Alderdi Eguna 2025

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/10

Gardentasuna eta koherentzia: Oñatiko EH Bilduren Udal Gobernuan falta dena

Azken hilabeteetan, hainbat epai judizialek errealitate bat jarri dute mahai gainean: Oñatin, EH Bilduren udal gobernuak oinarrizko lan eskubideak urratu ditu.
Gardentasuna eta koherentzia: Oñatiko EH Bilduren Udal Gobernuan falta dena

2024ko maiatzean, justiziak EH Bilduk gobernatzen duen udal-gobernua kondenatu zuen aurretik zuen enplegu finkoa Udalean sartzeko utzi zuen langile bat bidegabeki kaleratzeagatik. Izan ere, lanean hasi eta handik hilabete eskasera kaleratu zuten langilea. Justiziak arrazoia eman zion eta Udala kondenatu zuen hura berriz onartzera edo 30.000 euroko kalte-ordaina ematera.

2025eko uztailean, Oñatiko Udala, EH Bilduk gobernatua, bi epaien bidez zigortu dute mantentze-arloko langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik, udalak ez dizkiolako baldintza seguruak bermatzen.

Bi epai desberdin, ondorio argi bat: lan-kudeaketa eskasa eta laneko prebentzio-politika eza.

Epai horien aurrean, EH Bilduren udal-gobernuak, akatsak onartu beharrean, epaitegiei eta beraiek kontratatutako prebentzio-enpresari leporatu die errua. Jarrera hori arduragabea izateaz gain, oso kezkagarria ere bada: lan-eskubideak babestu beharko lituzkeenak zalantzan jartzen dituelako, eta justiziak eskubide horiek betetzea eskatzen duenean, erantzukizuna besteei leporatzen dielako. Langileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko betebeharra udalarena denean.

Ahots kritiko bakanetako bat EAJ-PNVren udal taldearena izan zen. Talde horrek lehen kasuan kudeaketaren opakutasuna salatu zuen, baita gardentasun falta eta EH Bilduren diskurtsoaren eta bere praktika instituzionalaren arteko erabateko inkoherentzia ere. Talde jeltzaleak gogorarazi zuen, benetan langileria defendatzen bada, bere ondoan egon behar dela eta horrek akatsak onartzea eta zuzentzea eskatzen duela eta ez errua besteei leporatzea.

Halaber, sindikatu nagusien jarrera ere deigarria da. Izan ere, kolore politikoa bestelakoa denean, azkar eta irmo mobilizatu izan dira antzeko egoeren aurrean. Baina Oñatin, EH Bildu da agintean dagoena, eta oraingoz ez da erreakzio publiko esanguratsurik egon: ez kontzentraziorik, ez manifestaziorik, nahiz eta gertatutakoak oinarrizko eskubideei eragiten dien.

Hemen EH Bilduk gobernatzen duelako badirudi denak balio duela. Eta hau ez da alderdien kontua: Udalean egunez egun lan egiten duten pertsonen kontua da, eta pertsona horiek errespetua, duintasuna eta segurtasuna merezi dituzte.

Eraldaketa erreal bat behar dugu Oñatiko Udal kudeaketan: koherentzia handiagoa, gardentasun gehiago eta, batez ere, Udalaren eguneroko funtzionamendua posible egiten dutenekiko errespetu handiagoa.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...