Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/16

Tolosako EAJ-PNVko udal taldeak positiboki baloratu du Larramendi eta Araba etorbidea Hiribuseko ibilbide berrira gehitu izana, baina aldi berean Iurreamendiko egoitzako geltokia desagertu izana deitoratu du

Talde jeltzaleak ez du begi onez ikusten Iurreamendiko geltokia kentzeko erabakia, bereziki zaurgarria den kolektibo bat zuzenean kaltetzen duelako
Tolosako EAJ-PNVko udal taldeak positiboki baloratu du Larramendi eta Araba etorbidea Hiribuseko ibilbide berrira gehitu izana, baina aldi berean Iurreamendiko egoitzako geltokia desagertu izana deitoratu du

Zaila da ulertzen EH Bilduren udal gobernua harro egotea politika parte-hartzailea egiteaz, kolektibo ahulenen alde eta mugikortasun iraunkorraren izenean, eta horrelako neurri bat hartzea.

Jakina da Larramendi auzoak bere konektibitatea gainerako herrigunearekin hobetzeko eskari bat egina zuela Tolosako Udalean, eta ona da eskaera horri bide eman izana, baina, aldi berean, beharrezkoa zen Iurreamendi egoitzako erabiltzaileekin ere (eta haien familiekin) kontsulta egitea, Hiribusaren berrantolaketak zituen ondorioak neurtzeko. Gure ustez, partaidetza prozesuak aldaketa horien baitan zeresana duten guztiei zabaldu behar zaizkie, eta badirudi kasu honetan ez dela horrela izan.

Gainera, kasu honetan, kolektibo kaltetua ahulenetako bat izan da, adineko pertsonena, eta haien familiena. Argi geratu da zaurgarritasuna ez dela irizpide nagusi bat izan autobusaren ibilbidea birdefinitzeko erabakia hartzerakoan.

Erabaki horretan kontraesan nabarmena dago Tolosako Udalaren Mugikortasun Planari dagokionez, mugikortasun jasangarria eta berdintasunezkoa aipatzen baitira. Mugikortasun Plan horren barruan zortzi helburu daude, eta horietako bat, gutxienez, ez dator bat hartutako erabakiarekin. Honela dio: "Tolosako pertsona guztien irisgarritasuna berdintasunean bermatzea, mugitzeko aukeratutako era edo garraioaren arabera". Erabaki horrek pertsona asko utzi ditu, adinagatik edo baldintza fisikoengatik, lehen herriko erdigunera Hiribusa erabiliz hurbildu zitezkeenak (edo alderantziz), hori egiten jarraitzeko aukerarik gabe.

Talde jeltzalearen ustez, Hiribus zerbitzua esleitzeko kontratu berriak (2026ko maiatzaren 31n sartu beharko da indarrean) barnebildu beharko lituzke ibilbide berriari gehitu zaizkion geltoki berriak, eta baita gutxienez, Iurreamendikoa. Bitartean, EH Bilduren udal gobernuari eskatzen diogu bere erabakiari buruzko azalpen bat eman dezala eta kaltetutako kolektiboari premiazko irtenbide bat eskaini diezaiola.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...