Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/16

EAJ-PNVk Usurbilgo berdeguneen lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea eskatu du

Usurbilgo EAJ-PNVren udal-taldeak mozio bat aurkeztu du, hurrengo osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Udalerriko berdeguneetako lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzuan atzemandako gabeziei konponbidea ematea da helburua, eta udal gobernuak ahalik eta lasterren konponbidea ematea.
EAJ-PNVk Usurbilgo berdeguneen lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzea eskatu du

Jeltzaleen arabera, “2025eko udan agerian geratu da gaur egungo lanek ez dietela erantzuten ez herriaren egungo beharrei, ezta usurbildarren eskakizunei ere”. Desoreka handiak antzeman dira erdigunearen, auzoen eta landa-eremuen artean, baita lanen maiztasun eta intentsitatean ere. Horrek ondorio deserosoak izan ditu: tamaina handiko belar eta sastrakak, mugikortasun-arazoak espaloietan eta pasealekuetan, hiri-altzariaren erabileran oztopoak eta osasungarritasun-arazoak espazio jakin batzuetan.

EAJ-PNVk azpimarratu duenez, Usurbilek parke, oinezkoentzako pasealeku, bidezidor eta berdegune ugari ditu, eta horien mantentze egokia funtsezkoa da herriko bizi-kalitatea, segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko. Horregatik, udal-taldeak ezinbestekotzat jotzen du egungo kudeaketa-eredua indartzea eta baliabide ekonomiko eta pertsonal gehiago bideratzea, kalitatezko zerbitzu eraginkorra bermatzeko. "Gure ustez, berdeguneak behar bezala kudeatzea funtsezkoa da, oinarrizko zerbitzu publikoa da, eta zorrotz eta arduraz kudeatu behar da", azpimarratu dute.

Mozioak bi proposamen zehatz planteatzen ditu:

     1.- Gobernu-taldeari eskatzea berrikusi eta eguneratu ditzala parke, berdegune, bidezidor eta oinezkoentzako pasealekuetako lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzuaren baldintzak, dela baliabide propioekin, dela kanpora ateratako zerbitzuen bidez, honako hauek gehituz: lanetan maiztasun handiagoa, udalerriko eremu periferikoetan intentsitate handiagoa eta plangintza, kontrol eta jarraipen lanen hobekuntza.

     2.-2026ko udal-aurrekontuan lorezaintzara, inausketara eta berdeguneak mantentzera bideratutako partida ekonomikoak hainbat urtetarako gehitzea, zerbitzuaren hobekuntza bermatzeko.

Ekimen honekin, EAJ-PNVk herritarren eskaera argi bati erantzun nahi dio eta bermatu nahi du "Usurbilek gune berde zainduak eta egokiak izatea herritar guztien gozamenerako eta ongizaterako". Jeltzaleek gaineratu dute mozio honekin “Usurbil garbiago, seguruago eta bizigarriago baten aldeko konpromisoa berresten dugula”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...