduren Gobernuari: “EAJ-PNVtik berriro ere prest gaude egoera hau desblokeatzea ahalbidetuko duten adostasunak bilatzen laguntzeko. Oñatik garbiketa zerbitzu eraginkorra, eta langile motibatuak eta aitortuak behar ditu, eta, horretarako, ezinbestekoa da konpromiso irmo eta erreala”.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


