Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/11

Legealdi erdian, EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk ez duela Ordiziarentzako planik, inprobisazioa besterik

EH Bilduren gobernuak HAPOren tramitazioa blokeatuta dauka, ondare historikoa degradatuta, Altamirako igogailuaren irisgarritasun arazoa konpondu gabe, hezkuntza-inbertsioak atzeratuta eta asfaltatze lanak azken unera arte atzeratu dira. Gobernuaren planifikazio faltak herriko etorkizuna arriskuan jartzen du.
Legealdi erdian, EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk ez duela Ordiziarentzako planik, inprobisazioa besterik

Legealdi erdira iritsita, Ordiziako EAJ-PNVk salatu du EH Bilduren gobernuak ez duela erakutsi herriak merezi duen kudeaketa eta planifikazioa. Udal taldearen arabera, herriaren eguneroko arazo nagusiak konpondu gabe jarraitzen dute, eta geldotasunak, inprobisazioak eta konpromisoak faltak Ordiziaren etorkizuna oztopatzen dute. Horren baitan, gobernantza eredua aldatu, eta herritarren premiei erantzungo dien ikuspegi arduratsua defendatzen dute:

     1.- HAPOren tramitazioa blokeatuta: Ordiziak ezin du bere garapen urbanistikoa, etxebizitza eskaintza edo enpresa jarduera behar bezala planifikatu EH Bilduren gobernuak urteak daramatzalako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra geldirik edukitzen.

     2.- Ondare historikoa eta herriko irudia degradatuta: Fatxadak eta hormak pintadez beteta daude, eta ondare historikoa kalteturik. Ez dago planik arazoari aurre egiteko. Ordiziak herri garbi eta zaindua izan behar du, bisitarientzako eta bizilagunentzako erakargarria izango dena, bere nortasuna errespetatuko duena.

     3.- Altamirako igogailuak: EH Bilduren gobernuak ez du konponbiderik planteatu. Irisgarritasun unibertsala herritarren eskubidea da, eta horretan atzeratzeak zuzenean eragiten die auzotarrei.

     4.- Hezkuntza-inbertsioak, berandu: Urdaneta Ikastetxerako 700.000 euro bideratu ziren 2024ko aurrekontuan, baina ez zen ezer gauzatu urte horretan, eta Eusko Jurlaritzaren diru laguntzari uko egin zion urte horretan EH Bilduk, horrela inbertsioak urtebete atzeratzen. Orain ekin diete lanei, 2025eko bigarren sehilerkoan. Hezkuntza eta familien ongizatea lehentasun argia izan behar dira.

     5.- Mantenu eta garbitasun falta: Ez dago mantenu integralik herritarren bizi-kalitatea zaintzeko.

     6.- Asfaltatze lanak azken unera arte atzeratuta: 2024ko asfaltatze lanak, 2025eko ekainean egin dira, gobernuaren planifikazio gabezia agerian utzita. Mugikortasun jasangarria eta segurua ezin da presaka eta azken momentuan egin.

Eta, kritikaz harago, EAJ-PNVk konponbide zehatzak jarri ditu mahai gainean. “Helburua da herritarren eguneroko arazoei erantzutea eta Ordiziaren etorkizuna modu planifikatu eta arduratsuan bideratzea”, diote.

Horregatik guztiagatik, talde jeltzaleak argi utzi nahi izan du oposiziotik ere lanean jarraitzen duela, eta martxan jarri dituen proposamen zehatzak zerrendatu nahi izan ditu:

     1.- Adinekoentzako egoitza berri bat: 2030erako egoitza berria martxan izatea. Horretarako, beharrezko lan administratibo guztiak gaurdanik eguneratu eta abiatzea ezinbestekoa da, atzerapenak ekiditeko.

     2.- Altamirako igogailua: auzoaren eta erdigunearen arteko irisgarritasuna bermatuko duen igogailua eraikitzea. Helburua da herritarren mugikortasuna eta erosotasuna hobetzea.

     3.- Majori Kiroldegiko bigarren faseko obrak: nahiz eta inbertsio handia izan, instalazioak berritu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea, erabiltzaileen beharrei egokitzeko.

     4.- Auzoetako hobekuntzak eta eraberritzeak: Ordiziako auzoak zainduta eta eguneratuta edukitzea, bizi-kalitatea bermatzeko.

     5.- Trenbidea N-I errepidera eramateko proiektua: proiektua gauzatzeko funtsezkoa den HAPOren tramitazioa martxan egotea.

     6.- Kalitatezko enplegua eta jarduera ekonomiko berriak: Ordiziaren dinamismo ekonomikoa eta enplegu duina sustatzea, udalerria bizirik mantentzeko.

     7.- Ordiziako kultur bizitza sustatzea, indartzea, sinergiak baliatuz eta baliabideak modu eraginkorrean egokituz.

     8.- Ordizia txukuna eta garbia: bizikidetza ordenantza berria eta pintaden zein publizitatearen inguruko araudia eguneratzea, herriko irudia hobetzeko eta elkarbizitza sustatzeko.

Aipatutako guztia aintzat hartuta, Ordiziak gobernantza arduratsua eta parte-hartzailea behar duela nabarmen adierazi du alderdi jeltzaleak. “Herritarrak erdigunean jarriko dituen politika: garbitasuna, irisgarritasuna, enplegua, familien ongizatea eta gure ondarearen zaintza lehenetsiz. Horixe da EAJ-PNVk eskaintzen duena Ordiziaren etorkizunerako”, esan du Joseba Aranburu bozeramaile jeltzaleak.

Horrela, EAJ-PNVk bere konpromisoa berresten du herritarren kezkak entzun eta beharrei erantzungo dien oposizio eraikitzailea egiteko. “Gure helburua argia da: Ordizia bizigarriagoa, inklusiboagoa eta oparoagoa izatea, herritar guztientzat aukera berdinak bermatuko dituena”, amaitu dute nabarmentzen.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...